Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

Ik. Olerkiaren konposizio grafikoa .pdf formatuan

AOB (makinazkoa eta eskuzkoa)^

Gizonak gorputza daroa,
ezer baino lehenagotik daroa gorputza
ezer baino urbilagotik [gertuagotik] nabari du
gorputzaren arazo askotarikoa.
Gorputzak inguratzen du gizona
eta gorputzean bizi da lehenik.
Gorputzean bizi du gizonak gosea ta egarria,
seksuaren irrikia,
ase ezinaren gaitza
ta ase nahiaren antsia.

Gizonak gorputza daroa.
Gorputza du gizonak
burua hartzen diona.
Gorputzak bizi dio
gizona lurreraino (1)
erasten duen nekea.
Gizona ustekabean
iraultzen duen aldartea
gizona oldarrez (2)
jasotzen duen sasoia.

Gorputzaren ontzian
kulunkatzen da gizona.
Gorputzaren kriseiluan
kiribiltzen da bizi nahiz
gizonaren sutargia.
Gorputzaren lurrean
hotzitzen da poza.

Gizonak gorputzean
daki bere kondaira
Behazunaren ur berdea
geldi gabe ari zaio
lur gozoa erretzen
erretenak irikitzen
mami guztiak zehar.
Ganbara bazterrean
berakatzei bezala
ernemina sortzen zaio gizonari
zil-begi orotatik
eta hoitatik hustu doa
ganbarako ilunetan
berakatzak bezala.

Gaia 1: Jendea
Gaia 2: Bizitza
Azpi-gaia: Bizitza: gorputza
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa