DGA-1^
“Maitasuna” esan zuen. Eta bere amarekin oroitu zen, aitarekin, etxekoekin, lagunekin. Maitasuna irribarre gozo bat bezalakoa zela ikusi zuen. Maitasunak, eder eta gozo egiten dituela gauzak eta pertsonak. Gauzak ere eder eta gozo egiten dituela. Maitasunik gabe lehor, elkor, gozorik eta erakarmenik gabeko zela dena pentsatu zuen. Amak zion maitasunak, aitak, etxekoek, lagunek zioten maitasunak, zoriontsu egiten zutela ikusi zuen. Maitasunak maitasuna sortzen zuela ikusi zuen. Gero etxetik irten zenean proba bat egin nahi izan zuen: ea bere irribarreak besteengan irribarrerik sortzen ote zuen eta aurrez aurre zetorren ezezagun bati irribarrez begiratu zion. Puska bat txunditu egin zen aurrez aurre zetorkion hura, baina gero barreantzeko bat egin zuen eta han joan zen aurrera. «Maitasunez begiratzeak, maitasunezko irribarrez begiratzeak irribarrea eta poza sortzen dik jendearengan» esan zuen berekiko. Neuk ere poza sor dezaket, esan zuen, eta gustagarri iruditu zitzaion bere ahalmena. Etxean irribarrez sartu zen eta irribarrez erantzun zioten etxekoek. Eskolan irribarrez sartu zen, eta irribarrez hartu zuten eskolakoek, irribarre egin zion bideko jendeari eta gehienek irribarrez erantzun zioten. Egun hartan jendearekin, nornahirekin maitekor izatea erabaki zuen, zoriontasunaren zabaltzaile izateko gauza zela oharturik.