Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

UBM-1^

Gizona, beste edozein gauza bailitza bezala, jarri nahi nuke paperetan. Makina handi eta ulergaitz baten tornilu, uhal, ardatz, torniluaren kapela, krisketaren aila*, uhalaren kizki, ardatzaren osagai datekeen edozein pieza eta edozein piezaren zeinnahi atal bezala.
Erlojua konpontzen izan naiz eta tripak ikusi dizkiot tripatatik kanpo. Mila txirrin ziren, mila ardatz, bata bestea baino ttikiagoa. Piezatxo bat ordaindu behar izan dut, ia ageri ez zena.
Gizona gizaditik desmontatuta jarri nahi dut paperetan. Bere burua osatzen duen zati bakoitzean jarri nahi dut askaturik gizona: burua, bihotza, esteak, adimena, gibela, urdaila, trebetasuna, formazioa eta abar. Gizona zatitan jarri nahi dut paperetan, piezatan sal daitekeen edozein mueble bezala.
Hainbeste zatiz osatutako gauza bat bailitza jarri nahi nuke paperetan gizona. Bere edozein zati dela-ta sal nahiz eros daitekeen beste edozein gauza bailitza azaldu nahi dut jendearen aurrean gizona. [I] Besorik behar duenak, baduela besorik salgai esan nahi dut. Zangorik behar duenak, baduela zangorik. Saltzeko orduan gizona erregalatu egiten dela esan nahi dut, erosteko orduan besoak erosten direla bakarrik, zangoak bakarrik, formazioa bakarrik. Beti erregalatzen da gizona, harek lukeen zeinnahi baliakizunez batera.

Gaia 1: Jendea
Gaia 2: Idazlea
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa