Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

UBM-1^

Karlos Elvira eta Egaña, Tetuan hauzo aldamenetako txabola, txosna, orma zahar eta abarri erretratuak ateratzen ari diren bitartean, ni neure koadernura begira ari naiz, koadernura eta aurrean dudan ikuskizunera. Ez dut ezer ulertzen, ala, beharbada, ez dut ezer ulertu nahi, ikaragarria litzatekeen zerbait aditzera hel ote nintekeen beldurrez.

Lehendik ere txaboladiak ikusia naiz. Bilbon, Salbetik gora mendi aldean ziren hauzotxo zikin haiek zehar erabili ninduen behin gure osaba Eulojiok [II]. Higuingarria gertatu zitzaidan giro hura. Usai atzeragarrien eta lohi okagarrien oroitzapenez besterik ezer ez nuen ibilaldi gogaikarri hartatik atera. Ez nuen nahi izan egoera hari buruzko azterketarik egin. Niri ez zegokidan arazo bat zirudidan, eta ikuskizun itsusi haiek ikustera zergatik eraman ote ninduen osabak, galdetzen nion neure buruari.

Karlos Elvira eta Egaña biziki arduratzen dira txabola eta txaboladi gorabeheraz. Nik ez diet oraindik ia ezer harrapatu ere egiten ganoraz, halako gaiz dihardutenean. Ikusi bai, ikusi egiten dut gizonak eta haurrak-eta gaizki bizi direla txaboletan eta egoera hau sendatu beharra guztion eginkizun dela ere, baina nolarik ez dut ikusten. Klasearteko burruka beharrez, jende hauetan burruka-kontzientzia sortu beharrez-eta dihardute nire lagunek. Nik atzematen dudana jasotzen dut eta jasorik dudana irakurtzen:

"Zuriz pintatutako txabola bat edo beste, adreilu margulezko* txabolatxoen artean. Lurrezko ormarik ere badu zenbait aterpek. Teilazko nahiz bidoi-txapazko teilatuz gora hainbat antenak gauza nabarmena dirudit. Taketak dituzte jarririk txabola arteko bitarte ta plazatxotan eta alanbretan zapi maraztuak* zintzilikaturik. Adreiluzko pilare baten duten iturri hori uretan baino haserretan ugariagoa izango dutela iruditzen zait. Gizon ilunen iturria da, andrazko zoliena, neska-mutiko zarpatsuena. Zakurrek txabola arteko areka eta potingo uharretan edaten dute.
"

"Etxe berrien arteko txaboletako gizonak ez omen dira haserretzen euren artean baino. Ez omen dute kufiziatzen txabola hobe bat baino. Ez omen dute eztabaidatzen txabola arteko zentimetroen gorabehera baino. Ez omen dute begiratzen txaboladiz kanpo. Ez omen dira jartzen txaboladi arazoa sustraitatik konpon dezakeen hasera batetarako azterketa ihardunik egiten ere", aditu diot Egañari-ta.

"Kako azpitan umeak elkarri segika. Anabasa pila baten ostetik katu beltz bat agertu da. Katu beltzak patxada handi gabe edan du ura txabola arteko erretenaren bazter baten. Hemengo haurren aurpegiek zahar aire bat halakoa dute dagoeneko".

"Etxe berrien artean noiz arte? Etxe berrien artean hatzitu dute txaboladia. Handik-hemendik sartu dituzten grua, pala ta eskabadora lerden eta indartsuek kolóre horia eta zarata lakarra dute".

Ohartxook, pittin bat txepel iruditzen zaizkie nire lagunoi. Zalaparta gehiagokoak espero zituzten nonbait. Egia esan, neuri ere ez didate barrurik betetzen. Begiz haruntzago eta ikusten dudanez
[sic] gaindi, garbi dago hemen untze oso mingarri bat baino gehiagoren gakoa. Baina ezinbesteko beldur halako bat diot sakonago jotzeari. Debeku bat halakoa sumatzen dut, ezpatadun aingeru garratz baten irudikoa, barrurago ninderamakeen bide ataritan.

Agian hezkuntzaren ondorio gogor bat dut dena. Euskaldun maizter baten seme izanki, mundu-martxaren halakotasuna ontzat hartzen ikasi behar izan genuen ume-umetatik. Nagusi, aberats, agintari, lege, ohitura, usario eta gertatzez gertatu ohi den guztiari men egiten irakatsi ziguten. Maizterrak maizter behar du ta burutara letozkiokeen asmo eta eritzi-punttak berorika agertu behar dizkio ugazabari. Begirune hau berau, ezagutu ditugun egitura zorrotzek ere finkatu izan dute gure barrutan. Hizkuntzari eta gainetiko gure eskubide sentitzen ditugunei, gure edotariko ogibide neketsuri, euskaldungoari bere dituen osotan gure bizitzako egun guztiak zehar, egite etengabean egiten eta geldi eta bakean eta barkamenean eta maitasunean ikusi behar, eraman behar eta diren behar ezinbesteko guztien ezinbestek ekarri gaituzte, itxura baten, halabeharrezko jarrera geldo eta enkelo* hontara gu. Gure sentimendu zoldituen* gainean bigarren kontzientzia halako baten tortika* lakar eta lodi bat egin digu guzti horrek eta beste ezbehar asko gehiagok, eta hortara ohitu gara eta gehienean ere tortika gaina haztatu dugu sakoneko azkurea gozatzeko. Hau guzti hau hala delarik, nondik atera behar dut nik orain poliki-poliki zikiratuz joan naizen neure senti bizienen eztenik, zezen gainkariaren orrorik inongo eta inoren ezbeharren aurrean ?

Nire lagunok Bilbo aldeko erdaldun izanki, euskaldun jende arrunton lorrez kanpoko arlotan jaio eta biziak izanki, zitaltxo ditut nire gandor eta erpe gehiago gabeko ohartxooi buruzko epaietan-eta. Nire hoztasun eta konformidade aireduratatik at ikusi nahi nindukete-edo. Nolanahi ere euren hezkuntzatiko ikuspuntutatik epaitzen naute, gure hitz apurren neurririk, ez asko ta ez gutxi, sumatu gabe, aipatu dudan tortikaz goitik ari garenean, tortikaz behetik dugunari azkure ta duoa egin ohi diogula ohartu gabe.

Baina ez dut neure bururik zuritzen ihardun gura eta ez dut behar ere zuritu, gizasentipen [sic] jator askoren presondegi besterik ez dudalako. Egin behar dudana askatze lana dut nik. Kontzientzia iluntzeraino, haren azala idortzeraino, haren begiak okertzeraino nolabait onhartuz joan naizen hainbeste bidegabekeria amore emandakok gaineratu didan oskol eta moskol kaltegarri hautsi behar dut, eta tristerik bizi dudan sentikortasun jator zurbildu-zurindua* eguzkitara atera, biloizik eta garbi, naturako edozein izaki askek bezala egiari hurbildik hel diezaion, egiak hurbildik uki dezan.

Hala ere, errealitate penagarrion aurrean itxuraz bezain axal eta arin ikus ez nazaten, zera aitortu nahi diet neure lagunoi: Euren bide berez ez agian, baina bai geure giroan bizitu izan dugun oinaze bidez, balitekeela ni eurak baino urrutiago ez aurkitzea txaboladiko gizajende honen pairakuntza eta egoera negargarria ulertzetik. "Etxe berrien arteko gizonak ez dira haserretzen euren artean baino" hori, entzun bezala jaso baldin badiet, ez da izan gehiago gabeko kopiatze huts bat. Ezagutu izan dudan bizi-modu-giro baten kalko kalkoa da hori niregan, eta kalko halakoa delarik, badu niregan oroitzapenezko oihartzun bizirik: Beste inorekin haserretu ezin direlakotasunaren durundi ezagun bere moduko tristagarri bat. Niregan azpi-soinu honen erantzunak dagio ostekaldea: Beste inorekin al ote daitezke haserretu, eurak baino gorago eta babes gehiagoz mundu guztia dagoenez? Eta gure ahalegin handiko jende arrunt eta onaren elkarren arteko haserreak oroitarazten dizkit, eta ugazaba eta handikiekiko otxantasun lotsagarria. "Ez omen dute kutiziatzen txabola hobe bat baino", kopiatu dut. Eta horra barruz barru ari zaidan ihardespena: Inguratzen dituen dena inorena izatearen harrizko errealitate hesparru ezin garaituzkoaren barrunbetan zer besterik dezakete kutiziatu nolabait iritsi dezaketen apurtxo hura baino? "Ez omen dute ezdabaidatzen txabola arteko zentimetroen gorabehera baino". Hauzo arteko mugarri gorabeheren eta airedura hortako beste zenbait ipuin-eta holako gogoratzen zaizkit. "Ez omen dute begiratzen txaboladiz kanpo". Izan ere nora behar dute begiratu, nora begira dezakete, zertarako hegal guztitatik hertsirik ikusten badute irtenbide ororen itxaropena? "Ez omen dira jartzen txaboladi arazoa sustraitik konpon dezakeen oinharrizko azterketa ihardunik egiten". Baina zein azterketarik egin behar dute? Zer dakite eurek zein azterketa behar duten egin? Zein haziera dute azterketarik egin behar dutenik otu ere egin dakien? Eta abar. Eta hola dena zait kateatzen inola ere ahaztu ezin dudan egoera eta iharduera ezagun eta antzerako samar hartan. Ikusten al duzue lagunok, kopiatu dizuedan horrek zuengan ezik niregan ere bazuela mami zauritu ondo neurerik?

Eta ez dago zergatik aitortu, errealitate latz honen ulertzez eta sentitzez bakarrik ez dela lasai geratzen bat, eta errealitate hau eta diren beste errealitate mingarri askoren etorburu eta gertabide oro urbanizatu nahi lituzkeela batek, gizajende orok erosotasuna aurki ahal dezan munduko egunak zehar. Ez da ez errealitate hori ongi ikusten eta gaitzesten ez dugulako, ez eta konformidadea zazpi ta zortzi dinamita tiroz jadanik lehertu eta desegin nahi ez dugulako ere.
Hortik aurrera dago ataka hertsia, hortik aurrera ate-zakur ikaragarria, eta ukitzera heldu nahi ez dudan puntuaren burdin punta arriskutsua: Neure erantzukizun pertsonalaz gordinki trikitx egiteko* beldurra. Halako astindua eman beharko bainioke bizitza guztia zehar janzten etorri naizen zenbait dotrina jadanik nolabait orain babesgarriri. Badut aldean gaitz zaharrik, hasera batetan sendaerrazago zitekeenik, gaur sendatzen jarri baino dagoenetan jasan nahiago dudanik. Behartsuen errealitatea ikustez eta sentitzez aurrerako pausoak nau izutzen, eginkizun eta eginbehar gogorregien burruka-zelaitan aurkitu ote nintekeen beldurrez. Ez ote ninduke eramango, nolabaiteko neure erosotasunaren kaltetan, bizitza inoren, inortzuren, alde jokotan jartzeraino? Ez ote lidake eskatuko gauzak konformidadez eta zelabaiteko patxadaz eramatea baino zerbait latzagorik? Tortika zikinaren azpitan sentimendu zoldituak jasatea baino gogorragoa ez ote nuke haragi gorri odoldutan aritu beharra? Neure erru bakar eta osoz izan ez arren, bat bidegabekeriatan bizi dela, ez ote da ikusi nahi ez izatekoa?

Txaboladitan, gizamusu izugarri bizi eta esanguraz bete bat marraztu du Egañak. Zenbat gauza dioen gizamusu horrek! Zein sentimendu sakona duen indarrez kanporatzen aurpegiko zinu bakoitzez. Marrazki hori neuretzat eskatu diot. Ez dakit Euskal Herriko zein langile ala txaboladitan ikusi dudan zein gizon saiatu gogora arazten didan. Neke luze baten airea dario, ezingehiagoren iluna, nahi betiko baten antsia, egon beharraren asperkuntza, su gorde baten beroa eta geldo lodi baten errautsa dena batera eta nabarmen eta gaziduraz eta eramanez eta asaldaduraz eta iraupenez. Zein gogo ematen didan berarekin hitz egiteko eta esateko:


Adiskide!
Baina ez dut horretarako eskubiderik.
O, ahal banizu adiskide deitu, diotsat,
ohore aski nuke, gehiegi.
Ohore hau, ordea, ez merezi.
Baina gizon bai, inor bada
zu deitu zaitzaket gizon. (1)
Ongi zor dizudan deitura honetaz
natzaizu zuzenduko:
Gizon!
Zure oihartzun baino
zure ahots nahi nuke.
Emaidazu zure zerbait
zutaz ari ahal nadin.
Badakit eztarri guztia
beharko dudala berriztatu
bularretik ezpainera
dena,
bizitza horren egia
tonu faltso gabetan
eman ahal dezadan.
Aurreratu idazu zure zerbait
zutaz ari ahal nadin.
Ez dit ardura zer,
agian nahikoa dut zure isiltasuna bera
nire egoera ta burua galdera taratuluz
zulatzen has ahal nadin
niregandik zuganaino. Izan ere,
nolatan desberdindu gara hainbeste, nola,
ez bainaiz inor zure izenetan mintza ahal nadin?
Nola naiz zuregandik hain urrutira aldendu,
nolatan zaitut ahaztu, nola bertanbehera utzi,
kontzientziak berak gaur gogor debekatzen baitit
zure izenetan ahorik zabal dezadan?
Onhartzen dut debekua eta isildu egingo naiz neu ere;
baina zuk —Euskal Herriko zeinnahi behargin
ala Madrileko zeinnahi txabola-gizon
ala beste nonbaiteko norbait saiatu zarela—,
zuk utz iezadazu zutaz oroi ahal nadin, zugana hurbil nadin,
zuri so egon ahal nadin, zure ahotsa entzuten, zure beteduraz
betez joan ahal nadin, zure izioduraz izio ahal nadin,
eta erre nadin zure su berberatan, noizpait eskubidez
adiskide deitu ahal zaitzadan, eta zuk noizpait benetako
lagun aitor ahal nazazun.

Karlos Elvirak argazkiak agindu dizkit.

Gaia 1: Jendea
Gaia 2: Biografia
Azpi-gaia: Jendea: Pobre(tasuna)
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa