Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

HGB-2^

Epilogoa
Gandiagaren beraren barrutik egina
adiskideari Joxe Azurmendik

Irakurri duzuena zuhaitz baten kontuak izan dira gutxi gorabehera. Gandiaga hori da. Liburu hau ere hori da, fruituz kargatuta. Elorri frakasu bat izan bazen, hau arrakasta hutsa. Urtea baino lehen agortu zen, kantari guztiek kantatu zuten hemengo fruituetatik. Arrakasta, ordea, administrazio frankistan ere izan zuen nolabaitekoa.
Dei bat jaso nuen Bilboko Justizi Jauregitik, hara behar nuela. Nire bizi guztian ez dut nik abokaturik ezertarako behar izan, eta orduantxe behar omen nuen bat hartu. Gertatu zen, niri Bilbotik egindako eskutitza Bizkaiko Arantzazura joan zela. Eta etorri zitzaidan zapatu arratsaldean.
Zapatu arratsaldean, norengana jo behar duzu, inor ez badago etxean? Zapatu arratsalde, zapatu arratsalde da mundu guztian, eta kito. Orduan «karta hauxe agertu zait», esan nion Arriola-ri. «Bueno, ez ezazu horregatik burua kezka», eta Barrankora [I] joan ginen argazkiak egitera. Han behean ezagutzen nituen zubi zaharrei eta, argazkiak egitera. Eta han pasa genuen denbora.
Gero igandean esan nion Seminarioko Errektoreari: Errektorea zen Eusebio, eta esan nion [II]: «Eusebio, karta hau agertu da eta astelehen goizean zitatzen nau Bilbon, bestela isuna daukat». Zuk Eusebio badakizu nolakoa den: problemak konpondu, suabe-suabe gustatzen zaio, eta problemak ez egin problema. Hori dena badakizu. Lasai egoteko, gizona, esan zidan, ez zela hainbesterainokorik. Bera sartuko zela nire lekuan. Berak hitz egingo zuela. Esplikatuko zuela, ba, ni poeta bat nintzela eta halaxe idatzi nuela. Ni ez nintzela gaiztoa. Berak bazekiela ondo ni nolakoa nintzen, Arantzazun egiten nuela irakaskuntzan lan, eta holako gauzak esango zituela. Eta konponduko zuela adiskideki, han behar zenarekin hitz eginez.
Bilbora joan ginen. Badaezpada, ez nengoen seguru eta, fraide jantzi nintzen. Habituarekin. Han konbentuan Bilbon eskatu nuen habitu bat, kordoi bat, sandalia batzuk, eta fraide dotore joan nintzen jantzita. Habitua neu baino handiagoa, oinetakoak ziplin-zaplan. Halaxe agertu ginen Justizi Jauregian.
Han geunden atean eta, bedelak eraman gintuen ez dakit nora eta, ate handi baten parean utzi gintuen, eta bera joan egin zen gu han utzita. Gizon bat irten zen. —«¿Quién de Uds. es Victoriano Gandiaga?» —«Un servidor». —«Pase». Eusebiok:«No, no, pasaré yo, porque éste es súbdito mío y como superior suyo yo respondo de éste». —«Aquí sólo tiene que pasar Victoriano Gandiaga». Seko. Kanpoan utzi zuen.
Sartu nintzen barrura, agurtu nituen, etab., eta «contra Ud. hay una acusación: a Ud. se le acusa de haber hecho política», esan zidaten. Zeinek salatu ninduen, ez zidaten esan.
Mahai handi batean zeuden, bi gizon alde batean; buru egiten edo, emakume bat erdian, andre gaztea, itxura onekoa; beste gizon bi gero eta beste gizon bat fitxero batera begira denbora guztian, kajoi bat atera, bestea atera, goikoa, behekoa, holaxe. Politika egin omen nuela ba, Hiru gizon bakarka honetan. «Pues no —Mendatako doinu. kastellano dotoreenaz— ahí de política no hay nada. Ahí hay sólo figuras literarias. Vosotros sabéis que la poesía es algo convencional, que se construye por medio de ciertas figuras, unas metáforas, del modo propio que rige la literatura particular que se llama poesía», eta hola, nik hori eraman nuen badaezpada pentsatuta eta hortik jotzen nuen beti ahalik luzeena. Baina emakumea zen zitalena. «Deje eso de una vez, a Ud. se le acusa de política». Nik berriro eta berriro. «De política, ¿qué hay ahí? (Hay eta ahí Gandiagak berdin esaten du). A ver, dígame. Ahí se habla de poesía y, lo que os he dicho, son formas de decir, figuras particulares, cada género literario tiene sus formas y a eso me atengo yo». Ardiak bezala, nik beti hortik egiten nuen ihes, baina berriro ekartzen ninduten esparrura. Okerrena emakumea, dale, «a Ud. se le acusa de hacer política».
Ia honaino-honainoxe nengoen, jaiki nintzen neure aulkitik, joan nintzen emakumearen aurrera, neure habitu eta polaina guztiekin, eta esan nion:
—«Señorita, ¿de qué política es el árbol?». Baina serio, eh?, ez barre egin. Haserre ia. «Siéntese», berak. —«Señorita, ahora soy yo quien pregunta: ¿de qué política es el árbol? Hasta que no me responda a eso me quedaré aquí» (ahotsa goratuta).
Elkarri begiratzen hasi ziren, larrituta zeuden, igoal pentsatu zuten katxarroren bat arropa azpietatik atera eta emango niela edo. «Si Uds. no saben de qué política es el árbol, no se preocupen: yo les aclararé de qué política es el árbol. Miren, yo soy un árbol. Yo vivo en esta tierra. Yo hundo mis raíces en esta tierra. Esta tierra me da lo suyo, lo que tiene ahí, lo que lleva disuelto, madurado en el subsuelo. De eso vivo. Esa es la sustancia que me invade. Mis ramas se elevan arriba. Mi esperanza y mi futuro y mi ilusión florecen hacia arriba. El cielo que está al par mío es mío. Y vivo de ese cielo que me da esperanza. De este aire que da oxígeno a mis pulmones. Yo soy el árbol. No se olvide Ud. que yo soy eso, el árbol. Y entonces lo que digo es lo que pasa con mi arboreidad, lo que pasa a este árbol. Mire: a este árbol se le va negando la tierra. Se le va negando el aire. Se le va negando el cielo. Se le va matando. Y entonces este árbol cruje. Eso es todo».
«Ya saben de qué política es el árbol», bukatu nuen. «Lo que pasa es que no sabéis euskara. Porque si supieseis euskara, entenderíais que lo que ahí hay no es política».
Eseri nintzen eta isilik. Eta beren artean hasi ziren hizketan, isil-isil, ikusten zen pixka bat lasaitu zirela, eta lehenengo bromatan hasi zitzaizkidan «muy bien, muy bien (faltsete femenino bat imitatzen du), le tendremos que llamar a Ud. a que nos dé clases de euskara» eta bla-bla. Hor egon ginen. Bero-bero nengoen oraindik. «Lo trágico de este pueblo es que no nos entendemos, porque hablamos distintas lenguas. Nosotros entendemos la suya, son Uds. los que no entienden la nuestra. Se abre ahí una división, no por nuestra parte eh?, señorita, que conste: la división parte de Uds. hacia nosotros». «Muy bien, goxo-goxo faltsuan berriro, ya le llamaremos, en vacaciones o cuando sea, a que nos enseñe el euskara, unas clases suyas nos vendrían muy bien» eta hola. Baina beren kezka zen, «qué informe redactamos ahora, porque hay un alegato contra Ud.». «Bueno, esan nien, si quieren lo escribo yo». Eta neuk idatzi nuen paperean, «este libro relata, gutxi gorabehera, los acontecimientos y avatares, los disgustos y las esperanzas de un árbol. Punto». Eta holaxe geratu zen. «De un árbol y de unos árboles, claro. Porque un árbol solo es muy raro. Un árbol vive junto a otros árboles, forma bosque».
Nik nire Euskal Herria ipini nahi izan dut liburu honetan. Hau ere Arantzazun sortu zen. Baina hau beste Arantzazu batean: Oteitzaren harrizko apostolu eta harrizko Pietà-rekin batera.
Behin Elorri-z gero ezagutu nuen nik poesia soziala. Esan beharra dago: Elorri-k ez zuen norbaitzuengan estimazio handiegirik izan. Sinbolista, intimista eta horrelakoa omen zelako. Modan zegoen modua, ni Elorri egin eta gero enteratu nintzen bazenik ere, baina soziala zela. Elorri-ko poesia zaharkitua zela, pasea.
Baina nik neuk beste ibilbiderik ez nion ikusten poesiari. Guk ikasitako ereduak, ziren bezalakoxeak ziren, figura literarioen landuzaleak eta klasikoak, eredu horiek edukitzen genituen begi-bistan, eta haiei jarraituz bezala bakarrik uste nuen ibil zitekeela poesia.
Badakizu zuk ondoegi ere, gure begiak ez zirela iristen Artiako gailurretatik [III] hara eta Aloña edo Gordomenditik [sic, Gorgomenditik?] beste aldera baino. Ni Oñatiraino ere ez nintzen sekula jaitsi teologiako garai guztian, ez nintzen inoiz gaixotu eta. Artia-Gaboñora joaten nintzen Arabako lautada ikustera, hango jai-arratsaldeetako kanpai soinuak entzutera, eta abar. Horixe zen nire mundu guztia. Beste aldetik, Artzanburutik begiratzen nuen Txindoki aldera, eta han Amezketako paraje haietara, oso mendi politak, dena xuri-berde, xuri-berde. Oso atseginak, bista horiek. Nik beste mundurik ez nuen, liburuetatik asmatutakoa ez bazen. Eta edozein liburutan dagoena, da, haragoko bestearen erreferentzia, liburutik kanpo dagoen beste zerbaiten kontua. Orduan, guk, gizonaren erreferentzia liburuetakoa dugu, ez erreferentzia hurbila. Han bizi ginenak talde homogeno bat ginen, gure gorabehera txikiekin, etxe handi isolatu batean bizi litekeen eran. Orduan Elorri-k ez du mundu handiagorik. Problema handiagorik ere ez. Elorri ondu zen garaian, ignorantziak edo inuzentziak ixten zigun teloia, gizona bere ariera normalean ikusteko. Bere pozetan, bere jolasetan, bere nekeetan, bere errebindikazioetan, bere itxaropenetan, sufrimenetan, gozamenetan. Gizonak berez bizi duen bizitza hori, guk ez genuen ezagutzen. Guk bizitza ikusten genuen enmarkatua. Gure bizitza zen enmarkatua. Erregela batzuen barruan funtzionatzen zuena egun guzti-guztian. Orduan bizitza naturalaren zerik ez genuen. Eta niri ez zait inoiz gustatu, ez gutxi eta ez asko, neuk nolabait esperimentatu, edo desiratu, ez ditudan gauzez idaztea. Gutxienez beti erantsi nahi edo behar izaten diot neure zera, nahiz eta ideiak inorenak izan. Apropiazio bat bezala egin behar izaten dut horrena, fetitxe bihurtzeko edo, niregan influentzia eduki dezan. Nik idazten dudan horrek, neu ondu nazan. Landu. Neu alda nazan. Nik hura egin eta berak ni egin.
Guzti horregatik Elorri frakasu bat izan zen. Momentu txarrean jaio zen. Desgaraian. Esan zidaten, ordurako poesiaren beste kontzeptu bat zegoela erabat. Arras bestelako poesia bat sorturik zela ja. Gizonari begira eta gizarte-arazoari begira.
Badakizu? Bizi zarena beste denborarik ez daukazu. Harixe nahi diozu heldu biziari bezain gogor. Oso gogorra da, orduan, bapatean zeure denbora bakarretik eskludituta aurkitzea. Ez zara inoizkoa. Ez zara existitzen. Ni, Elorri-rekin, jaio, eta eskludituta aurkitu nintzen denboratik. Ez nintzen neure denborakoa, «gure mendeko semea». Ez nintzen existitzen denboran, Uhin berri-an: «Zer du beraz, era berri honek, bere giroa zertzen duena? Gazteak aurrez aurre aurkitu duen injustiziazko egoeradun gizarte moldakaitza, mundu harrigarria, mundu ustela, gizona menperatzen duena. Hortikakoa du egungo gazteriak bere egonezina, kezka, grina, larrialdia..., sinesmenaren uste berek ere gogoa betetzen ez diotela. Gizondu orduko gauzak horrela aurkitu dituzte, lehengoek jarririk, eta eurok aldatzeko ahalmenik gabe. Horregatik, erantzunez, beren protesta erakusten dute, egoera honen iraultza laket zaielarik».
Neu azkarra izan banintz, bi aldiz pentsatu gabe kontura nintekeen, poesia soziala uler nezakeen, gogoeta sinple baten bidez. Ze, azken batean, salmo asko poesia soziala bait da. Eta erostak, eta profeten profezia gehienak, poesia sozial-soziala dira. Amos, ahuntzak zaintzeari utzi eta gizonak zaintzeari ekin ziona. Bi handiak, Isaia eta Jeremia.
Dena dela, poesia soziala egin behar omen zen orain. Gizarte-arazoarena. Horren inguruan ondua. Baina nik, esan dizut, uste nuen gizarte-arazo hori ez dakit zer zela. Ez nuen ezagutzen. Ezagutu bai, ezagutzen nuen, gero ondo ikusi dut, oso ondo ere ezagutzen nuen, sekula inork gizarte-arazotzat hartu ez duena solamente: da nekazariaren arazoa. Nik nekazariaren arazoa beti bizitu izan dut. Nekazariaren beti injustizia azpian bizi beharra. Gure aita errebelde bat zen. Gizarte-arazo hori ume-umetatik nahikoa ezagutu dut. Baina neuri ere hori garbi, Plaentziara joaten hasi nintzenean, argitu zitzaidan. Plaentziara joaten hasi nintzenean, bai. Argia pagatu egiten da. Niri behintzat kostatu zitzaidan nire argia. Hirurogeitaseian-zazpian hortxe, hasi nintzen Plaentziara joaten. Julian eta Angelitarenean batzen ziren Eibarko lagunak, Bergarako lagunak, hainbat jende. Eta hitz egiten zuten jornalez, eta jornalen egokitasunez edo desegokitasunez, obreroez, obreroen eskubideez eta ez-eskubideez eta eskubideen zapalketez, eta hor liatzen ziren gogotik denak. Batzuk maisuak ziren, Iñaki Maiora eta. Beste batzuk ofizinistak eta ziren. Beste batzuk langile arruntak, mailuaz lan egiten zutenak danga-danga. Horiek denek bazuten klasearen kontzientzia. Batasun trinko bat topatzen nuen nik denen artean. Ofizinista eta mailukaria bat zetozen eskubideen errebindikazioetan. Maisua eta han agertzen zen beste edozein, ofizioko ala ez ofizioko, bat etortzen ziren beren arloetan.
Ni ikaragarrizko lanak eginda nengoen Arantzazun eta Araotzen baserritarren elkarte bat sortu nahiz. Ekartzen nituen Lana-koak, Acción Católica-koak eta inon ziren guztietakoak, gazteei hitz egin ziezaieten. Oraindik gogoratzen naiz Sorandietako Antoniok zer erantzun zuen behin. Ekarri nuen horietako hizlari bat, baserritarrei baserriaren irtenbideak adierazten ibiltzen zen gazte bat. Pinuak, esnea, etab. Antoniok ebaki zion halako batean: «begira, nik, baserrian bizi baino nahiago dot, Gomistegiko ateko txakurra izan». Fraideen baserrian ateko txakurra. Antonioren irteera hori ez zait sekula ahazten.
Baserriari ez zioten ikusten aurrerabide handiagorik. Baina elkar hartzeko konturik ere ez. Nire esperientzia zen, baserritarrek ez zekitela, batasun bat osatzen zutenik. Nahiz eta banan bizi, bakoitzaren arazoa denen arazo bera zela. Hau da, zure arazoa, zuk bestearekin harremanik batere izan nahi ez arren, zure aldameneko baserrian ere arazoa dela. Eta harena eta bestearena. Eta zigor, eta neke, eta injustizia beraren menpean denok berdinduta zaudete, eta halere ez duzue batak bestearekin ezer jakin nahi. Hori zen nire esperientzia. Erreta nengoen horrekin.
Gau batean, Plaentzian, zapla bota zidaten —egia da, nik alde egiten nuen: konbertsazio horiek hasten zirenean, ni isilik egoten nintzen. Isilik, ze: «hauek batera datoz, esaten nuen, euren eskubideei dagokien guztian, hauek elkarrekin fronte bat osatzen dute. Eta gure baserritarrekin ez dago frontea osatzeko modurik. Ez dago». Orduan alde egiten nuen. Behin, aldentzera nindoala, «zu aspertu egiten zaituzte gauza hauek, zuk ez duzu jakin nahi gure problema hauetaz ezer», bota zidaten aurpegira. Eta ja orduan lehertu egin nintzen. Begira, esan nien, ni izugarrizko tristuran bizi naiz zuen artean. Tristura eta enbidia, ala enbidia, eta horregatik tristura den, ez dakit, bereizten. Baina gertatzen da, zuek ikusten zaituztet, bat zatoztela, denok afektatzen zaituzten zera guztietan. Eskabideetan, eskubideetan, erreklamazioetan, problemetan. Ni ihardun naiz Arantzazun ez dakit zenbat urte baserritarrak biltzen, Araotzen hiru urte berriro, eta guk ez daukagu, zuek daukazuen kontzientzia hori. Eta inbidiaz eta tristuraz erre egiten naiz, pentsatuz, «haiek gizajoak!», eta ni neu frakasatu bat naiz haiekin. Eta orduan joan egiten naiz ohera, neure problemekin egotera, nahiago dut pena handiagorik ez eraman. [IV]
Nire kontaktua gizarte-arazoarekin hor izan zen.
Ba, esandakoa: utzi egin nion idazteari. Pixka bat minez, pixka bat ezinez. Zer idatzi behar nuen? Gizarte-arazoa zeritzona, ez dakit nongo mundu ezezagun estrainoa zela, pentsatzen nuen.
67an Oteitza etorri zen Arantzazura. [V] Horrelako pertsonaiarik agertzen denean, zuk badakizu, fraideok nola funtzionatzen dugun. Gizona gizontxo. Denak berarengana.
Baina Oteitza izugarri konprometatzailea da edonorekin eta guztiekin eta edozein modutan. Horregatik dauka adiskide gutxi. Eta beti izango du gutxi.
Lehenengo egunetan Oteitza nik urrutitik bakarrik ikusten nuen. Beste batzuk sartzen ziren ni baino aurrerago. Fraide inportanteak. [VI] Oteitza, ordea, laster hasi zitzaien denei: —«¿y tú qué haces?». —Nik, ba, esaterako, Morala irakasten dut. Erroman hori ikasi nuen, Doktoretza atera nuen, etab., eta horixe irakasten dut. Oteitzak berehala: «Euskaldunaren portaera morala, euskaldunaren sentsibilitate eta plegu sexualak eta, horiek estudiatuta al dauzkazu? Horietaz arduratu al zara? Zein da euskaldunaren obligazioaren zentzua? Sozialtasunaren balioa? Ikusi al duzu euskaldunak nola erreakzionatzen duen moralari doakion guztian? Zein duen euskaldunak bere moraltasun-eitea?». Etengabeko bonbardaketa bat. Jakina, inork aintzat hartu ere ez horrelakorik bere karrera guztian. Horrelako kezkarik sentitu ere egin ez duenak bere bizitzan, orduan gainera orain baino gutxiago, «hau raso joanda zegok, itoginez beteta zeukak honek ganbara!», pentsatzen du. «Hori ez da existitzen, fantasmadak dira planteamendu horiek», arazoa bera ukatu egiten du lehenengo-lehenengoan eta hurrengo egunean ja ez da agertzen.
Gaur teologoa sartu da. Eta «¿qué haces tú?» galdetzen dio hari ere. Eta erantzuten du, teologia esplikatzen duela. «Euskal gizonaren eta Jainkoaren arteko harreman, lotura, distantzia, erlazio hori, bizipen hori, estudiatua daukazu apika?». Zerako zeraren zerak, bai! Teologia eman digute, Afrikako beltzei, guri, eskimoei eta Erroman jaio eta bizi direnei berdin-berdina. Liburu berdinak irakurri ditugu denok edozein kulturatan. Orduan, horrelako galderak egiten zituenean, galdera horiek hain ustegabekoak dira, hain supituan agertutakoak eta hango fraideentzat inpentsagarriak zirenez, inkomodatu egiten zuten. Hurrengo egunean teologoa ez zen azaltzen.
Ondorengo honetan, ba, organista joan zaio, eman dezagun. «Ni organista naiz». Eta euskal musika eta euskal musikaren adierazpen erlijiosoa eta espresibitatea, eta musikan airera litekeen euskal arimaren zera, estudiatuta al zeuzkan, ba? Hori, egon bazegoela Azkuek eta, Aita Donostiak eta, Riezuk eta, bazegoela zerbait ikertua. Bazeudela horretan aritzen zirenak. Baina berari zegokiona, koruan lagun egitea zela: ematen zitzaion partitura interpretatu beste egitekorik ez zuela berak elizkizunetan. Eta horrela guztiekin: Oteitzak bakoitza bere arloan xaxatzen zuen, denak gogaitu arte. Uste dut, horregatik hil zutela Sokrate, beti bere dena galdetu beharrarekin athenaitar guztiak nazkatu zituenean.
Egun batean aurrekorik gabe aurkitu nintzen. Aurreko guztiak desagertuak ziren. Han paratu nintzaion aurrez-aurre. «Y tú qué haces» eta: «Nik ezer ez». «Badakit poesia idazten duzuna». «Ez, ez, oker zaude, ez da hala: nik idatzi, liburu bat egin nuen, eta orain ez dut gehiago idazten». «Zergatik ez?». «Ez dudalako idatzi behar. Nik egin dut, nirea eginda dago». Bueno, Oteitzak ni lehendik ezagutzen ninduen. Oteitza horrek aspaldi nire osaba bat Argentinan ezagutu zuen. Eta nire osabaren kontura makina bat jan eta edan eginda dagoela, kontatu izan dit. Badakizu Oteitza pobrezia-pobrezian bizi izana nola den. Orduan, ezagutu, Oteitzak ni ezagutzen ninduen, lehenagoko egonalditik ere Arantzazun, nahiz ni aupa egiten ausartzen ez. Dena dela, egunero eta egunero «zergatik ez duzu idazten?», lata ematen zidan. «Idatzi beharra dago, inork ez du idazten herri honetan, mutuen herri bat da hau, idazten ez dakitenen herri bat da, ahal duenak idatzi egin behar du, obligazioa dauka idazteko!». —«Bai, ahal duenak egin dezala. Obligazioa duenak egin dezala. Nik ezin dut, ni hori utzita nago eta nik sekula santa ez dut gehiago idazten, ez idatziko. Bukatu ziren nire obligazioak».
Idazten nuen, e? Idazten nituen dindiltxo batzuk. Beti izan dut idatzi beharra. Nahitaez. Ni, bakarrik banago, batzuk atzazalak ikertzen edo hasten diren moduan, niri ematen dit, boligrafoa eta papera hartu eta buruan daukadan haizetxoari bere jira hartzea berbaz. «Burutapentxo hori, ba, polita da, nola adieraz nezake, zein formatan agertu gustagarri, nola plasmatu, bistaratu: merezi luke! ». Hori, jolas hori, niretzat, besteek xakean egiteko daukaten zaletasuna, edo gurutzegramak asmatzeko daukaten afizioa bezala, nik afizio horixe daukat sartuta buruan. Besterik ezin dut. Eta idatzi, egiten nuen. Ezkutuan. Nik orduan halere ez nuen nahi, ezta, ezta, ezta konfesoreak ere jakin zezan, idazten nuenik. Eta horregatik esaten nion ezetz eta ezetz.
Hain da baina dramatikoa bera! Zuk badakizu Oteitza gestikulatzaile izugarria dela: da, ba, teatro bat, horretara jartzen denean. Eta jarri zitzaidan behin, jarri, besoak altuan, profeta espantatu baten antzera, Jainkoaren amorez edo, ez naiz ondoegi oroitzen, herri gaixoaren amorez, baina idazteko. «Begira Oteitza, egin genezake gauza bat, hasi nintzaion bare-bare: zuk nahi duzu euskal munduan bizi. Zure ingurua euskal giroan bizi dadila. Ederki, konponduko gara. Nik irakurriko dizut Salbatoreren Arantzazu euskal poema. Eder-ederra da». —«Ez!». —«Ba irakurriko dizut beste zedozer, nahi duzun autorea. Etorriko natzaizu irakurtzera hau eta beste». Dena alferrik izan zen. Neuk idatzitakoa behar zuela. Azkenean, egia da, bakean egoteagatik eta Oteitzarekin egoteagatik batez ere, amore eman eta poesiak agerian egiten eta erakusten hasi nintzen berriro. Noski, ez zen Elorri idatzi nueneko garaia hori, neuretzat ere. Ordurako ezagutua nuen Plaentzia. Ezagutzen nuen Bergara. Nire burua Arantzazutik irtena zegoen. Eta Araoztik. Eta sartu-sartua zegoen lehen aipatu problemetan Plaentziako lagunekin.
Bestalde, momentu hartan euskal sentimendua suspertze izugarrian nabaritzen zen Plaentzia, Eibar, Bergara alde hartan. Behar izaten zuten, ba, mutilei gelak eman, esaterako. Lagunen abisua jasotzen zuten, «gurean mutil bat agertu da, baina gu fitxatuegiak gaude eta, zuenean gordeko al zenukete?». Ni gogoratzen naiz holaxe Harizketako mutil batez. Ohe berean egin genuen lo: hura irten eta ni sartu. Mugimendu handia zegoen hasita gazterian. Erregimenaren aurrean eta euskal arazoaren aurrean, ja kontzientzia fuerte bat ari zen hartzen jendea. Gazteak batez ere.
Horrelako gazteak asko hurbiltzen ziren Oteitzarengana. Sarritan lekuko izan naiz gazteek ekartzen zituzten problema eta elkarrizketa horiena. Nik ikusten nuen, bidezkoak zirela gazte horien kezkak eta larriak. Azken batean herri baten bizitza zegoela jokoan. Hil ala bizi. Han jokatzen zena, zela, Euskal Herriaren bizitzara irtetea, ala betiko suntsitzea. Ez zegoela beste burubiderik. Edo jo behar zen aurrera gogor, gogor, edo lehenean, iraungitzen segi, puxkana-puxkana, ilentiak eta itzungitzen diren eran: sua badute barruan, baina geldoa egiten zaie, han gainazalean hautsa egiten zaie, eta hautsak berak itotzen ditu ezti-ezti. Ez gara nonbait heriotzarako sortuak, ez. Bizitza maite dugu. Bizitza, bai norberarena eta bai herriarena, bakoitzak maite izaten duen partearena. Maite dugunarentzat, bizitza nahi dugu.
Orduan, ni ere han airean zebilen sugar hartara irristatu nintzen. Gazteen ezinegon eta irten-nahi hartaz kutsatzera, esan nahi dizut. Ihartuta bezala zegoen dena, sua erraz pizten zen edonon. Ni ere suak hartu ninduen osoki. Pozik utzi nion gainera, jabe zedila nitaz. Bururaino jabe zedila.
Eta horrela hasi nintzaion idazten, ba, gauzatxo horiek denak. Beharbada pittin bat intimistak, ezta? Ni beti naiz oso pertsonala. Esan nahi dut, neure bizinahia eta nik maite ditudan gauzen iraupena eta, ahal bazen, maitatu gauzatxo haien segurtapena geroari begira. Eta hor topatzen duguna, herria: herria edo herriaren barruan zati bat. Nik berehala izena eman nion zati bakoitzari. Ikusi nuen gure herrian bizi zela, euskaraz hitzegiten zuen jende pobre, ahotsik gabeko bat, eta beste herri bat seguru bizi zena jada. Ze, beste herriak erdaraz bazekien ondo. Oñatin neuri gertatua: —«Ai, nik erdaraz baneki!» —«Zer egingo zenuke, ba, erdaraz bazeneki?» —«Lanik ez behintzat!»
Erdara ja beste kategoria sozial bat zen. Mediku, eskribau, botikario, maisu, apaiz eta «lan»ik egiten ez zutenena.
Gu ez gaituzte inoiz, sozialistek ere ez, eta poeta sozialek ere ez, ez gaituzte hartu inoiz aintzat. Ez dute gure problemarik aipatu ere sekula egin.
Gu gara, zoritxarrez ala zorionez ez dakit, bizi egin nahi dugun herri bat. Eta geure erara bizi. Eta hori gizarte-arazoa da. Arazo soziala. Zenbakitan gutxiengo txiki baten bizinahia izanik ere. Baina hori aintzat, ez dute hartzen sozialistek eta ez dute hartu poeta sozialek. Zeri esaten zaio hemen gizarte-arazoa?
Nik holaxe ondu nuen Hiru gizon bakarka. Joan nintzen papertxoak idazten, idazten, zati-puskak, barrendik zetozkidan eran, ezer pentsatu gabe gorago. Oteitzagatik izan ez balitz, ez nuen idatziko, ez hau, ez gerokorik. Nik ja itxita neukan kremailera hori betiko. Zikatrizatuta ere bai. Oteitzak ipini nau berriro idazten. Eta nik orduantxe nire barruan neukana idatzi nuen, betiko moduan. Ikusten duzu: lehen partean, pixka bat teatro gisara egina, pastoral txiki baten antzera, euskal arazoa planteatuta. Horrela hasten da. Status quaestionis. Non probatur: videtur. Eta nik ikusten nuen herriazen, ba, jende bajua, xume-xumea. Gure aita-amen mundua. Ze, gure aita-amek erreparoa zuten herriko idazkariagana joateko. Ze, herri txikiko idazkaria bera, gure herrian, erdaldun hutsa bait zen. Gernikara, medikutara jaisteko, aurreneko galdetu egin behar, euskararik ba al zekien. Ze, erdaraz gure aita-amak ez ziren sekula atondu. Mundutxo hori. Errukiz eta desesperazioz betetzen duen mundutxo hori. Horrela dago planteatuta.Horixe duzu nire gaia. Neuk ondo ezagutu dudanetik partituz. Bizi izan dudanetik eta bizitzen ari nintzenetik.
Hortaz honek ezer badauka, da momentuko egia:momentuko egia eta momentuan esanda. Egia guztia ez. Ni enteratu gabeko gauza asko dago, badakit. Nik, neuk ikusita neukantxoa soltatzen nuen paperean. Eta nire ikuspegia hori da, 2. orrian bertan: euskaldunok, euskaraz mintzatzen garen jendea, herri bat gara. Euskalerria Herria da. Munduko handiena bezain herria. Bakarrik birrindua. Herri-nahi eta ezina. Nahi baina ezin honek ematen dio gaur bizitza euskalerriari [sic]. Bizi asekabea, mikatza. Herri asekabea, mikatza. Euskalerri hau herri oso txikia da: Baskongadasen barruan kuku dagoen herri txiki bat, herri-hondar bat. Izan nahi larri hori barik, esan daiteke euskalerririk jada ez dagoela. Arimarik ez dagoela. Ze, duena, suzko arima bait da, ase-ezina eta garratza.
Horregatik euskalerria txakolinarekin alderatzen da. Lehen elorriaren sinboloaz baliatu nintzen moduan, txakolinarenaz hemen. Ardozaleak gara eta Euskal Herrian txartel guztietakoak edaten dira ardo-klaseak: hango eta hemengo kulturak, pinturak, literaturak. Ardoa kultura da. Edonongo produktuen kontsumo handia egiten dugu. Baina badugu geure kulturatxoa ere. Euskal Herrian badago ardo bat herrikoa, eta apenas ezagutzen dugun. Zer da txakolina, izan ere? Txakolinaren esperientzia bera ere ordukoxea dut molde honetan. Lehendik ezagutzen nuen. Bermeotik, Bakiokoa omen zen txakolin ilun bat. Ez zitzaidan gustatu. Ez neukan oroipen onik. Baina Angel eta Isabel, adiskide onak, banatuak dira orain, dena dela, haiek egun batean Getariara gomitatu ninduten. [VII] Eta Getarian, oso moko-fina zen Angel, eskatu zuen ez dakit zein arrain bat, plater fin-fin gozatsua, eta harekin eskatu zuen txakolina. Aiba! Banoa arraina janez, gusto handiz. Eta heldu diot txakolinari. Kopetan, xanpaina serbitzen den halakotsu batzuetan, kopetan. Hartu dut. Lehenengo usaina. Xurrutatu dut ttintta bat ahoan gero, mihian eraginez eta hozka. Baina, brist, momentu batean garrazdura-punttu bat hartu nion. Keru min bat, aukeran garraztxo. Bazuen usain ederra, bazuen txispa, bazuen dena. Baina ni, Erriberri-Olitetik eta, ni ardo mikatzen aurka nengoen ohitua. Txakolina gustatzen ikasi egin behar da. Badaude hor ardo ezagun batzuk famatuak, ezta?, oso onak. Jai batera gomitatzen zaituztenean. Eta txakolina aukeran piska bat garratza egiten zitzaidan. Bestetik ondo zetorren bazkari hartantxe arrainarekin. Eta hantxe deskubritu nuen bapatean. «Isabel», esan nion: Isabel Trebiñokoa da eta euskal sentimendurik ez zeukan eta ez zuen hartu inoiz. Angelek bazuen. Eta diskutitzen genuen askotan euskal arazoaz, baina Isabel beti ez dakit zer geratzen zen. Ez zuen hitzezkoa harrapatzen. «Vas a tomar, esan nion, un trago de chacolí. Vas a tenerlo en la boca hasta que te diga yo. Después lo bebes. Mientras tanto, piensa en el problema que tenemos los vascos. Piensa que de algún modo es agradable, tampoco somos masocas absolutos, pero tiene su punto de acidez. Cuando te moleste esa acidez en la boca, entonces comprenderás la acidez que nosotros siempre llevamos dentro por pretender ser lo que somos. Ese es nuestro problema. Eso es lo que nos mueve», zera, gazteak orduan zerk mugitzen zituen horrela. Erdalduna da Isabel eta erdaraz oroitu naiz: Hori da gazteria eta gure herria mugitzen duen ahoan eutsi-ezina. Eta han eduki nituen biak, komulgatzen bezala hirurok: ahoan hartu txakolina eta erre gintzan arte, ahoan eduki txakolina. Ez dakit esperientzia hori egina daukazun. Orduan irentsi genuen eta izan zen errito bat bezala. Sakramentu bat bezala. Zerbaiten seinalea, sinboloa. Herriko neke eta ondoezaren sakramentua ospatu genuen hantxe. Handik sortu zitzaidan, Euskal Herriaren erremin hau zela, txakolinari ofizialki «gozoa» izateko falta zitzaion, edo sobra zitzaion, garraztasun horixe. Orduan: txakolina ardoa da. Baina ohituta beste ardo-klase batzuetara gaude gure kulturan. Beste gusto batzuk dira onak. Mikatza da, gazi, garratz. Eta hori ez dugu ardo kontsideratzen, ardo on. Horregatik, ardo nahi eta ezina. Ez da egia: ardo izan, munduko famatuenak bezain ardo bada txakolina. Bakarrik, bera bezalakoxea da ardoa. Eskemetatik bestelakoa. Ezagutzen eta famatzen direnak bezalakoa ez. Orain hasi dira hori ere famatzen, baina orduan basatien ardo bitxia zen. Ardo marjinal bat. Heldueza. Eta heldugabe gaudena, bistakoa da. «Euskalerriaren mikaztasunak arima erretzen du, txakolinak bere mikaztasunaz ahoa erretzen duen bezala. Ardo pobrea da» — ez da ardo pobrea: baina ulertzen dugu elkar. Den halakoxea da bera ardoa. Ez gehiago eta ez gutxiago. Guk ez dugu Bordeaux famaturen bat izateko anbiziorik. Geu izan bakarrik.
Beste apur bat irakurtzen jarraituko dugu Txakolinaren Ospakuntza hori. «Euskalerria Herri da Baskongadasen barruan». Orain HBkoek darabilte hizkera hori. Baina orduan bereizkuntza hori ez zen egiten. Inork ez zekien egiten. Nik banekien honi Vascongadas deitzen ziotena. Baina Baskongadetan banekien bazela taldetxo bat, euskaraz egiten zuena. Jende ezjakina, talde pobrea. Aukeran, ba, laborariak, arrantzaleak, fabrikara ogitartekoa hartu eta Plaentzian eta hor zehar zihoana goizero. Jende hori, kultura handiago gabeko jendea beti ere, ezjakin-konplexuz betea. Ze, bestela euskalduna harroa da. Lau juntatzen bagara taldean, eta elkarren buruak besterik ageri ez bazaigu, haizea baino putzago gara, tonto harroak. Berehala hasten gara hartan-hortan, haundikerian, ea inor baden eguzkiaren azpian beste bat. Baina bosgarrenen bat erdalduna arrimatu orduko, hautsi egiten gaitu. Konplexatuta geratzen gara eta, nahi dugu hark bezala hitz egin, haren galtzetan sartu: eta ez haren galtzetan sartzen gara eta ez geure galtzetan gaude honez gero.
Galtzak galduta, amore emanda, geureari utzita, ez euskalerri eta ez ezer gara, kakazaharra baizik. Amak «eztizaharra» esango zukeen. Euskalerria, Baskongaden barruan ere, herririk da, «arima delako, kontzientzia delako, samin delako, urduritasun eraman ezina delako». Halaxe da. Vasco-ak beharbada bai, Estatutuak ez gaitu euskaldunak egiten. Kontzientzia gabe ezer ez gara. Hostoak hego-haizean. Baina kontzientzia hori garratza da. Mingarria eta exigentea. «Euskalerriak ez du bozkariorik ematen». Ea gure oligarkiari guk bozkariorik eman diogun inoiz. Eta berak guri. Ez, harik eta gu borratzen eta urtzen ez gaituen arte, euskara aldetik, gure nagusiek ez gaituzte sekula begi gozoz begiratuko. Esaten ausartzen ez direnean ere, orain bezala, oportunoa eta politikoa ez delako. Euskalerriak, arimak, «kiskali egiten du». Jende bat, orduan, nekatu egiten du. Utzi egiten du trintxera. Izatearen eta ez-izatearen arteko muga larri horretan «izan nahiak ematen dio izatea».
Horra, horixe da nire ikuspegia.
Ez da izan zaila, ezta? Bitorianok ez zuen izan Gandiagaren barnera jaitsi beste lanik, neure-neure poesia soziala egiteko. Proletariek badute beren klase-borroka, beren sindikatuak, beren eskubideen eta errebindikazioen kontzientzia. Gandiagaren barruan, nik, haurtzaroko artasoroetaraino itzulita aitarekin eta amarekin, euskalduna klase sozial. galdu bezala deskubritu nuen barnean. Neure barnean neukan. Bere borrokarik eta kontzientziarik ere gabe, klasea: edo, nahi eta ezinda bakarrik. Elorri-n nire arima bezala, Hiru gizon bakarka-n nire herria ipini nuen.
Esaera den bezala, hiru gizon hau «hiru katu» da eta danborrik ere gabe gainera. Baskongadetan bertan euskaldunok hiru katu gara. Katu gutxi da hori. Eta denok ari ginen halere bakoitza bere aldetik. Denok problema bera, berbera, eta halere blokerik osatu gabe. Zer bloke: adreilu bat gutxienez! Lehen baserritarren arazo sozialean esan dudan hura. Ezin bategin. Horixe bizi dugu gaur ere. Denak «abertzaleak» eta ez dakit zenbat taldetan sakabanatuta, elkarri ostikoka denok. Literarioki hortxe datza hiru gizon horien jokoa. Paper bat bera hirukoiztuta. Horiek dira, gauza bera esan eta esan ari diren hiru tipo, baina batak besteari entzun gabe. Lehenengo, errito baterako, denak bateratu egiten dira, Txako1inaren ospakuntzetan, 1 eta 2. Gero banatu egin dira berriro. Erritoa bukatu eta badoa bakoitza bere taldekeriara. Baina hiru katu horiek, bakarka izanik, problema bera bizi dute. Miseria bera sufritzen dute. Bakarrik, orain ere ez dutela jakin nahi, elkartu nahi, eta nahiago dutela elkartu baino Gomistegiko atariko txakur egon. Gure betiko historia da.
Horregatik, hiru demonialu horiek hortxe utzi mutu, eta hurrengo zatian neuk hartzen dut hitza, Alegiak eta beste, neure kabuz iharduteko. Hor, ikusten duzu, Euskal Herriko problematxoak dira. Zertan galtzen dugun denbora. Esate baterako txoriena, txori txoriburuak. Exenplutxoak dira, zer pasatzen den gure artean. Alegoriak. Nola gauden banatuta, txirtxileriak eskatzen, gauza beharragoak labaki dauzkagun artean. Egiazko problemetatik ihesi beti adarretara, tximinook. «Gure burua katetik / behar dugunak askatu / geu gara, geu; /ala / inor ez». Gogoetatxoak. Edo: «bakea alferalferrik / deitzen dute bake». Borroka armatua hasia zegoen. Kuriosoa da: orduko frankisten arrazoi handia beren bake santua zen, «25 años de paz»; orduko zapalduak orain berak daude agintzen: argumentu handia berriz bakea da... Nik ez dakit nola, ez dagokit neri gauza horiek epaitzea, baina euskaldunaren lana gogorra izango da. Bigunetik ez goaz inora. Bigunetik «azkenean folklore / hutsa izango gara: / geure akordu bat baina inondik ez geu». Eta hola. Egun batean, gomutatzen naiz, luze idatzi nuen, buelta handik, buelta hemendik. Azkenean, «esan nahi nuena hauxe zen, bai?, orduan dena dago sobran», eta dena bota, eta hauxe ipini nuen:

Euskaldunak dirurik
egiten du baina
euskararik ez.

Eskerrak bai eskerrak poeta sozialei! Han ikasi nuen formaren ardura larri eta lan handiegirik ez zela behar. Jendeak esan egin behar zuela, barrua erretzen ziona.
Espresaera edo modelo formalaren aldetik, bitartean Aresti, Otsalar, Bladi Otero, Celaya, ezagunak nituen, nahi baduzu. Baina poesia soziala delako horrekin, edo niri poeta sozialekin gertatua behintzat, sinple-sinpleki hauxe izan da. Badago jendea libertate osoz idazten duena, esan nion neure buruari. Ze, niretzako, azken batean ohartu nintzen, poesia sozialak, poesiatik baino askatasunetik zeukala gehiago.
Bueno, poesia zer da, ezta?, hori litzateke kontua. Ez dakigu zer den. Baina gure poesia badakigu zer zen, formazio-urteetan hartu genuen ideia tradizional hura. Gauza hautatuak esan eta modu hautatu egokian esan. Hori zen gaztelaniazko gure ereduengan miresten genuena: Frai Luis de León, San Joan Gurutzekoa, nik oraindik irakurtzen jarraitzen dudan beste zenbait. Hautatu ondo gaia bera, gai duin bat, eta hari egoki zegokion modu goitarra landu: guztiaren gainetik flotatzen edertasunezko masa gozo bat bezala sortzen da, eta hori da guk poesiatzat geneukana. Espresaera espontaneo eta arruntetik urruti. Plazer bat edo eztialdi bat ematen diona buruari nolabait. Sugestioz. Poesia sozialak, beharbada disparate bat esatera noa, baina ez du atmosfera zoragarri estasiko hori gure buruetan sortzen. Sortzen duena mugimendua da bihotzean. Agresibitatea pizten du. Gozotasuna ez beste guztia, problemak sortzen dizkizu barruan. «Ez zara bakarrik bizi, inorentzako bizi zara, injustizia da nagusi, mina dago edonon».
Hori, esan nion neure buruari, hori nik hankapetik! Forma aldetik esan nahi dut. Niri euskaraz hitz egitea ez zait kostatzen. Jakina, zer gai den, bai. Gai batzuetan guri hiztegia falta zaigu. Beste batzuetan ez dakit zer. Beti, erdarak esku-eskura edukitzen dituen klitxeak. Erdaldunek askotan pentsatzen dute, berek ideiak eta dauzkatela, berbak dauzkatelako beti pronto. Eta klitxeak dira. Klitxe bat botatzen dizute, ideia bat balitz bezala. Ematen dit amorru bat! Guk, ideiak apenas diren gauzatxoak adierazteko, izugarrizko penak, izugarri nekatu behar dugu burua. Ideiak omen dira, ideiak: eta batzuek botatzen dituzte horiek ideiak, behiak bezala, plasta-plasta. Eta lasai geratzen dira. Behiak bezalaxe benetan, segi larrean. Eta esan duen dena gero klitxe hutsak ziren, eginda dauden espresioak, edozeinek hartu eta erabiltzeko, ia hitz bat aldatu gabe. Hori bera euskaraz esateko, sinple samar esateko, guk sekulako lana egin behar dugu. Besteak ideia handi osoak botatzen, egiten duen lanaren aldean, sinplekeria bat esateko guk egin dugun buru-lana, doble bai, eta zailagoa, nahitaez pertsonalagoa da eta.
Esan nahi nuena: poesia sozialean aurkitu nuena, hain zuzen, formaren ezaxola bat edo, erraztasuna zen, isuri direktoa (ez dago ondo esana, baina ulertzen da), naturaltasuna, solas-molde apainkeria gabea, askatasuna. Sentimendu soziala nik nahikoa banuen neure barrutian. Hori nola esan? Nik uste izan nuen, hori espresatzeko genero bakarra prosa zela. Onenean ere, poesia epikoa. Baina gero ikusi nuen Arestik nolako bertsoak egiten zituen esaterako. Ze Arestik egiten zituen bertsoak prosa hutsa dira. Prosa apurrak, prosa txikiak, lerro-etenka banatuta. Segidan ipini eta guk irakurtzen genituen Rabindranath Tagore-ren testutxoak bezala geratuko lirateke. Haren ehunetik ehunekoa idatzi segidan eta topatuko duzu hirurogeia prosatxoak direla. Dira, pentsamenduari, sentimenduari, injustiziari, protestari edo desirari, ardura gehiago ematea, eta lehentasun horixe azaltzea forman ere. Mezuak bere forma hartzen du, ezartzen du, bera beste arau eta lege gabe. Hor ikusten duzu gaia hezur-hezur. Adornatu gabe. Badakigu barnagoan adornu-falta hori txit landua dela. Inor gutxik landu du sekula bere poesia Bladi Otero-k baino gehiago. Baina ulertzen didazu. Itxuraz ia adornu gabe. Eta gure literaturaren eta gure poesiaren kontzeptuan zegoen, adornatu egin behar zela. Adornatu, soiltasuna eta hitzen justutasuna trinkotuz, edo alderantziz, Góngora bururatzen zait, oparotasuna, irudien eta hitzen eta erreferentzia kultural ezkutuen aberastasuna ihaurriz*. Behin ere ez ideia soil-soil azaldu, etorri bezala esan, ez errima, ez erritmo, ez gainerako. Ze, batzuetan badago, nahi baduzu, pentsamenduari dagokion erritmo bat, baina hori ez da erritmoaren adiera klasikoa.
Idaztea, niretzat, harrez gero, kuidadu gabekoa zen. Ez nuen problemarik. Hiru gizon bakarka honetan, horrela espresatzea, neure barrua hustea, formaren aldetik ez zitzaidan kostatu piperrik. Hau idaztea? Begira, ni joaten nintzen eskola ematetik gelara, edo gauean ohera baino lehen, «bihar zer eramango diot Oteitzari?: hauxe», eta bi hizkuntzatan egiten nuen, ezer kosta gabe, lehenengo euskaraz idatzi eta gero dena gaztelaniaz jarri. Irakurri, alderantziz: irakurtzen nion lehenengo gazteleraz eta segituan euskaraz irakur erazten zidan; gazteleraz behin irakurritakoa, euskaraz hiruzpalau aldiz. Horrela Oteitzari, lagundu ez, baina gutxienez lagun egiten nion bere olako bakardadean.
Hau ez zen sortu aldez aurretik liburu baten gisa kontzebitua. Ez da poema bat, poematxo-sortak baizik. Puska eta puxka askotako mosaikoa. Batasuna, sorguneko baldintzek erantsi diote. Koherentzia. Gero, multzotxoka ipini eta ordenu bat ematen, Pello Zabaletak ere lagundu zidan. Eta Ospakizunetan asko lagundu zidan. Nik eginda neuzkan zatiak, baina ez nuen asmatzen muntaia nola egin. Distribuzioa. Ikusten duzu, lehenengo ospakizunean hiru gizonak triangeluan daude beren artean: upela erdian eta Dei-emailea upel aurrean, aldareko apaizaren antzera. Baina Dei-emaileak hemen oso paper gutxi du, zeremoni maisu edo puntu-jartzaile bat da. Bigarrenean aldatu egiten da eszenategia, ikus irudia, eta herria ere integratu egiten da ekintzan, bat, bi eta hiru gizon horiez gain, horiek hemen ez bait dira ari bakarka. Hautalana Mikel Lasarekin egin nuen. Nik paperak bete eta bete egiten nituen, Oteitzari eramateko, egunean egunekoa, eta hor konpon. Oteitzak bere lantegian gorde eta pilatu egin zituen. Gero, argitaratu egin behar zirela eta, denak ikusi beharra zegoen berriro eta batzuk hautatu. Ez diot inoiz nahikoa eskertu, baina arratsalde bat berarekin egin nuen. Zuk badakizu Mikel Lasa kritikoa dela, kritiko ona dela, falta zaizkigun kritiko literario horietakoa baino, kritiko literatoa. Kriterio oso onekoa eta informazio onarekin. Nik nahiago nuke gehiago egingo balu publikoan. Hark nire basotxoa bakandu egin zidan. Poema batzuk bota egin zizkidan, ikusten zuelako errepikapenak zirela, edo adierazita zeudela lehen, edo ez zutela ezer esaten. Bakantze-lana berak egin zuen.
Bestela hor ez dago ezer. Orduko gauzak. Halere, begira:

Guk dakigun egia bat
sua bezalakoa da
Ta
ezin ifini paperean.

Periodiku paperak,
esaterako,
ez du balio
sua biltzeko.

Batzuetan pentsatzen dut, gauzak menturaz ordutik hona ez direla hainbeste aldatu. Gauza berak.
Alegiak Euskal Herriko jendearen komeriak badira, Korupekoak hori eta nire komeriatxoak Arantzazuko jendearckin. Euskal elizak eskerrik euskara erabili du, esan ohi da, batez ere Arantzazun eta: baina euskal elizak, hori da egia, batez ere bulgoarentzat erabili du euskara, ez bere barrurako. Erroman erabaki zenean, otoitzak hizkuntza bulgarrean egin zitezkeela, Arantzazun erabaki zen, hizkuntza bulgarra fraideen koruan espainola zela eta korupean, jendearentzat, euskara. Asko sentituz, Gandiaga korupera joan zen. Korupekoak meditazio erreak dira, saminak («Artasokoak» hain zuzen erreplika bat dira: arimako bakealdikoak), etxekoaren eta kanpokoaren mingostasun bikoitzekoak.
Hamaseiharrieta Oteitzaren beste Arantzazu hori zen. Berak han plasmatu zuen lana, hark han sortu duen Euskal Herri nahigabetuaren irudia, harrizko guruzpidea. «Non zegoen nahigabea?», galdetzen du batek harri horien aurrean. Nondik atera dute harriok egonezin, garrasi, negar, frontis bihurturiko Laocoonte urratu barrukoi hori? Hemen dena zegoen orduan nahigabetan: Oteitza, Oteitzaren trintxa, herria eta harria bera.
Artasoko salmoak berriro betiko Gandiaga da, nahi baduzu. Ez derrigor ebasio bat. Baina dira Artason babeste, errefuxiatze, neuregana biltze bat, problemak alde batera utzita. Neure euskalduntasuna aldean dudala, utzi dena eta erretiratu Artasora. Dolmenaren ondoan eseri lurrean, eta otoitz bat egin ez dakit zeri, meditazioan galdu barruan behera. Hor bataio bat ere badago, azkena hain zuzen: «Lurra hartu dut esku barruan», urarekin ordez, asaben lurraz neure burua birbataiatzeko. Kritikatu dituzte batzuek salmuok. Jose Marik, badakizu nola pentsatzen duen, esan zidan, hau ez dela kristau batentzakoa.
San Frantziskok anai-arrebak zituen haizea, sua, ura, eguzkia. Eta lurraren gainean nahi izan zuen biluz-biluzik hil.
Badakizu zergatik Artaso? Artaso dago, barrankoaren beste aldera, Arantzazuren gain-gainean. Artaso erori zenean, esan ohi dut nik, Arantzazu jaiki zen. Artaso da zelaiune bat, hiru artzain-borda edo, eta dolmen bat. Beheraxeago, Gailardi deritzonean, tumulu bat dago. Goian, bostehun bat metrotara, beste dolmen bat, Gailaurko dolmena. Artaso-gain horretatik bista zabal oso ederra dago. Arantzazu. ikusten da batez ere aurrez aurre. Oxigenatu behar izaten nuenean neure burua beste aire batzuekin, berneuganatu behar nuenetan, Artasoko ttonttorrera joaten nintzen. Hor dolmena dago, harrietan denbora zaharra itsatsita. Isiltasuna dago Artason. Eta hor, nire denboran tradizio-biltzailea izanda nago ni Arantzazun, eta jakin nuen San Bernardora erromerian joaten zirenean Arabara, hortik pasatzen zirela. Eta San Bernardotik itzultzean, hortik etortzen zirela. Eta Artason jaten zutela merendan azken mokadua. Eta Artason egiten zutela azken dantzaldia. Ze ez ziren joaten meza entzutera bakarrik. Meza entzun, errezatu, dantza egin, dibertitu pixka bat, elkar ikusi eta kontuak esan, gazteek elkarri begiak lora-loran begiratu neska-mutilek, eta erromerian etxera itzuli. Nekazariak, badakizu, kanpora doanean, eraman egiten du zer jana. Bazkaltzen zuten eta hondarra gero merendarako gordetzen zuten. Hondar hori azkenean Artason merendatzen zuten, dantza egin eta bakoitzak bere kotara aldegin baino lehen. Orduan Artaso, nire arima barnean, dolmena da, erromesen bidea da... Erromesen bidea Arantzazurako ere bai, Arabako erromesen parte handi batena. XVII mendean ja Gamarrak idatzi du «y pasan, gutxigorabehera, buruz, por el puerto que se llama Gallaur, que es contracción de gain-labur", hori ez dakit egia izango ote den. Dolmena ez du aipatzen, ez zuten ezagutzen. Dolmen hori neuk deskubritua da gainera. Eraman nuen behin Joan San Martin eta «hau, harri-pila hau zer da?» «Hori dolmena da». Susmoa aspaldi bait nuen. «Eta beheko hori?» «Tumulua». Nik, handik, distantzia batetik bistatzen nuen Arantzazu. Arantzazun egunero bizi nintzen. Egunero, egunero, egunero, egunero. Eta gauza batzuk egunero bizitzen nituen. Min batzuk. Oxigenatzera joaten nintzen hara. Momentu bat libre egotera. Ikusliar egotera, kanpotik.

Honez gero, Bitoriano, nahikoa mintzatu zara, ausartu egin behar natzaizu. lkusliar egotera besterik ez? Beti izan zara fede garbiagokoa ni baino. Arantzazura erromesak oinutsik eta belauniko etortzen omen ziren bidean. Korupekoak eta Hamaseiharrieta-tik minez etorri gara biok salmuotara. Artason errefuxiatzen garenean biok, ni zu irakurtzen, niri katarsi bat bezala agitzen zait horko Gandiagaren barruan. Bidea bukatu da. Borroka. Orain isiltasuna da. Sinestun ibili naiz ni ere zurekin bidean. Oharkabe-oharkabean, ordea, fedea lokarri guztietatik askatu egiten zaidala, sentitzen dut orain. Hori zure testuan dago. Itxuraldapen estasiko bat, akaso inkontzientean, eta nire barruan kosmo guztiak sinestun bilakatu nahi luke, kosmoaren betiere guztiko fede hitz-gabekoaz. Oker interpretatzen ote zaitut? Ala zuk zeure burua baino zuzenago ez ote? Han-hemen ibili eta, Artason bukatu duzu. Badugu arimatxo pagano bat ere: graziarena baino, lurrarenago umea.
Elorri-n oraindik Euskal Herri kristau bere buruan seguru, tinko bat; hemen Euskal Herri kraskatu eta bizi nahizko eta ezinezko bat, kantatu duzu. Eta salmuotan hain zuzen, sentimenduak eta gogoetak, hango kristautasuna baino, oraingo kaleotako herri puskatua baino, Euskal Herri gardenago, sustraituago, antzinagoko batera hegatzen dira, aire garbi nahastu gabeko bila. lkus, hasieratik bertatik, «lurrean etzan» eta: naturarekin bategitea, errealitate primitibo, elementalekin, bilatzen da kontaktua. «Artaso lotan dago / lo geldi maltsoan». Artaso, bere dolmenarekin eta tumuluarekin, dantzaldiekin, izan zen eta ia ez den milurteen bidearekin, gure arimaren antzinaroa da. Gure ama kulturala, altzo kosmikoa. Sustraiak. «Esta tierra me da lo suyo, lo que tiene ahí, lo que lleva disuelto, madurado en el subsuelo. De eso vivo. Esa es la sustancia que me invade». Ama lurrean dauzkagun euskaldunaren sustraiak.

Artaso
lotan geldi
geratu zen
aspaldi
aurreko mendian,
ta Arantzazu iratzarri
beste alderdian.

Ta, bien erdian,
lehengo erreka bera
bere betiko doan
betiko abian.

Euskadi biak. Bat prekristaua, Artaso; bestea ia Santutegiak sinbolizatzen duen gaurkoa. Biak buruz buru eta biak bateginda. Eta bien erdian erreka. Bizitza, bere betiko doan betiko abian. Erreka hori justu Gailaurren sortzen da, Artasotik gora, goiko dolmenaren alboan. «Gallaurtik behera / uren lasterra ... » Arantzazutik, Artason errefuxiatu gara.
Artasok sinbolizatzen duen unibertsoa —«Jentilen ama bizi, tuntur eta magun»— lotan dago bere antzinatean. Hobe izango da ez esnatu (baina bai maitatu!): zer egingo dugu, fedeari segurantzia basilikala hausten badiogu? Baina agian bera da, bai, Elorri-z gero mundu hau asko aldatu da: bera da gure baitan esnatzen ari dena, gure iragan zaharra, xumea, lehenengo ter ter, gero ten ten, «jadanik ten-ten zarata», iturrietatik ariman behera.

Nik ez dut esnatuko,
baina bai maitatu;
baina bai darion lehen
arnasatik hartu.

Eta bedeinkatu
—ta, hala bitza Jaunak—,
Sanbernardoz Artason
dantzatzen diranak.

Elorri-n ezertarako ez zen agertzen dolmenik, ez antzekorik. Euskal Herri hori ausente zegoen han erabat. Paganoa zen. Oraindik ez zegoen integratua gure Euskal Herriaren irudian. Gero, gauzak eta kontzientziak, asko puskatu dira, berregin beharra egon da. Horrek ere Oteitzarekin lotzen gaitu menturaz. Hark gure sustrai izpiritualak arte prehistorikoan bilatzen zituen bitartean, Gandiagaren ariman guk abaroa bilatzen genuen hantxe bertan, herri hau betiko suntsitzea mehatxatzen zuten ekaitzetatik. Jatorrirantz bilatu behar dugu etorkizuna.

Menditik dator erreka,
dolmenak ditun menditik.

Erreka, bizitza. Erreka ondoan, dolmen-urek antzinadanik bustitzen ari duten zuhaitza dago — liburu hau, Gandiaga. Gure esperantza.

(Hainbat elkarrizketaren barnetik, Joxe Azurmendik).

Gaia 1: Idazlea
Gaia 2: Biografia
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa