Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

DGA-1^

Noizko baina? Noizko poza?
Noiz barru ilun honetatik irten?
Noiz, ardurak utzi, noiz kezken saguzaharrak kanpora bota eta garbitu buruz barruko giroa? Noiz goizeko, eguneko argiaz bat egin eta uneen eta egunen pozetan lasaitu. Noiz, daukaguntxoaz konformatuz, alaitasunari leku ematen ikasi?
Erremediatu ezinaz noiz ahazten hasi? Noiz ezina atzemateari utzi eta noiz ahal duguntxoaz gustora bizitzen ikasi? Banoa eta bideko argiari baino edozein ezbehartxori gehiago begiratu ohi diot zabaldiko edertasunaz gozatu ordez.
Daukadanari zergatik ez natzaio esker oneko? Ez al dut osasunik? Ez al dut bizitzeko lain ondasun? Ez al dut non bizirik? Ez al dut nori lagundurik, nori poztuko duen hitz bat, keinu bat zuzendu? Zergatik behar dut izan inoren poza iluntzen duen itzal?
Eta zergatik ez inoren poza areagotuko duen argi?
Berrogeitahamalau [I] urte ditut laiotz naizelarik, zergatik ez egutera? Neure gaixotasunei erremedioak aurkitzen saiatu naiz, baina neure tristurarako joera hau ez dut egundo eritasuntzat ikusi. Tristurarako joera berezko hau ez ote dut gero neure gaitzik txarren eta beste gaitz guztien iturburu? Gorputzaren aldetik elbarri direnetan pozik ikusi dut, pozerako gauzatasunik ikusi dut osasun eta ondasun aldetik premiak joagoetan. Zergatik naiz hain kontentagaitz, hain gehiago gurako, hain aseezin? Izaera hau zergatik ez dut benetako gaitz bezala? [sic]

Gaia 1: Bizitza
Azpi-gaia: Bizitza: Norbere Izaera
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa