Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

UBM-1^

Nork du errealitatea euskaraz beretu hemen? Hiriko bizimartxa da hemen bizitza duen errealitate bakarra. Hiriko bizitzamartxa nork du euskaraz ulertzen hemen?

Basoan lohartu zuen Herri gara, itsasertzean lohartu zuena, ola zaharren aldameneko errekondoan amets egin zuena: "Ikusten duzu goizean argia hasten denean, menditxo baten gainean etxe ttipitto aintzin xuri bat lau haitzondoren erdian, xakur xuri bat atean, iturriņo bat aldean? Han bizi naiz ni pakean".

Zenbat ordutako, urtetako, gizalditako lo gozoa! Bitartean dena aldatu zen munduan eta iratzarri ginenean, nola izendatu ez genekien zergauza asko zen mundua betean. Inguruko gizonek doblaturik eta erredoblaturik zuten munduko ondasuntza. Fisikan, kimikan, geografian, astronomian, meteorologian, geologian, mineralogian, ezagupen handi batetara heldurik ziren; landare, animalia ta gizoni buruzko jakite handi batetara heldurik ziren; anatomian, fisiologian, midizinan, komertzioan eta industrian urrutiko lorkizunen mugetara heldurik.

Lotan geundela beste mundu batetara aldatu bagintuzte bezala gertatu zaigu eta kolpera iratzarri garenean galdetzen hasi behar izan dugu ta galdetzen hasteko haien hizkuntza ikasi behar izan dugu eta haien hizkuntzan ikasi, jakin dakiguna.

Gero berriz lohartu dugu, ta amets dagigu berriz, aurrerapenean murgildurik garela, ezagupen berrien jabe garela, eta ez gara ohartzen eskuartean dugun hiztegia bera, hauzokoena dugula eta ez geurea. Ez zaigu bururatzen gure hiztegia lehen loak hartu gintuen ordurako egiten hasirik genuena. Ez zaigu bururatzen gauzak geure hiztegiz ulertzera heltzen ez garen bitartean inoren lepotik dugula burua ta inor garela jadanik eta geu izatea galdu egin dugula, eta geure mamu garela, geu garela ustez bizi den mamu uste hutsalez (1) betea.

Jakitunak ditugu burutik eginenak, ez baitute ikusten geu izateari eusteko geure baitarik jokatu behar dugun premia nahi ta nahi ezkorik
[sic], ta inoren ontzian dira geure izan daitekeen itsasoz, ontzia geure ez datekeen artean geurea izango ez den itsasoz, erreinu arrotzarentzat lur berriak idoroz.

Baina guk geure ontzia nahi dugu itsasoz aritzeko gauzatu, aurkimenerako egokitu, eta horregatik iritsi gara geure ontziaren neurri eskaxez konturatzera eta ontzi hontan nahi duten guztiei kontatzera geure atzerapenaren historia. Guk geure ontzitik nahi dugu itsasoa bataiatu, uharteei geure izenak jarri, eta hiria eta hiriko den oro barrutik gora hartu, lurreko ezoak* basadiak* bezala. (2)

Hiri aurreratuan iratzarri garen Herri gara, unibertsitateko aulatan iratzarri gara, olaberrietako makinarte harrigarritan; eta errealitate zoragarri hau euskaratu egin behar dugula ikusi dugu, hil ala biziko istilu hontan iratzarri garenerako.

Gaia 1: Euskara
Gaia 2: Idazlea
Azpi-gaia: Euskara: Modernotzea
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa