DGA-1^
Hemen nago. Euri eta hodei ondoko paisaia udaberrikoa naizela dirudit. Busti eta nahigabetu nauen ura, zarata txiki eta alaiz nabari dut orain, aterrune gozotan, barruko paisaia janzten didaten landare garbien sustrai lurpekoetan zehar. Jadanik ura gozo bihurtu zait eta bere lekuaren bila ari zaidala dirudit barruko zelai asean. Alaitasunaren sentsazio gozoa adieraztea ere ez da erraza. Nahigabe izan ditudan elementuak, eurak, ditut, agian, orain aterraldi honetan, barruko poz hau, ederrago ikuserazten didatenak. Garbiago nabari dut barrualdea, aratzagoa barrugiro guztia, distiratsuago, barrunbea janzten didan landare bakoitza. Eta esan egin behar dut, ekaitz ondoko zelaiak halatsu, zorion hau belar-izpi berriz, lorez eta gorako luzapen alaiz, oskarbipean zutituz eta hedatuz airearen eta haizearen begietan oihukatuz aterrune busti eta epeletako bizipoza.