DGA-1^
Ezin natzaizu ondo gogoratu. Baina orain bizi dizudan antsia hau ez dizut bizitza guztikoa izan, zorionez. Han ikusten dizut nik neure burua, osaba Eulogioren etxean eta Nabarnizen [I] beste edozein ume mukitsu bezalako, aukeran gogoak ematen zizkidanak eginaz, pixka bat beldurti, ipuin-zale eta osabaren kontrol-galderetan errudun ez agertzeko sekulakoak asmatzen. Uneko larrialditxo bat edo bestez kanpo, ondo lasai pasa nuen han, baita teatroa egiten nuenetan ere. Zeren umetan eta Nabarnizen teatroa ere eginda bait nago behin baino gehiagotan eta herri guztiaren aurrean, oraindik batzuk akorduan duten bezala.
Orbelaunen ere beno, nire jaiotetxeari Orbelaun deritza nahiz eta mila eginkizuntxotan aritu behar nuen, inongo estuasun-sentsaziorik ezin dut oroitu. Bizkor eta zintzo ibili behar nuela? Hori bai, baina ez nintzen larri.
Seminarioko bizitzan ere benetako larritasun handiagorik ezin dizut oroitu. Examinak, kalabazak eta horiek benetako daņurik gabeko une txar eta itsusiak besterik ez nituen izan eta.
Nobiziaduan, filosofiako eta teologiako ikasturteetan ere ez nuen nabaritu ikasketek normalean ematen duten arazo eta kezkaz gainetiko arrenkurarik. Gainetikoan lasai bizi ohi nintzen eta hamaika ordu eder eta ilusioz betetako igaro izan ditut urte horietan denetan. Nire tormentua apaiztu eta gero sortu zen: irakaskuntzari eta apaizgoari batera heldu eta erantzun behar izan nionean. Bi erantzukizun horietarako nintzen murritz aurkitzen eta ez batak ez besteak zidan pozik ematen eta orduan jabetu zitzaidan deskontentua, ondoeza eta humore txarra.