JAK^(Jakin)
Euskal-poesiaren soroan langille bikaiñak dauzkagu. Oraingo aldi onetan asko ari zaizkigu esnatzen. Eta poztu bearrean arkitzen gera, ni neu beintzat pozik asko nago ainbeste poeta berrien jaiotzearekin. Aitatzen jarri ezkero, luze jardun bearko nuke, maixu eta maixu biurtu diren ikasleak aipatzen jarriko banintzake alegia: Lizardi, Lauaxeta, Orixe, Zaitegui, Iratzeder, Mirande, Aresti eta Gandiaga izendatzen ditu P. Lafitte-k, denak saillean, zaharragoetatik asita aurrera.
Orain Elorri liburuaren egilleari buruz jarduteari lotuko natzaio. Orretarako, A. Gandiaga-ren gelara zuzendu ditut nere pausoak. Izan ere, etxekoa dugu A. Bitoriano Gandiaga.
A. Bitoriano Gandiaga Mendatako Orbelaun baserrian jaio zen. Gaztea da oraindik. Umilla oso, eta apaiz egin zanetik praillegaien irakasle da.
Bere jantzi apalen azpian, biotz aundi bat dauka. Begiak garbiak izadian Jainkoak ixuri dituen arrigarriak ikusmiratzeko. Izan ere, Arantzazu onek ba-ditu Jainkoak jolasetan bezala utzitako amaika txoko eder, ala nola Katabera-n Gipuzkoa osoaren gaiñean irikitzen den balkoi zabala. Artzan-buruko gallurretik berriz, begiak banatu orduko Araba laua, itxaso urdiña, arkaitzak, mendiak, sakonak, erriak... Urbia...
Emendik jaso ditu Gandiagak bere liburua osatzeko tantoak. Ain zuzen, ez dauka Arantzazu zeru zatiak A. Gandiaga-rentzat sekretorik. Eta, Asis-ko Prantzisko deunaren seme on bezala, ez du eder den ezer baztertu. Orrela, prantziskotar izpirituaren frutu otzan goxo bat eskeiñi digu.
Egunero, une oro esango nuke, arnas berri bat ematen dio bere izpirituari. Ain zuzen bere gelara baldin bazijoaz, an arkituko duzu leioa zabalik Arantzazu-ko amildegi auei begira. Beti zabalik, beti Arantzazu-ra datozen txoriñoen kanta zoliak entzuteko prest, gero denak olerki biurtzeko.
Baiña A. Gandiagak biotza du apartekoa. Aundia. Eta bertan dira torre aundiko kanpaiaren barnean burnizko mingaiñak bezala etengabean doñu izultzen [sic].
Bere gorputzean bezela, olerkari sendoa A. Gandiaga. Bere pauso tinkoak ondo emanez urrutira dijoana, mendi auetan urrutira joaten dakian bezala. Eta galtzen ez dena, Arantzazu-ko bideetatik abiatzen denean galtzen ez den era berean.
Nere adiskide Jose Azurmendi jatorrak –bera ere poeta eta idazlea– auxe zidan bein: “Nik euskal poetaen artean Gandiaga Lizardiren parekoa bezala emango nuke, nor den aundiagoa esatera ausartu gabe”. Eta beste norbaitek noizbait: “Geiegizko eskandalua sortuko ez balitz, nik Gandiaga-ren Elorri liburua Lizardi-ren Biotz-begietan beiño [sic] gorago jarriko nuke”. Asko esatea da. Ni ez naiz iñor ez iritzi au baiezteko ez ukatzeko. Bakoitzak du bere burua lepoaren gaiñean; zeazertarako emango zion Jainkoa-k.
Entzun nuen baita Antonio Arrue jaunak Arantzazu-n guretzat eman zuen konferentzi ederra. Bilbao-n emanikoa bera. [I] Onek ere gaur euskaldunen artean ditugun lau poeta onen artean jarri zuen A. Bitoriano Gandiaga-ren izena. Antxe zegoen bera aurrean, Antonio Arruek ziona ezin sinistuz. Baiña egia da, egi aundi, egi soilla.
Poztu nintzan Antonio Arruek zionarekin: Izan ere, gure A. Gandiaga-k ori guztia eta geiago merezi du. Apala delako, benetako euskaldun idazlea delako. Poeta aundia delako. Berak esana dakit: “Edonun bizi izan banintz, ango paraje aiek kantatu bear izango nitun. Neri asko gustatzen zaizkit Bilbao-ko Nerbion errekan dabiltzan gabarra eta ontziak, ango ura... Emen Arantzazu-n nagoalako kantatu dut Arantzazu. Eta Arantzazu au ain txoko latza izaki, nere poema ere “soin gabeko ta eziña da, liburuan diodan bezela”.
Txundituta geratu izan naiz sarritan liburua eskuetan dudala, gogarte luzean. Biotz aundi batean jaio da Elorri.
Iñork au guztia geiegizko gauza dela uste baleza, artu eskuetan eta irakurri. “Tolle, lege” diot nik ere, Agustin deunari ume arek bezala.
+++
— Arantzazu-ren gaiñean liburu bat eman diguzu –Elorri–. Esan al zenezake liburu ori idazteko gogoa noiz erne zitzaizun?
— Mutiko nintzala pentsatu nuan Arantzazu-taz liburu argi ta urdin bat idaztea: letra gutxikin eta tarte zuri askorekin.
— Poesiaz dagoen ezkero, orduan asi al ziñan bertsoak idazten?
— Asi Forua-n asi nintzan neure sentipenak bertsoz ematen.
Olite-n ere idatzi nituan zertxo batzuek: beti norbere kontura ta iñork ikusiko ote zizkidan lotsa aundiz.
— Eta ez al zenizkion iñori erakusten?
— Artean ere, baña ixilpeko gauza bezela beti, lagun bateri edo besterik erakusten nizkien.
— Lagunak zer esaten zizuten?
— Lagunen aldetik beti jaso nituan animuzko itzak. Ezkutuko lantxo oiek agertzera ere lagunak bultzatu ninduten.
— Ez al dizute irakasleak bertsolan orretan lagundu?
— Irakasleak ere, bein nire bertso oiek ikusi zituztenean, asko poztu ninduten ortan jarraitzera.
— Asko idazten al zenuen?
— Ez nuan asko idazten. Asti-uneetan bakarrik. Baña asti-une oiek ere niretzat gutxi izan dira. Beti artu izan ditut edo estudioak edo pralle ta apaiz-eginkizun eta lanak edo tarteka ta noiznai azaltzen diran orri edo ari eldu bearrak edo, bertsoak idaztea baño aurreragoko gauzatzat.(1)
— Beraz, Elorri, karrera guztiko seme duzu?
— Elorri Arantzazu-n egiña det. Opor-aldietan geiena.
— Elorri-rekin asi geran ezkero, agertu itzazu liburu au egitean eman dituzun pausoak.
— Beti izan ditut lagun onak eta beti utzi didade nere idazteko griñari jarraitzen. Beti utzi didate bidean edo aurreratxoago edo atzeratxoago joaten edo neuk aukeratzen nuan arkaitz-gallurrera irtetzen edo maiteago nuan erreka-bazterra edo itur-ondoa edo pagadia aukeratzen.
— Menditik dena eginda ekarriko zenun orduan?
— Toki oietan eta artutako apunteak etxean lantzen eta ontzen nituan gero. Lantze ta ontze kontu ori ez det beingoan bukatzekoa izan. Askotan aztertu ditut askotan desegin, askotan berriztatu.
— Zergatik hori?
— Nere iritziarekin sekula ez naiz lasai egon. Sarri galdetu diet lagunei berena. Bai zenbait gizon argiri ere.
— Jarri itzazu batzuk.
— Guztien izenak aipatzea luze nuke bear bada. Ona emen batzuek: Aita Karmelo Iturria, Aita Kandido Zubizarreta, Aita Omaetxebarria... Baña, batez ere, onako bi auek: Don Manuel Lekuona eta Aita Astigarraga. Aueri agertu nai nieke nire esker ona gaur.
— Zure Elorri-rekin jarraituz.(2) Liburu onetan nortzuk izan dituzu laguntzaille aundienak, laguntzailerik izan baduzu beñepein?
— Lenen Jose Azurmendi anai ta adiskide ona jarri nai nuke. Olerkiak nereak dirala, ari zor diot liburu onetan duten ordena ain ederra. Baita Elorri ori noizbait argitara emateko bultzatu nindutenak ere. Gure Pralle-probintzi-ko nagusi dan Aita Mendia agurgarriak eta argitaratzeko lan eta arazo-pilla guztiak eraman dituan Aita Goitiak. Ez diot zorrik gutxien gazteleraz jarri zidan Aita Pedro Anasagasti poeta eta idazlari argiari. Ari ere eman nion buru austerik asko.
Eta ezin aipatu gabe utzi ain irudi ederrez liburua apaindu zidan Aita Iriondo eta, batez ere, Aita Villasante. Nire iritziz, iñori bada, oni zor diogu Arantzazu-k daukan euskera-mailla. Itzaurrea arena du Elorri-k. Erdi gogoz kontra etorri nintzan liburu ori itzaurrez ornitzera, baña etzait izan mesede gutxiko itzaurre ori.
Beraz, len aditzera eman dizudanez, ekipoan egindako lan bat da. Eta, benetan esaten dizut: Emengo giro au ta emengo laguntasuna izan ez banitu, ez nuan sekula izango olakorik.
— Zer pentsatzen duzu zure lanari buruz?
— Nire ustez, euskal-poesiari liburu bat eman diot, nik al izan detan ongien egiña.
— Euskal-poesiaren gaiñean: zer nolakoa iruditzen zaizu gure poesia?
— Euskeraz poesi on asko idatzi dira. Lizardi, Lauaxeta eta Orixe eta zaarragoetatik asko eta berrietatik ere bai, iñungo edonoren aurrean lotsakizunik gabe azaltzekoak ditugu.
— Atzerriko poetaen artean, nortzuk irakurri dituzu?
— Irakurri erderatik ikaste garaian eta gero ere esku artean erabilli ditudan Horazio, San Juan de la Cruz, Fr. Luis de León, A. Machado ta Juan Ramón Jiménez batez ere.
— Ta euskaldunetatik?
— Euskaldunetatik berriz, gure artean ezaguneak diranak.
— Eskerrik asko Aita Gandiaga, eman dizkidazun erantzunengatik. Segi aurrera zure poeta bidean. Eta ia beste liburu bat, oraingo au bezelako ederra, ematen diguzun. Agur.