Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

UBM-1^

Begiotan badut irudirik. Non errebelatzen dira begitako irudiak? Klise beraren gainean ezarri ote ditut mila modutako gizajende bizi den kalez kaletako irudiak? Gran Vian begiak golpera golpatu dizkidan emakume asaldakor haren irudi pizgarriari begira jarri natzaioneko, ia begiratu ere egin ez diodan gizagaixo baten negativa [sic] ageri zait eta berrikusi nahi nukeen hura ilundu egiten dit. Etxadi bikainki egokia lausotzen dit korrika zeharkatu ditudan txaboladien itzaldura halakoak.

Nork garbitara aldatzen ditu pelikulak, pelikuletako irudi elkarren gainka ezarriak?

Egunkaritan irakurritako halakoren deklarazio ederrak nork ditu klandestinitateko orri eskuztatutan irakurritako esames itsusiengandik bereizi jartzen ?

Telebistatik harako solas baikorrak nork garbitzen ditu Metroan, Karmengo taberna lohietan, Kontzezio hauzokoetan entzundako maiseo eta protesta haietatik?

Deboden tenplua nahi dut ikusi ea nola irten duen. Torre de Madrid, Palacio Reali eta Katedralari begira ez al dut atera? Nola ageri da orduan atzekaldean nuen Carabanchel bere etxadi zarpil pilatuz, jende nolabait jantziz, gartzela gaiztoz eta guzti?

Ez dut galdetu magnetofonu zintak ea nork garbitzen dituen, baina erretratu makinako kliseak bezala, nork ote dituen garbitan ipintzen nahi nuke jakin.

Gaia 1: Hiria
Gaia 2: Bizitza
Azpi-gaia: Bizitza: Esperientzia orok.
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa