Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

UBM-1^

Zerbantesi

Mendatako Orbelaun basetxean jaio nintzen 1928. urtean. Urrikoa naiz [I]. Hego-haizea kolore hori-gorri beroz gure mendiarte berdeak zehar landare txiki eta handi zoragarri iziotuz sartzen denekoa. Nabarnizen ezagutu nuen lehenengo eskola-maisua [II], Don Sisto, osaba Eulojiok eman zidan euskarazko katona behin ta betiko harrika jaurti zidan hura [III]. Gero Arratzuko eskolara joaten nintzen negu alditan. Egundo ez nion maisu bati ezertxo aditu, egun batzutan ezagutu nuen maisu bajuto bat etorri zitzaigun arte. Nafarra omen zen. Ez dakit. Hitz batzu euskaraz esan ohi zizkigun behintzat eta harexen akordu apurra dut eskolako gozo guztia.

Arantzazun ezer ulertzen ez nuelarik jarraitu nuen, baina Arantzazun euskara maskaltzeraino ikasi nuen. Ez behingoan, eskolarik ez nuelako (1) bost urtetan ihardun behar izan bainuen hiru urteko ikasteak egiten [IV]. Baina bitartean hobeto malgortu* ahal izan nuen euskara. Arantzazuko urte haietan buruz ikasi nituen zure Kixote liburuko zati batzu. Marrotan jokatzen genuenean "non fuiades, cobardes y viles criaturas; que un solo caballero es el que os acomete " esanez jarraitzen nien aurreko taldetik gure talderantz ateratzen zirenei erasotzerakoan. Literaturako liburutan ageri ziren zure idazlan zati guztiak irakurtzen nituen gustora.

Oporraldi batzutan eskola-mutikoentzat prantatutako zure Kixotearen laburpen iragazi bat ere irakurri nuen. Kixotea, bere osoan, fraide eginda gero irakurri nuen teologi urtetako batenbitan. Arantzazuko gau isiletan eskandalu handiak sortu nituen zure liburu hori irakurri-ahala. Lo-ordutan irri ta barre izaten nuela gelan eta fraide on batek behin baino gehiagotan egin zidan akar eta nagusiengana salatuko ninduela zemaia egin ere bai, baita gelara etorri eta gela guztia miatu ere inoiz, ea han nortzu ote ginen ikusteko. Nik han nuen zure liburua, baina fraideak ez zuen ikusi, ez-eta beste inor ere. Auskalo zertzu pentsatuko ote zituen nitaz. Gero nire barreak-eta aditzen zituenean, negarrik ez zuen aditzen, erratz girtenaz edo makilaren batez jotzen zuen nire gelapea. Hala irakurtzea noizbait bukatu nuen arte. Harrez gero ia ez dut eskutan ere hartu, ez gogorik ez dudalako, astirik ez dudalako baino.

Irakurri izan dudan libururik ederrenetakoa zure hori izan dut. Ez duzu alferrik hitz bat ere jarri. Aurrez bizitu izan duzu hitz bakoitzaren barruko bizitza. Giza sentipenaren mila mailatakoren bat jotzen ez duen hitz bat ere ez duzu ipini liburu handi guzti hortan; eta hala ezin daiteke zure liburu hori irakur barru guztiaren asaldakuntza oso eta gozoenik gabe.

Puerto Lápiceko Kixoteren eta Bizkaitarraren arteko gertakuntza hartaz mintzatu nahi natzaizu orain laburki, baina gramatika eta literatur balioz kanpo: Zintzotasun eta jatortasun hain handiko bi jendeki* haien agertze hain bikain eta goragarriz. Beti ikusi izan zaitut begi onez jendeari begirune maitetsua diozulako.

Puerto Lápiceko pasartean bi burrukalariak ikusten dituzu inondiko alderdikeria txikienik gabe ta bakoitzaren giza balioz berdintsuki zoraturik. Seme bezala maite duzu bata eta bestea ta ez zaude bataren alde, bestearen alde baino gutxiago, eta bakoitzaren jokatze jatorrez berdintsu poztutzen zara. Batabestearenganako etsai benetako bezala ere ez dituzu ikusten: "como si fueran dos mortales enemigos ", baitiozu, adiskide zaharren arteko beroaldi pasakor bat besterik ez bailute oraingo guzti hau. Burruka-garaipena ere erdibana banatzen diezu: Armazko burruka da, hain zuzen, Bizkaitarrak galdu zuena; baina lehenengo saioan, Bizkaitarra egin duzu irabazle. Hor dago oraindik Kixoteren lantzari gogor heltzen diolarik, Kixoteren aurrez aurre oraindik "en mala lengua castellana y peor vizcaína", baina Kixoteren ulermena biziki minduz, esaten ari zaionaren punta indartsuz: "Entendióle muy bien don Quijote". Lehenengo ekinaldia, hitzezkoa hain zuzen, Bizkaitarrak irabazi zuen beraz, eta hori "en mala lengua castellana y peor vizcaína". Orduan hasi zen bigarren saioa: "Arrojando la lanza en el suelo, sacó su espada y embrazó su rodela y arremetió al vizcaíno". Baina lehenengo saioa dut maiteago eta hartaz ihardungo dizut orain. Neure eta zeure begiz ikusten dut, ala neureok antzean ikusten duten zeure begioz, burrukaren lehenengo saio hartan gure Bizkaitarra, ahalegin izugarriz, larri suminezkoz, ezinaren kontrako amorru irakinduz, berak nahi zuen guztia, berak nahi zuen bezala ezin jalgiz. Zu zeuk ere sufritu egiten duzu Bizkaitarraren ezinbestezko gazteleraz mintzatu behar eta ezinez, eta hala azaltzen diozu irakurleari. Baina oraingo hontan irakurlea bera duzu pasarte hontan zu zeuk baino min asko handiagoz sentitzen duena norbere hizkuntzaz kanpo mintzatu behar hau, eta ez Puerto Lápicen, hain zuzen, ez Gaztela berrian, norbere herrian eta euskaldunen artean baizik.

Azpeitiako Santxok adinbat erdara ikasi zuenerako bai luze joan zitzaiola nik dakidan hari, egunak zehar ordu bakoitza. Eta Azpeitiako Santxok adinbat ikasi zuenean, oraindik ere luzaro mintzatu behar izan zuen "en mala lengua castellana y peor vizcaína", inor askok ezer ulertu nahi ez ziolarik, ez baita Puerto Lápiceko Kixote azkar eta on hura bezalako pertsonarik noiznahi gertatzen nonahi.

Atxakiaz inguratu eta zuriztatu nahi izan duzu Bizkaitarraren hondamena, galtzaile lotsa handiagorik izan ez dezagun. Ez zetorren burrukarako ongi prestaturik, nahiz "un escudero de los que el coche acompañaban " izan. Haren mando-emea, "por ser de las de alquiler", ez zen bat ere egokia arazo hartarako. Ez zekarren ez-eta erredola babesgarririk, eta menturaz aurkitu zuen buruki arin batez gorde behar izan zuen nolabait burua. Baina hala eta guztiz ere larri erabili zuen gure Manchako zaldun armaz hobekiago hornitua. "De aquella salió vuestra merced con media oreja y media celada menos", gogora arazi zion Santxok.

Bidenabar, Bizkaitarraren zenbait akats nabarmendu nahi izan duzu eta bat edo bestez ohartu naiz: Geure buruarekiko uste onegia dugu ergelkeriataraino iristen den ustea dugu geure burutan, geure buruok babesteko beharrezko gauza ditugunen arbuiatzerainokoa, ez ikusterainokoa, axola-gabekeriatarainokoa. Uste onegia dugu euskaldun izatean, geuk landu dugun ezpata ezin hobean, eta gehiago gabe, hortzetaraino armaturik datorrenari aurre egiten ausartzen gara. Ez dakigu luzapen bat eskatzen ala harroegiak gara hortarako. Eta horra akurako manda-eme nekatu, izukor eta azkenean lurrera botako gaituen baten gainean gu, buruki hilaun eta menturazko baten babesa besterik gabe, nola garen ausartzen "si lanza arrojas y espada sacas" erronka-hotsa egiten eta lehenengo zartada ematen ere, "el primero que fue a descargar el golpe fue el colérico vizcaíno", uneko sumina nahikoa bailitzaigu ala jadanik ezinbestezkoa den burrukan argi ibiltze hutsak garaipena emango bailigu. Baina azkenean galdu egiten dugu, beti galtzen dugu azkenean. Baina ez dugu horregatik geure mandora igotzen, ez dugu geure mandorik ateratzen zaltegitik, ez dugu geure mandorik gauzarazten aurretiaz. Ez dugu geure erredolarik ere hartzen, arazorik ez hartzearren haren mailatu zaharren kentzeko, besorik ez nekatzearren. Gero euskaldun bakoitza aurkitzen gara bapatera, ustekabean eta nolabait geure buruen alde jokatu beharrean, beti bakarka jokatu beharrean eta beti "en mala lengua castellana y peor vizcaína", beti ezinbesteko gazteleraz mintzatu behar eta ezinez eskolan, herrikoetxean, edozein sendagile ala hauzi-maisuren, dendari nahiz atezainen aurrean, eta geure Herri barruan, eta beti inongo babesik gabe gorri eta biloiz jendeki armatu milaren erdian.

Ez dizut nahi isildu neure eskerronik Bizkaitarraren azalkuntza eta salakuntza hain itxura onekoagatik, burruka hain ospetsuan galtzaile egiten baldin baduzu ere azkenean. Zure Kixotea irakurri-ahala, barrez eta negarrez asaskatu izan nituen begi, biri eta gibelak baino nire ikusbideak berak gehiago zor dizula ere aitortu behar dizut. Izugarria zara. Onbeharraren onbeharrez gizajotasunaren mugak urratzera iritsi zen haren jokabidea maitagarri egitea lortu baituzu. Bere itxura hain barregarri ta hain negargarri ta guztiz biziki hunkigarri da agertzen diguzun Kixoteren zorotasun zoragarria. Zein ikustekoa eta ikastekoa den zoritxarraren ondoren gordetzen duen duintasun eta osotasuna, eginkizun berritarako puntuan sortzen zaion animu argia, ontzat jotzen duen ororen aldeko haren betiko pozaren indarra, halako ta hainbesteko ontasunik ulertzeko gauza ez direnen aurrean lurretik jeikitzen laguntzen dion barru hain betea, isekak onez eramateko gauzatzen duen bihotz hain handia, hainbeste ahalegin alferrikoren ondoren oraindik ihardun berritarako poz berriz betetzen duen zintzotasun eta jatortasun betikoa!

Hegoaizea kolore hori-gorri beroz gure mendiarte urrikoak zehar bezala sartu zitzaidan zuk sortu liburu horren eragin bizkor bizigarria, nire begi ta ikusbide argituz sartu zitzaidan, aurrean eta neure barruan, inguruan eta geure lurralde guztian nabaritzen nuen udazken ala negu-giro maskal karkaildua barna eta poztu egin ninduen eta bultza eginkizun eta arazo handi eta ohoretsu eta ezbairik gabe zuzenbidezko ageri zitzaidan hamaika handiki, ahaldun eta zaldun gurek bertanbehera utzitako gure jende apalaren hain gogokoa den herri ekintzari kemenez heltzera. Herri apalaren aldeko ekintzan gure politiko handi eta ekonomista boteretsuek eman izan diguten hutsaren erdian gure herriko gizajende lauak eguneroko ogia irabaztez gainera herritasunari bere izatean eusten egin duen lan izugarri ederraren sutargia ikustera ekarri zuen (2) Jose ta Anastasia Orbelaungoen seme hau eta gure oinezko jende lauaren titan-ekintzan aurrera jotzera zoratu eta eskolatik hasita herriko bizimodu guztia zehar euskaldunokiko betiko jokabidearen arrazoirik ezaren eta arrazoirik ez horren arrazoiztatzeko arrazoia den inperialismo eta kolonialismo nabarmen eta erraldoiaren kutizia irensleari aurka egitera jarri, hegoaizearen eraso zoro eta arlotez baino ez bada ere.

Gaia 1: EHerria
Gaia 2: Euskara
Azpi-gaia: EHerria vs. inperioa
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa