MBA^
Ongi etorri mundura, Mayi*,
ongi etorri polita;
hemen gauzkazu zerbitzatzeko
zeuri begira jarrita.
Esaiguzu zer duzun gogoko
mainak alde bat utzita,
lo pixkatxo bat egin dezagun
ordua bada kasi ta.
Lo, lo... lo, lo... lo, lo...
Noiz etorriko luze etsita
euki gintuzun luzaro,
etorri zinen eta aitamok
poztu gintuzun oparo.
Zeu zara geure zoriontasun,
zeu zara geure itxaro;
barka eiguzu hainbat maitasun,
trata gaitzazu leunago.
Lo, lo... lo, lo... lo, lo...
Kexu zara bai, kexu, maitea,
negar, zotin ta zinkuri,
izango duzu arrazoiren bat
izkutu zaiguna guri.
Baina ez zaitez jarri, laztana,
hain petral eta urduri;
gure ahalegin santu guztia
ezten zaizula dirudi.
Lo, lo... lo, lo... lo, lo...
Ene maiteak arrazoia du
eta ez du nahi isildu;
ene maiteak bere samina
negarrez nahi du azaldu.
Hain jaio baita txiki ta mirrin,
nola daiteke trankildu?
Bere arazoz behar du ihardun,
ez dezatela maspildu.
Lo, lo... lo, lo... lo, lo...
Mayi gurea marruka dago,
aita, hartzazu besotan;
puntuak jartzen ari zaigu ta
erantzuiozu bertsotan.
Atera zazu plazoletara,
pasea zazu freskotan,
txakur zaunka ta hontzen ujuek
ea jartzen dute lotan.
Lo, lo... lo, lo... lo, lo...
Gure maitea, zer behar duzu,
non duzu baina pupua?
Zerk dizu, Mayi, era horretan
garrazten bizimodua?
Kontsola zaiten behar baduzu
eros dezadan zerua,
lasaitu zaitez egin dut eta
San Pedrorekin tratua.
Lo, lo... lo, lo... lo, lo...