Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

AOB^

Lizardi,
olerkiz olerki,
euskal lirikaren mirari,
hiri diat begi,
hiri belarri eta adimen hiri,
irudi, pentsamendu
eta soinuaren maisu horri.

Gazte ninduan oraindik
Virgilio eta Horazio poeta latindarren eta
Fr. Luis Leongo eta Joan Gurutzeko poeta espainolen
zale,
hire "Bihotz-begietan" irakurri nianean,
eta haien zale jarraiki,
gustagarri gertatu hintzaidan,
bertsoaren maneatzaile bikain hintzela ikusi nian,
sakona, trinkoa, dotorea hintzela bikainki,
lirika-bide altu eta berri baten eratzaile argi.

Lizardi,
lirikaren malda erpinetan ikusten haut,
neke eta izerdi,
poesiaren gailurretara bidari,
arnasa handi
eta egitura ederreko,
txukun, inor bada, eta bereizgarri.

Nire urte eta urteetako
miresmena hiri.

Gaia 1: Poeta
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa