AOB^
Agian ez dakigu aukeraz baliatzen
Agian itsu gara aukera ikusteko
Ezinak gaitu erakartzen,
Gertu ez dugunak liluratzen
Ez dakigu geure inguruz ohartzen,
Geure inguruaz bategiten
ingurua haintzat hartu
eta haren barruan geure buruak egokitzen.
Geure inguruaren barruan geure buruok egokitzeak ez du esan nahi geure inguru horren mende jartzea; inguru hori onartu, hortan kokatu eta hark damaizkigukeen posibilitatez etengabe baliatzea baino.
Liburuek baino, inolako jakituriz harrotzen ez den jendearen portaerak zorionbide handia erakutsi dit.
Ez da jende geldi ta geldoa, inguruari adi bizi den jendea da, ingurukoen berri bakoitzari zabalik, urkoen pozari oiartzun bero dagion jendea da, urkoen mina begirunez begiratu eta bereganatzen duen jendea.
Ni ahalik-eta modu erosoenean jarri naiz letorkidakeena idazteko, idazten hasi besterik ez dut egin, eta, honuntz inguratu da norbait, eta isilaren amorearren autatu dudan bazter hontan hasi da mutikoek autsi duten jostailu elektriko bat konpontzen teklen zarata moduak eta motorraren hots ernegagarriak noiztenka sortuz.
Proba ederra. Probatu ere sutan probatzen da lapikoa. Errazena, alde egitea nuke. Izan dut hortarako lehen erreakziorik. Baina, to! Burua nahastatzen didaten zarata txar hauen erdian, ea nola lortzen dudan nerbioen oreka. Hemendik nora joan nindeke eta han nork dit opa dudan isiltasuna zaituko? Tramankulu elektriko horien kable nahaspila hariz hari etsaminatzea ere ez nuke nekegabea. Konpontzen ari dena ez dago eserita seguru asko, ta eserita baldin badago ere geldi ez dagoena bistan da hainbeste zarata-modu horietan. Ni behintzat eserita nago. Asti-une hau zerbait idazteko nahi nuen. Teoriazko ihardunetan gustora nindekeen aritu eta lasai geratu bururapenen egokitasunez eta itxura onez.
Idaztea, jan behar den ogia irabazteko ez baldin bada, lujo superfluo bat ote den susmoa sarri izan dut. Zenbatek ez duen idazteko astirik!