Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

MBA^

Erdiaz gora maiatza, [I]
elorri zuriz harkaitza;
Arantzazun lore dago
maitasunaren zuhaitza,
elorri zuriz harkaitza.

Bizi-aire erabakiz,
maitasunaren atariz,
irme abiatu dira
Anjel Mari ta Beatriz,
maitasunaren atariz.

Kukuak zuhur jotzen du,
maitasuna, esaten du,
bero hozkorra* da eta
ardura guztiz mantendu
maitasuna esaten du.

Egin kargu giroari,
entzun diot kukuari:
bakoitzak behar du beti
adi egon besteari,
entzun diot kukuari.

Maitasuna, onik bada,
ez dago zertan ikara:
katramilarik zailena,
katramila erraza da
maitasuna onik bada.

Elorria maldan gora,
loratuz geroz gerora,
urteak ez dira traba,
bizi gaitezke gustora,
loratuz geroz gerora.

Gogoz opa dizuegu
bizipoz eta sosegu;
zaitezten bata bestea
bata bestearen zeru,
bizipoz eta sosegu.

Bizirik garen artino,
eutsi goiari, animo;
animoa da lehenik
bizitzan obligazino,
eutsi goiari, animo.

Bi hariren hots bera da
maitasunaren balada;
Anjel Mari ta Beatriz
harmonia osoa da,
maitasunaren balada.

Erdiaz gora maiatza,
elorri zuriz harkaitza;
Arantzazun lore dago
maitasunaren zuhaitza,
elorri zuriz harkaitza.

Gaia 1: Laguna
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa