Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

Pentsakizunak^

Arantzazun ezagutu nuen Antonio Bilbao. 1957/59-ra bitartean zen. Teologia ikasi eta poesiak idatzi-eta egiten zuen. 1959-an utzi zuen Arantzazu. 1960/1-erako urtean soldaduska eta preunibertsitarioa egin zuen. Ez zen unibertsitatean sartu. 1962-z gero Administratibo lana egiten du Ingles-konpainia batean. Homero, Virgilio, San Agustin, Papini-eta irakurri ditu. Sikologia eta Historia liburu batzu ere bai. “Atsegin zait –dio– Darwinen irakatsia eta eboluzioan sinesten dut. Gauza bat daukat zihurtzat: naturala eta sakratua , bat ez badira ere, elkarren ondo-ondoan daudela. Ingurua ez dut mistiko begiz begiratzen, ez naiz mistiko. Antzinako filosofo edo jakituri zaleek aitortzen zuten bezala egia fundamentaltzat dauzkat zerok: Eguzkia, Lurra, Ura eta Airea. (Beharbada Bilbo hontan ez eguzkirik, ez lurrik, ez urik ez haizerik dagoelako)”. Lizardi-saria bitan jaso izan du, 1962 eta 1964 urteetan. Txomin Agirreren omenez Ondarrun 1964-ean ospatu zen Lora-jokuetako saria ere berak eraman zuen. Olerki askoren eta Ipui batzuen egile da, ez bait da alferrik Ipuin Barreka idatzi zuenaren anaia. [I] Inoiz edo behin Zeruko Argian idatzi du. Juan San Martinek Uhin Berri-ko poeten taldean sartu zuen. Gaur arte ez du libururik argitaratu. Gaur, berriz, 1954/57-ra bitartean idazten hasi zen Pentsakizunak agertzera ausartu zaigu, eta zorioneko gaude. Erdal hizkuntzetan bada literatur mota hau eta gutxi asko guztiok irakurri dugu. Euskaraz ere bada haietakoren baten itzulpenik. Baina nik ez dut ezagun euskaraz sortua izan den pentsakizun libururik. Tarteta-marteka irakurtzeko liburu mota sail baten hasera polita litzateke Antonioren hau. Ez dugu gaiez gai sailkatu, egin zitekeena bada ere, egin gabe utz ditekeena ere badelako. Nondinahi zabal zenitzake orriak, edozein ale bait da bere bizitza berea duen hazi bat, egia txinparta bat, gogarte batetarako hari mutur bat. Antonioren euskara Bizkaikoa denez, hango euskalkiaren aztarna asko somatuko duzu; baina ikusiko duzu baita ere Euskaltzaindiaren arauak ahal duen neurrian betetzen dituela, batasunera begira bizi bait da Mungiako Ganbe-n 1937-an jaio zen idazle barrukoi hau.

Fr. Bitoriano Gandiaga

Gaia 1: Idazlea
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa