Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

GBB^

Euskaldunen Jainko,
non izkuta zera?
Nola zera desagertu
hain beharreko zaitugunean?
Nola utzi gaituzu
jaramonik ez egiteraino?
Nola ez gaituzu
orain ezagutzen?
Ala ez ote zen Jainko
euskaldunok sinesten genuen Jainkoa? [Euskaldunek sinistu zuten Jaun Goikoa?]
Zer Jainko ziguten
erakutsi orduan
Jainkoz hainbat hitzegin
ziguten elizgizonek?
Zein Jainkoari eman
genion fedea,
morala eta itxaropena?
Zein Jainkoren zerbitzurako
utzi genien joaten
gure seme eta alabei?
Zein Jainkoren izenean
genituan lagundu
hainbat seminario eta komentu? (1) [I]

Euskaldunok ez ginen
sakabanatutako
inork haintzat hartzen etzuen (2)
herri-ondakin bat besterik,
baina Zugan genuen uste osoa [itxaropena],
Zugan eta Zure etxean genituen
gure seme-alabetan. (3)
Baina, Jainko,
begira gertatu dena,
begira zeure izenean
egin digutena:
Zeu zerala-eta
bertabeheratu bide gaituzte.
Jainko, gure Jainko,
zer derizkiozu?
Zer? Onartzen ote duzu
egiten ari direna?
Baina, Jainko,
Zuk ezin zeinke nahi izan
Euskalerriaren ondamen ondamendizkorik. (4)

Gaia 1: Euskara
Gaia 2: Otoitza
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa