Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

AOB^

Eta nork esango
eta Bitorianok dio:

— Nahiago erbestean [Kastillan] bizi

Euskalerrian baino.
Erbestean [Kastillan] eguno
ez nuke espero izango
euskerarentzat lekurik.
Ez nuke eskatu ere egingo
euskerarentzat lekurik.
Ixilik nuke biziko
barruko egarria
heriotzeraino.
Ez nintzateke suminduko
erdaldunekin
salmuak erderaz errezatzean.
Eta ez nuke biraorik
esan beharrik izango
hainbeste erderagatik
eta euskaldunagatik
[atzo eta erainegun bezela,
gaur goizean bezela,
oraintxe berton bezela]. (1)
Zeren zeren
Euskalerrian ez bai dut onhartzen [sic]
hainbeste erdera
eta hainbeste erdal era
eta ez eta erderaz goratu
behar dugun Jainkoa bera.
Jainkoa bera ere
ezin bai nezake maite
Herri doakabe hontan: ez bai da
Herri hontako egiten.
Ez bide daki euskerarik,
kruzado eta obispo
erdaldunekin dator,
jende erdaldunekin etorri da beti,
jende erdaldunaren
beharrean balego (2)
gure Jainko izan
ahal izateko.

Gaia 1: Euskara
Azpi-gaia: Euskara: Eliza
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa