ARAN^
Ordu luzeak behar izaten ditugu danok eguzkitan kolore pixka bat har dezagun; Aita Gandiaga sorreratik etorri zaigu beltz eta eguzki askoren usaiņean. Begiak ere illunak ditu: bere begirada animaren erraietaraino sartzen da.
Esan leike geienetan ilargian dagola (ez ahal [sic] da illargia poetaren iturri eta ametsa?), baina handik gugana etortzerakoan, ha bai trebetasuna bertsoetan!
Beti presakin, eguna luzatzeko gogoz, hainbeste lan ezberdiņak egiteko naiez. Arantzazu-ko auzoan azaltzen diren arbola gazte gehienak bere besoak lurrean sartu ditu; Oteitza-ren lagun zintzoa danez, baita eskultura edo zerbait antzeko asko ere bere buruan jaio ta bere eskuetatik irten izan da.
Animalien lagun haundi: txakurtxo bati komentuaren klausurako legeak erakutsi dizkio, ta anai txakurrak bere modura abesten ditu Maitiņak.
Batzuetan hasarre bezela agertzen zaigu, bekoki iluna erakutsiaz, baina ez kezkatu: poemaren bat egosten ari da, ta onena ezertxo ere ez esatea, ez dezaion poemak egaz egin; badakizu usoak ariņak ta beldurtiak dirala, ta zarata pixka bat entzunik, berehalaxe iges egiten dutena.
Ibilli ere, aguro ibiltzen da, trankola, baserritar hutsaren legez zeinbat ariņen helduko ote dan bere kabira, han ere berriz aguro ibilli dedin: ez da lasaitasunik bere bizitzan.
Munduko itxaso honetan bere gorputza txalupa batean bezela dabill, olatuen artean hara eta hona.
Inteletuala izan benetan, baina gustatzen zaio baserritarra izatea eta hala aitortzea. Inteletuala benetan: euskal sailletan begiak ipintzen duenak laister ikusiko du han dagola Gandiaga ta ez azkenengoetan.
Sari bikaiņak irabazi ditu, ointsu bat. Liburuak ere egosi ditu ixiltasunean. Zuk eta nik nahi izan gendun bere euskal lanen haria ateratzea. Ta horretarako arpegia eman diot gaur; ezta errexa Aita Gandiagak hitz asko egitea. Egun batzuetan nere galderak maitero pentsatu ditu. Ta horra hor gure alkar-hizketa.
— Sari berri bat irabazi duzu. Nolako saria, non eta nork emandakoa?
— Eusebio Maria Azkue olerkariaren mendeurrena gogoratuz, Euskaltzaindiak antolatu zuen olerki sariketa hau. Saritarako dirua Bizkaiko Arrezki Kutxak jarri zuen: 25.000 pezeta. Azaroaren 11n Lekeition emango da.
— Ez zera zu sariketa hortara agertutako bakarra izango. Ba ahal dakizun zenbat lan izan diren eta nortzuenak?
— Ez dakit gauza garbirik. Zazpi bat lan behintzat izan omen ziren. Arantxa Urretabizkaia eta X. Leterenak izan zirena guztiok dakigu horratik.
— Poesiako saria dena badakit. Baina zenbat eta zelako poesiak bialdu dituzu? Poema bakar bat osatzen ahal dute ala desberdinak dira?
— Txakolinaren 2 ospatze bialdu ditut. Banaka ez ezik biak batera ere batasunik badute. Lehenengo ospatzeak hiru zati ditu eta 150 bat lerro. Bigarren ospatzea ere hiru zatitan dago, baina askoz luzeagoa da.
— Eta zein da heuren argumentua?
— Euskalerriaren eta txakolinaren arteko antza. Euskalerria herri da, herri nahi ta ezina. Txakolina ardo da, ardo nahi ta ezina. Nahiak eta ezinak ematen dio bizitza asekabe ta mikatza Euskalerriari, txakolinari heldu ezinak ematen dion bezala. Eta txakolinak bere mikaztasunakin ahoa ta erraiak erretzen dituen bezala erretzen du arima Euskalerriaren mikaztasunak. Halako zerbait-edo da lehenengo ospatzearen argumentua.
Bigarrena Euskalerriko jende xehearen gorapen bat da. Euskalerri-etxe-aurreko mahats-parrak badu nahiko osperik. Erripan hedaturik dauden mahats-ondoak ahaztu egiten dira berriz, baliorik gabeko herri-kontzientzia baliotsuari eusten dion herri xehea ahaztutzen den bezala. Adaburuko mahats-aihen, hosto eta mordoren sustraiko bizitza den mahats-orpoarentzako kontu [sic, kantu?] bat da: Nekazarien antzeko, arrantzaleen antzeko, langilleen antzeko mahats-orpoarentzako kantu bat, alegia. Mahats-orpo beste izenik gabe mahatsaren orpoak: gehiago gabeko jende izen gabekoaren izengabekide.
— Aurrerago ere irabazi dituzu sariak. Nahi nuke jakin zenbat izan diran, non eta nolakoak.
— Lehenengo sariz sarituak hauek ditut gogoan: Begion lore Zarautzen, 1954-an; Eloriko lorak Arantzazun, 1956-an; Argi oneko poema Larrean, 1963-an; Elorri "Jose A. Agirre" sariketa, 1964-an. Gaztainadi, 1969-an, Larrean; Lelo xamurrak 1959an, bigarren saria, Bedoņan. [I]
— Txakolinaren ospatze hoiekin liburu bat osatzeko asmoa ahal duzu? Edo hoiekin eta beste zenbaitekin?
— Txakolinaren ospakuntza hoiek Oteizaren bultzadaz 1968-1970-ra bitartean idatzi nuen liburu baten lehen zatia osatzen dute. Liburuaren ritmua markatzen duen zatia. Liburu guztiari ospakuntza aidea ematen diona. Ez dizut esan ospakuntza hoiek errepresentagarriak direnik. Hortarako beharrezkoenik diren oharrez markatu xamarrak agertuko dira. [II]
— Orain arte liburu bat bakarrik argitaratu duzu. Ez ahal daukazu ba erreztasunik poesia idazteko ala astirik ez?
— Zuk ondo dakizu gure berri. Zenbat asti une izaten dugun eta abar. Goizetik eta arratsaldetik eskola eman, kuadernu mordoak zuzendu, apaiz eta fraide egintzetan jardun eta abarrek, ez digu beta handirik eskeintzen, ez eta poesietan barrentzeko gogo-girorik. Jende arrunt gehienak bezala oziorako asti gutxiegi. Bestalde ez dut uste idazteko erreztasun eta gauzatasun handiegirik dudanik ere.
— Zure buruak sumatuko zuen beste zeozer. Jakin ahal ote [sic] liteke zer idazten zauden edo zer idaztekotan?
— Barruan-edo badarbilt, baina oraindik ez dut garbi ikusten eta barka.
— Zer sailetan sartzen duzu zure ispirazioa? Lirikan? Draman? Surrealismoan? Zer uste duzu zeuk eta zer esan dizute kritikorik onenak?
— Liriko naizela uste dut. Esan, denetarik esan didate. Modatik joandako sinbolista bat naizela eta abar. Eta balitekena dela diot eta, agian, erremediorik gabe. Gorapenak ere asko eta handiak izan ditut, baina beude.
— Errexa ala zaila da zure poesia herriarentzako?
— Zaila dela iruditzen zait. Zoritxarrez ez baidut ikasi herriarekin mintzatzeko lain euskerarik eta euskaltasunik. Nik noiz ikasi ahal izan dut ba herriak ulertzen dakin hizkuntza?
— Esango nuke su handia daukazula barruan, argitasuna, ispirazioa. Egin ahal duzu, Nerudaren antzera, bi urterik bi urtera liburu bat egiteko propositurik?
— Nik neuk egin ahal dudana egiteko asmoa badut eta nahikoa da. Nire egitekoa Ikastetxe hontako mutilei irakastea da, ondo dakizunez. Bihar edo etzi gure aldean gai sakonagoak, argi eta interesa gehiagokoak idatziko dituten mutil hauei lehenengo pausoak zuzen eta seguru ematen irakastea. Asko espero dut mutil hauengandik. Eta egunen batean hauengandik abestuko dut abots gazte eta indartsuz orain ixiltzen dudan kantua.