DGA-1^
Orbelaun Meatan [I] dago,
baina Arratzura joaten ziren
Orbelaungoak:
Mezetara Arratzura, eskolara
Arratzura, dotrinara Arratzura
Orbelaungoa zen Bitoriano eta Arratzura joaten zen, baina Meatara ere joan zen behin edo bestetan razionamenduan ematen zutena jasotzera. Behiak perratzera Nabarniza joaten zen, Gernika ondoko Errenteriara.
Ibilaldi handiak egin behar izaten zituen mendiz eta, jakina, oinez, baina oinik ez zitzaion nekatzen Bitorianori, begirik nekatzen ez zitzaionez. Ibiliz ikusi zeramanak irensten zuen Bitoriano, eta nola behar zuen nekatu? Ez zen sarritan eskolara joaten.
Orduan ez bait zegoen oraingo legerik eta ez kontzientziarik umeak eskolatu beharrari buruz. Gurasoei lagundu behar izaten zien baserriko mila arazotan*. Seme zaharrena zenez, ondorengo lau bost eta sei anai-arreba zaindu behar izaten zituen.
Behiak ere bai. Itaurrean ere egin behar izaten zuen, errekaduak ere bai eta ganadu bila ibili, gehienetan astoaren bila.
Bideetako oinatzei begiratzen berez-berez ikasi zuen. Aireko usainak hartzen ere bai. Beharko ikasi, bideetako informabideak oinatzak eta usaina bait dira.
Kantatu, asko kantatzen zuen, berez zerion kantua. Lo seko egiten zuen. Gaurik gehienetan umeak eraman behar zituen ohera eta txikienari lohartu eragin. Gero izaten ziren kontuak, gurasoak koartoratzen zirenean, han egoten zen umea besoetan zuela lo, eta ezin iratzartu izaten zutenez, aitak aidean edo arrastaka eraman behar izaten zuen, umea besoetatik kendu ondoren, aldameneko gelara.
Goiz berri bakoitzak poz berria zemaion eta egun berri bakoitza, zelakoa zela, gustagarri zitzaion. Aizkora, aitzur, igitai, noiznahi erabili ohi zituen, kodaina* erabiltzen ostera nekez uzten zion aitak. Mailu, iltze eta honelako erremintaz ere atseginez aritzen zen. Aitarengandik ikasi zuen zenbait eskulan egiten: lehen aipaturiko lanabesei girtenak egiten, adibidez. Amak erratza edo eskoba erabiltzen irakatsi zion, baita taloak, morokila, ahia eta egiten. Eskolan baino dotrinan zebilen hobeto eta Don Anjel parrokoarekin oso ondo konpontzen zen.[II] Haren bidez ezagutu zituen fraideak eta haren bidez sartu ere egin zen Arantzazun fraideki*. Eskolan juxtu zekien nekez irakurtzen, eta idazten, bere izenaz aparte gauza gutxi, kastellanorik berriz batere ez. Baina gogorrena, bere anaia eta arrebengandik urruti bizi beharra egiten zitzaion. Aitaren eta amaren akorduak ez zuen hainbestean penatzen. Negar komunean egiten zuen, ez inoren aurrean. Mutikoekin ondo etortzen zen eta bakarrik ibiltzeko ere sobera gauza zen baserrian horretara ohitua zegoenez. Nahiz eta eskola-arazoetan oso gaizki ibili, horrek ez zuen hainbestean penatzen. Berezko poza bizi zuen eta horrek arindu ohi zuen. Ez dakizu? Lehen ere konprenitzen ez zituen mila fenomenoren aurrean bizipozaren pozak salto egin erazten zion, ba? Orain ere (1) horrelatsu zuen argitzen barrutik harako alaitasunak.
Eskola eta hizkuntza ikasi ahala hasi zen bere barrutik-harako (2) poz berezkoari oztopoak ipintzen: kurtsorik ez zela behar galdu, alaitasun erraz hura umekeria zela, seriotasunak egiten zuela mutil, probetxuko izaten behar zela saiatu, denborak urrea balio zuela, pertsonak egin egin behar zuela eta ez egon, gizonak lan egin behar zuela eta lanean ahalegindu, zenbat eta gehiago egiten zuen batek, orduan eta gehiago balio zuela eta abar jarri zizkion bere berezko pozari hesola, kate eta helburu bezala eta trailan* hartutako aberea bezala otxandu zuen apurka-apurka bere burua.
Osasun eder baten jabe zen, indarra zerion gorputzetik hara, bizkortasun menderagaitz bat zerion, baina trailan hartua zegoen jadanik.
Burua ere lehengo lepagainean zuen, ikusteak ez zuen nekatzen, izadiaren kontenplazioak, mendi eta basoak zehar ibiltzeak eta, nekatu ordez, barru-barruko atseden gozoa zemaioten. Naturatiko eta bizitzatiko sentsazio gozoak idatziz ematea ere oso atsegin zitzaion eta oso berezko, baina atsegin eta berezko zitzaizkion gauza gustagarri haiek gero eta gehiago ukatzen zizkion bere buruari, eta azkenean, eta beti hobe beharrez, arau zurrun eta bere buruarentzako atsedenik ez zuten zeregin elkorretan bizitzeari eman zion.
(Jarraituko da)