Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

L3G^

Mila bederatzi ehun
larogei ta bia,
gaitz zaharrak jota jaio
da urte berria.
A, oi, ai,
larogei ta bia;:
erruki El Salvador
eta Uruguaya! [I]

Argentina ta Chile [II]
diktadura pean,
orobat Nicaragua
jaunkeri berean,
ai, oi, ai,
diktadura pean,
marxismo-aitzakian
yankeen menpean.

Polonia, diote,
gaixo Polonia, [III]
langileen deihadarra
eta agonia;
ai, oi, ai,
gaixo Polonia!
Uso jantzian dabiltz
saia ta erroia.

Lautatik hiru horra
goserik munduan;
auzokoak gareanik
ez dugu kontuan,
ai, oi, ai,
gosea munduan.
Egoismoak bizi
gaitu infernuan.

Urrunetik hurrera
dena dago berdin:
gainekoa gor eta
azpikoa arbin,
ai, oi, ai,
dena dago berdin,
desosegu luzean
berdotz eta garmin.

Nazio jorietan
ospatu da Gabon
kontsumokeriaren
ugaritan bonbon,
ai, oi, ai,
ospatu da bonbon,
nahiz ta mila lurralde
miserian egon.

Zorion oihukatu
dugu urte berriz,
inondik ez ostera
pobreen ikuspegiz.
Ai, oi, ai,
diot, behin ta berriz,
justizia-jorana
dabil haien begiz.

Erromak durditzen* nau
bere jokabidez;
ulertu gura nuke
hain maite dudanez,
ai, oi, ai,
hain maite dudanez;
horma handiak ditu,
barrua tunelez.

Ezjakinei emana
bada Berri Ona,
hizkuntza txit zailean
mintzo da Erroma;
ai, oi, ai,
mintzo da Erroma,
herriarentzat al da
hain apain diona?

Polonian herria
eskubide eske,
El Salvadorren eta
Guatemalan triste, [IV]
ai, oi, ai,
eskubide eske.
Uruguay uluka,
negar luzez Chile.

Inpotentzia-mugak
zein diren garratzak!
Behartsuen zeruan
horra izar beltzak,
ai, oi, ai,
horra izar beltzak;
URSS eta USArenak
ez dira aratzak.

Larriak bizi gaitu
gizonik gehienok,
gerra-tresna ilunen
menpean garenok;
ai, oi, ai,
gizonik gehienok.
Proiektilez bahiturik
garoaz Heriok.

Non zara Sortaldean
agertu Izarra?
Azal zaitez berriro,
urra hodeitzarra,
ai, oi, ai,
agertu Izarra,
arnasak goza dezan
gaixuon bularra.

Inongo babes gabe
lur gorrian Belen,
pobreen zoritgaitza ta
beldurra sufritzen,
ai, oi, ai,
beldurra sufritzen;
ez da Herodesekin
seguru aurkitzen.

Belen dugu halere
gure esperantza,
alferrik Herodesen
amenazu latza.
Ai, oi, ai.
gure esperantza,
lastoen indar ahulak
hautsiko tu lantza.

Belenek biziera
bakana dakarki;
anparurik ezaren
eza du uztargi,
ai, oi, ai,
eza du uztargi,
pobreza bilakatuz
esperantza-harri.

Munduko behartsuen
solidari, Belen,
odola ikusten dut
bazterrak itotzen:
ai, oi, ai,
bazterrak itotzen!
Justiziak ez ote
du ordurik jotzen?

Ez dezagula etsi
hainbat ezbeharrez,
iraupena diguzu
eskatzen negarrez,
ai, oi, ai,
hainbat ezbeharrez,
Historiaren legeei
men egin beharrez.

Belenek Historia
ez du nahi bortxatu,
juxtu du Berri Ona
munduan txertatu;
ai, oi, ai,
ez du nahi bortxatu:
berez-berez dezala
mendua onartu.

Orpo bihurrian du
kokatu mendua,
Belen berak jasan du
lehen-eskarmentua,
ai, oi, ai,
lehen-eskarmentua:
pertsekuzioaren
atarramendua.

Halere Berri Ona
ari da itsasten:
Historiaren sapa
mina gozarazten,
ai, oi, ai,
mina gozarazten
oraindik zer gozatu
asko duen arren.

Errealitatea
dugu ikuskizun,
jende eta lurralde
asko dago ilun;
ai, oi, ai,
asko dago ilun;
bada zertaz penatu,
baita zertan ihardun.

Berri Onik inola
ezin dugu bahitu,
aldarrika dezagun
eman izan zaigu,
ai, oi, ai,
ezin dugu bahitu:
helburu nahitaeza
gizon oro bait du.

Mila bederatzi ehun
larogei ta bia:
helburua urruti,
mikatz Historia.
Ai, oi, ai,
larogei ta bia,
Joxeba zorionduz [V]
isiltzera noia.

Gaia 1: Gabonak
Gaia 2: Lagunak
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa