Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

AOB^

Lanak ez gaitu atzeratzen.
Badakigu biderik
zailena hartu duguna.
Badakigu gutxi gerana
eta sakabanatuta bizi gerana
geran gutxiko gutxiok.
Baina inoiz
eskutada bat biltzen bagera
gure poza
taldeak irauten duen
bitarte guztikoa da,
eta bitartean
pizten da guregan
erre gabe bizturik
gaduzkan su eder bat,
eta dena da poza,
berez alaitzen den grina
sendo eta
itxaropenez betea.
Eta bana-banaka
lanak ez gaitu atzeratzen.
Eta geran bakoitzak
badakigu biderik
zailena hartu duguna.
Baina inoiz
ezkutada bat biltzen bagera
xakolinaren ospatze
gorri baten tinbalak
dadaratzen gaitute [sic]
nahiaren erreka beroz
etorkizun musika
soinu zoragarritan
bakoitzak ikusten dugun
muga zoragarriena.
Gure irudimenak
udaberriko adar
eta ostro berriz
ikusten dute lurra
eta gure arnasa beroak
mahasti berri bat
sortarazten du
herriaren azal
ibaiez zehartutako guztian.
Mundu berri batez
ari gera ames egiten
eguzki berri bat
euskalerriko zeruan
eta lurrean mahasti
mardularen aihenak
jendea besarkatzen eta erreka gainetako zubietatik behera
eta mahats mordo gozoak.

Gaia 1: EHerria
Azpi-gaia: EHerria: Itxaropena
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa