Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

UBM-1^

Estiloaren arazoa iruditzen zait dena.
Norbere burua oihalean ezartzeko trebetasun gorabeherarena. Nik ez dut hemen historiarik eman nahi, ez geografiarik, ez eta antropologiarik ere. Neure inpresio hutsak ezarri nahi nituzke bakarrik, neugan sortu izandu diren heinean. Horixe dut untze bakar. Untze hortan golperik huts egingo ez banu, nire guraria lorturik legoke. Zailenik ere bera dut arean*. Errazenik egin izan dut eskolan: Kontseiluak eman. [II] Nire ustez zuzenak, neure ikuspenaren jatortasunetik erneak behintzat. Beti ikusi dut eta argi ikusi ere, nahiz eta ogia berdina izan (1), jaten duen bakoitzak bere tankerari dagokionez beretzen duela. Eta bere modutan azaltzen duela ogi haren gozoa, bere itxura berearen ispilutan .
Literatur-lariak [sic] hauxe du behinenik. Errealitatea guztiontzat ageri da berdinki. Baina jaso, bakoitzak bere eratara jasotzen du. Eta azaldu, halatsu azaldu behar genuke. Horretarako bakoitzak egin behar du lan, norberaren itxura pertsonalari dagokion neurri eta aireko hizkuntza edo agerpidea idorotzen eta sortzen.
Egaņarekin [I] gaur izan dudan solasean gai honen ingurutan ihardun dut: Bakoitzak norbere sentipenari dagokion hizkuntza aurkitu ala asmatu beharrez. Edozein hizkeratako idazlek egin beharrekoa du hau, eta hontan datza bakoitzaren pertsonaltasunaren erroko oinharria. Gure ingurutako erdara handiak oparoagoak direnez, hizkuntza pertsonal hau sortzeko zeri-heldu gehiago eskaintzen dute euskarak baino. Baina egindako hizkera erraz eta edonorenez aritzeko arrisku gehiago ere bai. Idazle euskaldunak ere badu arrisku hori horratik, Gero-n, Garoa-n-eta landu izan den hizkuntzatatik irten nahi ez balu, esaterako. Baina Axularrek eta Agirrek beren esankizunei zegokien esaera sortu zuten eta ez nire eta beste inoren galdera-erantzunei, ikuspide eta sentiei dagokiena. Literatur-egilearen lana armiarmaren* lanaren antzerakoa da: barruan duen saregaia, hizkuntza gaien ugaritasuna, nahiz handia nahiz txikia dela, bazterraren, arloaren, norbere asmoaren harira erabili behar du. Saregaia bat bera delarik, sarekera bakoitzak asmatu behar du norbere izate, eskabide, aiurri eta eginkizuni dagokion eratara. Pintore aberatsak -gaztelerak adibidez- pintura-gai edo hitzen ugaritasun handia du gure aldean, oihal hobeak eros ditzake, marku ederragoak. Gu urriago aritzera beharturik gaude. Gure eskuarteko pintura ontziak ttiki dira eta ez asko: oihalak edo temak ehundu gabe dauzkagu eta markuak edo literatur-jeneroak oraindik zerratzeko. Hala ere baliakizun eskas horik nahikoa ditugu benetako arte-lan artailuak* egiteko. Besteek konpresoraz eta tresneria teknikoagoz lantzen duten harria, guk lanabes apalagoz landu behar dugu, baina guk ere landu egin genezake horratik. [II] Besteek burdinolatan urtzen eta moldatzen duten burdina guk mailuz eta ingudez itxuratu behar dugu, baina itxuratzea behintzat gure eskutan dugu.

Gaia 1: Idazlea
Gaia 2: Artea
Azpi-gaia: Idazlea: Estiloa
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa