Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

AOB^

Otsaila besterik ez da,
baina lurra bizi den
ageriak ematen
hasi da.
Belar-punta berriak zelaietan,
larre-narzisoak
Goikobenta buruko
baso barrenean-eta,
pagadietan zakur-hagin more argiak,
harkaitz-txokoetan muki-belar more ilunak,
sasi bazterretan otsobelarri zuriak.
Otsaila besterik ez da, eta txoriak
aztoratzen hasiak dira:
aspaldi hasia da garraztarro
luzaroan kantari bakar izan duguna,
burubeltxak badihardue pinpinlari,
txantxangorrien kanturik ere entzuten da,
besterik ere hasi da kantuan,
baina birigarroa,
birigarroa entzun dut eta,
otsailaren hamaseia besterik ez da,
zoragarrizko zirrarak eragin nau
Urbiatik bueltan
Aketaindik honuntz nentorrela, [I]
iluntze ataurreko
ordu gris eta horian.
Lurra bizi den ageri goren
alertze puntan ari zen
birigarroa
bizipozaren kantua zoro zioelarik
zirraragarri.

Gaia 1: Izadia
Gaia 2: Bizitza
Azpi-gaia: Izadia: Urtaroa
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa