Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

UBM-1^

Idazleak oinharrizkoa du hitzaren gorabehera. Soroak hazia bezala behar du idazleak hitza. Euskal idazleok ostera ez dugu geure barru gosek-hiletan hitz urri batzu besterik hartu izan. Euskal ekonomia oso lukurra izan zaigu hitz inbertsio-inbentziotan.

Gure parean ez du zeruk ez lurrek unibertsitate euskaldun baten mandiorik zabaldu, ikaskizun berriz batera sorketa berrien hastapen gerta dakigukeen hitzik ez dugu hartu izan euskaraz. Eta agerian dago gaur arteko gure eskola sistemak sortu izan duen gariz bakarrik jai dugula euskaldunok. Gure barru-lurren eskabidea Europako edozein lur milixka eta asekaitzenaren neurritakoa dugu gaurregun. Ezagukizun berriak eskatzen ditugu, jakintza orokorrez ihardun gura dugu, egungo errealitatez mintzatu nahi dugu; baina hona gu mutu, nola mintzatu ez dakigula, aleak bidea hertsi eta itsutu dion errota bezala gu, inondik inora zahirik, irinik lortu ezinik inola, irinez ogirik osatu ezinik ezertara, ogirik egosi ezinik inoiz, behin ere geure odol bihurtu ezinik ezer, odolaren alferriko hazi-gosearen alferrikotan zabalik, baina sabel-igar eta basamortu.

Eta honela ezin da. Honela ezin dio idazleak garai honi dagokion interes mailari erantzun. Baina oraindik zailagoa da literaturlarien arazoa: literaturlariak hitza kreazio gai du, eta eskuartean behar du hitza batean ore bezala, harri bezala, haga bezala; bestean hause* bezala, trintxa bezala, haizkora bezala; etxegintzarako etxegai bezala behar du, edozein eginkizunetan hartarako behar den oro bezala behar du; iturriak ura bezala, soroak hazia bezala. Nahiz eta inoiz hitzen bat asmatu beharrean balitz ere, egotez hitzez ernaldu zahar egon behar du idazleak eta noiznahi erditzeko gertu. Ezin daiteke ibil une bakoitzean esankizunen adierazpide materialaren bila, hitz bakoitza sortu beharrez idaztaldi bakoitzean; jadanik erabakia behar luke hitzaren gorabehera hori eta ez luke formaren arazoa besterik hartu behar. Formaren arazoz aurrekoa, hizkuntza materiala, ondo berea behar luke idazleak eta soroaren lana besterik ez luke egin behar, erraiak asebeterik dituen iturri kantari eta kontariarena. Hazia barruan duen soroari bezala, ura erraietan duen iturriari bezala, hitzak berez berez irten behar lioke idazleari, nahiz eta nekez, berez; gutxienik bederatzi hilabetetan osatua eta ondua, paperera orduko bere ahotsaren jabe duelarik hitz bakoitza; eta ez familia gehitu nahi duen bakoitzeko haurra inondik ekarri beharrez, semetzat hartu beharrez, bataiatu beharrez, ekanduko* ez ote zaion betiko beldurrez. Baina horixe da euskaldun idazleon egoera oraindik; egungo literaturari dagokion bezperagoan bizi gara oraindik; bihar izango da bezpera, etzi oraindik eguna, Jainkoak nahi badu. Bitartean egun hartarako prestatuz joatea dagokigu, hizkuntza beraren barruan hiztegia ugalduz joatea, hazitarako garia bezala, hitzak ere hala harri berdez erretzea, gaitzak jotako aleak gal daitezen eta gaitzik gabekoak indartu. Baina hortarako hazi hori erre eta ontzeko tokia, ontzia behar dugu, ikastola eta lizeoak baino handiagoa, unibertsitatearen neurri osokoa. Gutxienik unibertsitatea behar dugu hortarako, gaurko hainbeste gai eta halako neurri handitako, batean erabili eta batera prestatzeko. Gure soro-lurren gosea zaharra delarik, ez du egundo hazia behar bezala egokiturik emana izan dakion halako premia larririk izan oraino. Eta gaur ari garen idazleok ez genuke euskal unibertsitate bat besterik eskatu behar, gure soro-lurrak goseak gogaitu ditzan nahi ez baldin badugu; baina batez ere, euskarak inoiz inguruko munduari ardura dakiokeen literatur lanik sor ahal dezan nahi baldin badugu, hitzaren haroztegi eta arrago den unibertsitatea dugu beharrenik, idazle beraren formazio forma bera hitzak erabaki dezan, gariak soroarena, urak iturriarena eta aurrerapenak Madrile kukuluko* kale hauena bezala.

Gaia 1: Euskara
Gaia 2: Idazlea
Azpi-gaia: Idazlea: Hitza
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa