Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

PASK^

Bazen gizon bat,Paskual,
begi-luzeena, igual;
gizon harexen historioa
nahi nuke nik kontatu ahal. [I]

Hanka oker, mihi totel,
ez zuhur eta ez ergel,
dena ikusi behar zuen hark,
kuskusari huts, ezkibel.

Basetxe baten bizitzen,
beti zebilen han-hemen,
zuhaitz artean, leiho ondotan,
non zer ikus ahal zezakeen.

Mutil zaharra zen gaisoa,
baldarra zuen pausoa,
bazterrik bazter, etxerik etxe
miatzen zuen auzoa.

Zuhaitz ostetan basoan
Nor-nondik-zen arazoan,
goroldioa irten zitzaion
ia-ia gorputz osoan.

Etxeen izkinaz izkina
hamaika jira egina,
han ari ohi zen leihorik leiho
pixkat baztertuz gortina.

Eskurik ia ez zuen,
poltsikotan ohi zituen;
enbor ta zango luze zelarik
begiz zen nabarmenduen.

Egunez bazen, egunez,
sarritxo zebilen gauez,
isilik eta kontu handiaz,
parajerik gorderenez.

Nexka zein neskatilari,
berdin andre gazteari
begiratuko zion ondotxo
izkututik zelatari.

Ikusi, dena ikusi,
ez du besterik gutizi;
ikusi-ala ikusiz gero
badoakizu ihesi.

Enbor, zango eta begi,
zutik edota eseri,
hor ari ohi da oraindik
ere ikusgarririk baledi.

Zeren ez bait zen hil inoiz
non-nahi liteke edonoiz
non zer ikusi ibili ohi den
kuskusari den arrazoiz.

Gaia 1: Jendea
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa