AZK^
Ateri zegoen, baina ez ateri bakarrik, hodei zuri plastazu* bananduen artean, urdinune eder galantak ageri ziren, eta urdin une [sic] handienetako batean eguzkia. Laino arteko eguzkiak gehienetan erre egiten du, baina egun hartan epeldu eta argitu besterik ez zuen egiten. Hontan, Azkartza-gainetik pasatzen den kaltzada zaharraren gainaldeko zelaiak eraman zizkidan begiak [I], eta eraman ere arra bete gorabeherako belar heze eta mardulean, haizeak eta eguzkiak zerabilten jolasak.
Gozo zetorren hego aldetik haize epela eta esku garden eta leuna belar puntetatik pasatzen zuenean, hauek, kilikiliagatik edo, makurtu egiten ziren eta orduan eguzkiak bere distira pasatzen zien bizkarretik burura, eta halaxe zelai dexente handi guztia zehar, barrenetik goenera, haize bafada berri bakoitzak, aurrekoen antzera bere eskua pasatzen zien belarrei, eta hauek makurtu egiten ziren eta eguzkiak distira pasatzen zien bizkarretatik burura, eta zelaiak aldapan gora egiten zuen haizearen eta eguzkiaren aurrean, ibai berde, olatu txiki urrezkodun bat bailitzan, aldapan gora egiten zuen inoiz amaitzen etziren olatu eztiekin.
Honetan, zelaiko jaian jolasean ziharduten belar kontaezinen artean, bat jo nuen begiz. Itxuraz besteak bezalakoa zen, gainerakoen antz-antzekoa, eta ez dut dudarik egiten, gainontzekoen bezalakoxea zela. Kilikiliak egin dizkioten edozein mutiko edo neskato bezala ari zen barrez eta hasperenka dena segidan, baina nekaturik egon arren, ez zuen ematen jolaseta buka zedin nahi zuenik. Beregana hurbiltzen ikusi ninduenean barreak ateratako negar anpuluak mahukaz igurtzi eta begira garri zitzaidan.
Agur egin nion. Ez dakit erantzun ote zidan, ze, hain adi jarri zitzaidan, baina ez izu, jolasean parte hartzera nindoakeen beste lagun bati bezala baino. Galdera bat, esan nion, galdera bat egingo nizuke. Etzidan ezer erantzun, sorbaldei gorakada bat eraginez begira geratu zitzaidan. Hara, jarraitu nuen, jakin-minak izaki askori galderok egitera bultzatzen nau eta gaur, zelai honetako belarrok, haizearen eta eguzkiaren kilikiliei hies [sic] egin nahian bezala jolasean ikusi zaituztedanean, zuei ere itauntzea otu zait. Berriz ere sorbaldak mugitu ditu, baina apalago. Begira, jarraitu dut, zuen berri jakin gura nuke. Ez dakit galdetzerik ere daukadan, baina bai, zuen berri jakin nahi nuke, aukeran, bizitzaren edo existentziaren aurreko zuen jarrera. Bizkarrik ere mugitu gabe eta serio, begira begira jarri zait. Ez du txantxa airerik, ez dunez. Hara ekin diot, zuek hemen hestu [sic] estu bizi zarete, bata bestearen ondoegian eta ezertarako lekurik gabe eta gizakion iritzirako denok zarete berdin berdinak, bata bestearengandik bereizten duen ezertariko ezaugarri gabeak, berezko nortasun bakoak, eta ez-euki, gabe [sic] edo ezerbakoak, eta gainera, ezer ez daukazutela ez esatearren, melarrak eta txikiak zarete, eta mila zu bezalakok, gizakion eskubete baino gehiago ez zenuteke [sic] egingo. Serio ez ezik gogor itxuran jarri da. Tamainakoa bera. Giharrak tenk jarri zaizkio. Behar bada, une honetan hodei zuri handietako batek ezkutatu egin du eguzkia. Kuestioa da momentu honetatik aurrerako haize-eguzki-belarren jolasik ez dudala gogoratzen. Instant horretatik aurrera belarrak banan banan ikusi ditudalako inpresioa dut. Hain serio ta hain banako agertu zaizkit. Garbi ikusi dut belar bakoitza bakana eta bakarra zela, alegia, belar bakoitza ez zela bestearen berdina. Serio zegoen nire belar berbalaguna, baina geldi-geldi gogor itxura erruki itxura hartzera joan zaio. Serio itxurak ez dio ikararik egin ordea, benetan serioago jartzera izan ez bada.
Destainaz ez baina agian hoztasun apur batez eta nor den ondo dakielarik, neurtu nau burutik oinetara serio eta isilik eta gero irribarre arin zertxobait tristez,
—Zu kaltzadaren azpi aldeko lizarrak eta haritzak ikustetik zatoz, esan dit. Badakit aurton haritzen gerriko adarrak oso goraino inausten jarduna zarena. 4-5 bat metrotan garbi utzi dizkiezu enborrak—.
Oraindik lurretik ozta irtena nintzela entzun ere egin nizun, inausketa horren arrazoia. "Hemendik 60-80 bat urtera gerri inguru ederra izango dute haritzok, material piloa. Prezio ederra egingo du orduan ere haritzak, orduan ere haritzez egindako altzariek eta beste dornadurek urrea egingo dute". Zuek onurari, probetxuari, etekinari begiratzen diozute beti eta bakarrik, lorea bera ere, esaterako, egiten duen prezioaren arira baloratzen duzue edo eta ekar dezakeen uztagatik-edo, hala beste guztia gu belarrok barne. Etzarete gauza goizeko ihintz tantaz beteriko aramu-sare bat aintzat hartzeko, pago ihartu zahar baten mamu patetikoaz
hunkitzeko, goizaldeko zeru urdin arrosatuaz txunditzeko, ez euri zaparrada bat miresteko ez doako mila ta mila fenomeno zoragarri onesteko. Zuen begietan guk ere zuontzat ez dugu balio landak felpa berdez jazten ditugun izaki mehe, zalu, amore-emale txairo-ta garelako, egiten dugun emendio eta probetxuagatik baino. Botatzen diguzuten ongarria, gehiago eta mardulago hazi gaitezen da eta etekin hobea eman dezagun.
Moztu egin diot erretolika. Gozoago hitz egin dezan nahi bait dut. Ironia gutxiagoz. Hara, esan diot, hitz egiten jarri zarenez gero, neure jakin gurari erantzun diezaiozun eskatuko nizuke. Baina esaidazu, ze adin duzu?
—Belarrok, belarren adin eskalan, belar heldu gara behin arra betez gero. (1)
—Adieraz idazu hori zerbait gehixago [sic].
—Ba gure bizitza zuenaren aldean oso bestelakoa da. (Zuei gure bizitza zerbait laburraren paradigma bezala jartzen zaizue, zuena ere laburra dela adieraz nahi zaizuenean). Gure bizitza, zuen esanetan, egun batekoa baino ez da. Zuen iritzian luzera benetan gutxikoa. Gure ikuspegitik, ostera, ez da hain motza. Guk ere, zuek zeuena bezala, guk ere gure bizitza luzeago ledin nahi genuke bizi ta bizi egiteko, baina zuei zuen bizitzak ematen dizuten adina denbora badugu guk geure bizi prozesua burutzeko.
—Hala bada, hala izango da; baina esaidazu: Ez al zarete estuegi bizi, ezertarako lekurik ez duzuelarik?
—Eta zertarako dugu gure gozamenerako behar dugun lekua baino gehiago? Zertarako dugu guk geuretzako, beste bedar batentzako izan daitekeen lekua? Guk (gizakiek ez bezala) besterena izan daitekeen ezeren gutiziarik ez dugu. Ez dugu alferriko zaigun eremurik eskuratzeko grinarik, ze argi daukagu eremua haren beharrean den guztiari zor zaion ondasuna dela.
—Ez eta gizakiok dugun bezalako nortasun banako edo bakoitzarenik ere.
—Bizitza bera, bakoitzaren bizitza delarik, ez da berdina bakoitzarengan, bakoitzak bere erara bizi duela bizitza, esan nahi dizut. Nik eta nire auzoak era ezberdinean bizi dugu bizi gaituen bizitza bera. Ez dago ale berdinik ez gure artean ez zuenean. Bizitzeko moduak, ez dut esango ematen, baina adierazten du bakoitzaren nortasuna; beraz, gu bakoitza, hor gara hurkoaren amorean eta elkarrekiko.
—Baina ez al zarete pobre sentitzen? Zeuok zaretenaz aparte, ez daukazue ezer, ez zarete ezeren jabe, ezin zaitezkete besteez zeuon probetxurako zerbitzatu.
—Baina zertarako behar dugu ezeren jabe izan, ezeri bere buruaren gaineko jabetasuna ohostuz? Eukitzeak izatea konplikatu besterik ez liguke egingo gainera.
—Nola nahi ere, hain melar eta txiki zaretenez gero, izaki eskas, kaskar eta ezereztzat eukiko duzue zeuon burua.
—Hala iruditzen al zaizu? Beno, zuen iritzian, zuen ikuspegitik begiratuz, behar bada, zelai hontako belar guztiok ez ezik, mundu guztiko belarrok ere berdinak gaitezke, baina errealitatean, gorago ere aitzera eman dizudanez, ezberdinak eta bakoitza gere moduko gara, geure garentasunaren irudi bakarreko.
Bestalde geure buruok eskas, kaskar eta ezereztzat jotzetik urruti gaude. Ez al gara ba bakoitza berezi? Ez al gara bakar eta beraz paregabeko? Jakina, zuek zeuon zerbait izan beharraren zerbait izan beharrez, halako edo bestelako izan nahi duzue eta ez zarete halako ez bestelako izatera heltzen eta txarrena dena ez zarete zeuok behar zeunketen bezalako ere egiten. Guk, bakoitzari dagokion mailara jotzen dugu geure izate geurea onartuz, geure izate geurea haintzat hartuz eta egitekoaz pozik.
Eta begira geratu zait. Belarraren aurreko nire jarrera asko aldatu da, hasierakoan urreratu natzaionean baino gogoetatsuago, pentsakorrago ikusi nau eta apalago. Irribarre polit bat dario eta begiratu samurragoa. Nire begirada ere asko aldatu da, beste era batean ikusten dut bai hizketakidea bera, bai belardi osoa.
Orain argia egin da berriro, nolababait esateko, baina neure begiotan sortu den argiak argitzen du ikuspegia. Eguzkia estaltzen zuen hodeia paretik kentzean, lehen baino ikusgarriagoa dirudit belardiak. Baina non da nire solaskidea, nire berbalaguna? Bere lagunen taldera itzuli da seguru eta nik ezin diet antzik eman, benetan hola ez den arren, niretzat denok bait dira berdinak. Eguzkiak lehen eguerditik jotzen zuen zelaia, orain, jada, arratsaldetik. Haizeak epel dirau eta oraindik hego aldetik. Belarrek jaia dute oraindik haizearen bafada, musu behin eta berriro ta neke gabe emate halakoen eta eguzkiaren urre urtu atsegingarriaren distiraz argi (2)