Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

UBM-1^

Arkitektura, mekanika, komertzio-andana-andanadak begitan. Ikuskizun berri ta miragarriak begitan. Kalea begitan, hiria, makropolia, eta hitzik ez. Eta itsu baten esku haztatzaileak bezala, ormaz orma begiak, musiko zoro eta itsu baten eskuak soinugailuz bezala, ormakera miresten eta ormaz ormako ederlan zoragarriak behatzez gozarazten.

— "Dena gertatzen da mekanika bidez: Uki ezazu botoi hau. Azentsorez ala eskailera automatikoz nahiago? Makinok ez dira gelditzen. Autoz alda gintezke inprimategira. Izugarria dela dasaizut Las Torres Blancasen ibiltzea: berez duzu igotzen, berez zaizkizu ateak zabaltzen".

Ruben Dario [sic] kaleko soladura jasotzen ikusi dut. Gizon gutxi eta makina hori handiak. Zulatu, zakarra atera, erreten sakonak ireki... Kaleotan denetik dago: Zer saleroskiak, zenbatariko saleroskizunak, zer gauzak Aizgorriko haizea baino berin garbiagoen ostetan. Burdinazko, letoizko, urrezko, lurzurizko, haitzurdinezko salgai sekulakoak; jantzidenda, oinetakotegi, liburu erakustoki ikusgarriak, argiz eta gustagarri begitara emanak. Begiak berinen kontra, makinen kontra, ormen kontra kolpaturik ditut, gauzengana hurreratu beharrez, sentimenean kateatu beharrez gauzen erasoa.
Agerkari berria dut hiria. Tupustean zait gaineratu. Agurtu egin nahi nuke, oihartzun izan nahi natzaioke, goratzarre bat egin nahi nioke, baina hitzik ez dudala ohartzen dut. Burutan dut haren isla, baina ezin dut orraztu, irudimenean dut haren itxura, baina ezin dut ekarri hizkuntzatara ta ezin dut arnasatan eman. Ikuskizun eta bizikizun berriz azaldu zaidan hiriarentzat ez dut hiztegirik eta ez dakit askotasun askotarikoz agertu zaidala esaten baizik, beretasun berarizko askotsu berebizikoz, mugimendu edotariko iradu* ta batbaterakoz, jario aldakor eta zorarazlez zabaldu zaidala aitortzen baizik.

Kaleko errealitate-paisajearen hiztegia jakin nahi nuke, hiriak duen edertasun errezkada oparoa azaltzeko hiztegia, gauza arruntenetik ikuskizun izugarrienerako hiztegia; eta azkar idazten jakin eguneroko bizitzan eguneroko lekutan, eguneroko bizimoduan, unero duen ederra, une bakoitzeko gertakizun bakoitzak duen eragin unekoaren uneko dardara, Ribera de Curtidores barrena El Rastroko saltsa-maltsa saltari ta bizkorraren bizitasunez ondozkatuz* hiriko jende honi eguneroko gauza zaion oro, jende honi bere bizitzan ukitzen dion oro.

Andrazkoek daramatzaten erosketa-gurditxoei begiratzen diet, pasazebrei, semaforuei, egitura galanteko sailetan doan etxadiari, bideko ibilgailu iradu* distiratsuei, komertzio andanada ikusgarriari, baina errealitate haundi eta bizi eta sentigarri hau islatzeko hitzik ez dut ikusten, eta muturik noa, begitara deika ari zaidan kale nagusiz, elkarrizketara hainbeste anuntzioz, kartelez, rotuloz, letreroz deitzen nauen Jose Antonioz, orain, Espainiako Plazarantz.

Gaia 1: Hiria
Gaia 2: Idazlea
Azpi-gaia: Idazlea: Hitza
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa