UBM-1^
Por entregas beharko dut, Juan Mari [I]. Prestatua edo prestatutzatkoa. Jendeari eskainiz joan. Luzaroko lana bainuke oraindik Madrilek agertu zidan guztia hitzetan taxutzea. Badut oraindik zabaldu ere egin ez dudan karpetarik. Gaiak garraiatzerakoan ipurterre kutiziatsu banaiz, jasoa aurkezteko eta jasotakoz ondutakoa mahairatzeko ez dut izan ohi larririk. [II]
Zoramenaren zurrunbilotan bildu dezakezuna turbuts* dagoke hurrean. Ardo berri halakoa dakikezu oraindik liruratik
eskuratutako hura. Eta lauspeatzen* utzi eta iragazi beharra liezazuke. Ez da erraza ikuskari, gertakari eta sentikarien hitzetan urtzea. Urdurikeria eta lasterbeharra horregatik dauzkakizut arerio eta arrisku galgarritzat.
Ez da gaurkoa patxadazko lan bati gehien lagun diezaiokeen garaia. Beldur naiz larregitxo kutsaturik ez ote naukan. Badakizu inondik ere hitzetik hortzerako kazetaritzaz ari ez natzaizuna. Beste zerbaitez, beste idazjenero hartaz dihardutsut. Ez noski gaia hitzaren bidez eraiki ohi duen literatur-mota hartaz, hitza gaiaren bidez eraiki nahi lizukeen hartaz baino. Gaia ongarri bezala ongi datorkit. Eta biziki daragit Madrilekoak. Baina nik nahi dudana badakizu: Hitza egin ikuskari, gertakari eta sentikarien nagusi, hitzaren pean jarri gaia, gaiak hitzari zerbi diezaiola egin.
Basakanak* goian ageri dira oraindik, izpiritua ez zaie oraindik jabe egin, ez ditu oraindik azpitan hartu. Oraindik ez zait ondu Madrilen bildutako basaokan eta gindaz bete nuen ontzirik. Izpirituak ez du oraindik ez basaranen eta ez ginden onurarik bereganatu, ez du behar hainbateko kolorerik eta ez opa diodan bouquetik. Baina jendearen egarriak nakar, ala jendeari eskaini behar hutsak ondutzatkoa mahairatzera, atondu ere etxekoen artean edateko atondu nahi izan dudan edaritzatko hau.