Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

AOB (makinazkoa)^

Ezbeharra noiz datorkiguken
ez daukagu ideiarik,
horma zahar baten gainez nindoan,
elurra zen eten barik;
hesi sastar bat horma gainean,
ez neukan nondik pasarik,
hura gaindituz jarraikitzea
erabaki nuelarik,
horra non jausten naizen gainbehera,
Jesus halako plaustarik!,
bertan gelditu banintz ezer ez,
hango jira ta bueltarik!;
modu txarrean amildu gara,
ezin frenatu martxarik.

Ohartu nintzen zokondo hura
paraje gaiztoa zela;
handik nolabait, ahalik azkarren,
atera behar nintzela.
Zutik erabat ezin naiz jarri,
hau kolpearen itzela!
Irten naiz zulo zakar hartatik,
bistan paratu naizela.
Elurra goian-behean ari du,
odola darit epela,
etxerantz jo dut zabu-zabuka
hotzak gogortzen nauela;
haraino ere heldu natzaizu,
larri, mazkal ta horrela. (1)

Ikusi naute etxean eta
estutu dira tamaina. (2)
Medikutara behar dudala
ahal denik bizkorren baina!
Txukundu naute itxura baten,
autoratu naiz helbaina,
Oņatirantza bide zitalez,
izotzez dago, labaina;
hor medikua, begiratu nau,
ez nau aurkitu apaina;
Arrasatera bialdu gaitu,
prest daukagu erizaina.
Raiosetara. Bost hezur hautsi,
despistearen ordaina. [I]

Gaia 1: Biografia
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa