Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

UBM-1^

Liburua ikusi egiten dut. Lau aldetatik ikusi ere. Begiz inguratu dut, tirora daukat, reflektoreen argi barrunbetan.

Batzutan azkarregi idazten dut, hizkuntzak narama batzutan, konturatu gabe, berari gogoak damaion bidez. Bestetzutan jaitsi egiten naiz hizkuntzaren zalditik, idazgaien larrainean lotzen dut eta larrainean geratzen naiz neure zaldiaren ondoan larrainari begira ni, larrainekoz bazkatzen hura.

Idazten ere ihardunaldiak egiten ditudalarik, begira doakit denborarik gehiena: Idatzi nahi dudanari begira, idatzi ez dudana irakurtzen, entzuten. Errealitatea duen zerbait baitirudit jadanik, eta nik gozoa hartzen diot, egonean eta geldi-geldi hartzen diot gozoa eta goizaren nahiz arratsaldearen zatirik onenak igaro daramatzat ikuste betearen gozotan blai. Martxa hontan idatzi ere ez dudala egingo iruditzen zait noizbaitzutan.

Noizik behin idazteko beldurrez nago, ikusten dudana, ikusten dudan bezalako geratuko ez ote zaidan idatzi ondoren. Gero, esperientzia deitzen diogun negu giro lorrin handiko horrek ikertzen nau eta garbi dakusat orduan ametsaren argiak, koloreak eta gainetiko lilura guztia neugan geratuko dela ezinbestez, eta larre gorriko belartxo, sastraka lakar, zuhaitz murriztu, orma zahar eta jendaki gizagaixo batzu besterik ez dudala izango, letrek agertuko dutena.

Santxo adiskidearen ahotsak ohartu izan dit neri ere: Hara., "una cosa es concebir y otra parir". Bai, Santxo, bai; baina ni ama izan banintzok, etzekiat.. sabeleko haurrari begira egongo nintzokean egon eta egon, eta bederatzi hilabeteak ez ezik, neure bizitza guztiko urteetan nahiko nian hari begira egon. Bazekiat bai, eta etzak barrerik egin, gogorrak ditukeana bizitzako legeok. Norbere gustoen kontrako ditukeana. Neure gustoa zein litzatekeen azaldu nahi izan diat soilki. Banitxiak, oraintxe berton nitxiak, askatuko diat zaldia eta abiatuko nauk errealitate makur eta zeken horrekin burrukatzera.

Gaia 1: Idazlea
Gaia 2: Poesia
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa