Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

AOB^

I

Jauna, nekatu egin behar dut,
nekatzera noa.
Ezin nezake luzaroago
itxaroten jardun.
Gizonetan sinistu dut, Zeugan
sinisten dutela dioten gizonetan.
Zeugan sinisten nuelako
sinistu nuen Zeugan
sinisten zutela zioten gizonetan.
Hala da ze, azkenean
Zeugan itxaro dut.
Zeure gizonetan itxaro dutanean.
Jauna, zertan ari zera?
Ez al duzu ikusten
nola uzten gaituzten
Zugan sinisten duten gizonak?
Negar dagigu eta malkoak
aizeak txukatzen dizkigu,
ez Zure gizonak.
Deadar dagigu eta deadarka
legortu dire ahoak;
baina, espero dugun erantzunaren ordez,
ixiltasuna besterik
ez dute guretzat
Zugan sinisten duten gizonak.

Ai
badute bai
mingarriago zaigunik ere:
Zenbat kontseju bare,
destaina baino ere
saminagoa zaigunik.
[Eta, lotsa izpirik gabe,
bildurra,
pobrearen alde
ateratzeko.
Bajuari zuzenbide
egiteko bildurra, lotsarik gabe]. (1)

II

Jauna, zer sinisten dute bada
Zugan sinisten dutela dioten gizonak?
Zenbat sinisten zaituzte
Zeugan sinisten dutela dioten gizonak?
Zugandik kanpo, zer beste gauzatan sinisten dute
Zeugan sinisten dutela dioten gizonak?
Zergatik nahi duzu
Zeugan ez ezik
Zeure gizonetan ere sinistu dezagula?
Ezin ote genezake Zeugan bakarrik sinistu
eta ez Zeugan sinisten dutela dioten gizonetan?
Hola ez genuke Zuganako kexurik izango.
Ez ginake itxaroten nekatuko
nekatzen goazen bezala,
ezin bai dugu luzaroago
itxaroten jardun.

Gaia 1: Otoitza
Gaia 2: Fedea
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa