Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

GEBS^

[Orbelaungo Joseri] (1)
nahi diot kantatu
ta gogoak ematen
didana azaldu;
humore oneko dut
beti ezagutu,
ateraldi bizkorrez
sarri gaitu poztu.

Arimu eta bihotz
handikoa beti,
Orbelaungo Jose nik
hala dut ikusi;
behargin gogorra ta
etxegizon handi,
gurean bagenuen
nahiko esne ogi.

Domekan eleizara
goiztar eta zintzo,
astelenez ferira,
ta ezin galazo;
baina esan behar dut,
sospetxa kentzeko,
beti zala etxean
ilundu orduko.

Astelen batetan behin
ta ilunabarra zan;
trumoia, euria ta
harria be bazan;
ama larri aita nun
ete daka hasi zan
eta errezuari
firme eldu geuntzan.

Halako batean hor
txakurra kariñoz,
urten genuan danok
ama errosarioz;
asarre asko gabe.
“ai Jose bazatoz!”,
aitak barriz amari
arpegi serioz.

Besoak zeruratuz,
konbertitu plantak,
botua egingo neuke,
ta olako gauzak;
amak aitari, berriz,
“Itxi eizuz koplak
eta soinetik kendu
bustitako erropak”.

Hurrengo astelena
etorri zanean
zereginik baegon
Orbelaun aldean;
baina aita or doa
martxa berdinean,
Gernikarako bidez
pauso ederrean.

Amak begiratu dau
etxe kantaletik
serio eta triste
egin dau berbarik.
Ai botua egiten
itxi baneutza nik
etxatan Gernikara
joango gizonik.

Pasadizotxo hori
ta beste bi hiru
gaineko aitzakirik
gure aitak ez du;
Gernikara, ostera,
berba batzuk altu,
eta ipuinak esan
egiak balitu.

Orain bere defentsan
badaukat zer esan,
laister isilduko naiz
ta hasi bei berbetan;
bitartean daiala
poza Gabonetan
eta jardun luzaro
dakian brometan. [I]

Gaia 1: Familia
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa