Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

DGA-1^

Idazteko gogo handiagorik ez dut une honetan; hala ere, egunen batez lasaiago eta sentituago aipatuko dudan edo aipatuko dudala uste dudan sarritako neure kasketaldi, gurari ecto nahikunde halako bat apuntatu behar dut orain. Nik badakit apaiz naizela eta ez dut inoiz apaizgoari uko egiteko haizerik abiatu. Apaizgoak ez du gaur, garai batean izan zuen argi-inguru agurgarrietakorik. Argi-inguru beneragarri hau, bestalde, ez zait asko ardura. (1) Ohore-ingurua aparte, apaiz izatea bera dut nik izatezko ohore barruko, sakon eta estimagarri. Apaizgoak izpiritu-esperientzia gozo eta izugarrietara eraman nau eta zor diot erlijio-bizitzari buruzko ikuspen ederrik, erlijiozko misterioak eskuztatzeko graziarik.
Nik badakit fraide (2) frantziskotar naizela ere. Neure fraide izate hau ere ez daukat saltzeko. Ondo zorionean naiz fraide, nahiz osoki zorioneko fraide ez naizen. Ez gara edo ez naiz alferrik mila grina kontentagaitz, bihurri eta alarberen* barruti. Baina guztiau gorabehera, parada ona dut fraidetza. Hau guztiau horrela delarik, neure kasketaldi, gurari edo nahikundeetara jo nahi nuke orain. Gaurko bizimoduari begiratzen baldin badiogu, gehiengoak ulertzen eta ontzat ematen duen bizitzaren ordenamendua aintzat hartzen badugu, nere aspirazio eta gurariok zorotzat jo behar ditut. Hala ere, zilegi bekit zein edo zeintzu edo zernolako diren aitortzea. Hasteko eta nolabait ulerterraz gerta dakizkizun, zera dizut azalduko: Nire inbidia —ez ondamua, ez bekaitza— irrika eta gogozko joera baizik, aipatu dudan bizimartxak mesprezatzen eta gaitzesten duen zenbait jende-moduren, itxuraz lotura gehiago gabeko, honetara doakidala. Nik badakit eskeko edo eskaleak, ijitoak, erromesak, buhameak, arloteak eta gisa horretara bizi den jende-moduak badituela bizimodu horri dagozkion eramankizun neketsu eta mingorrak, batez ere berek (3) aukeratu ez badute biziera hori. Hala ere eurak, beren gogoz horrela bizi direnak, ditut nik, inor badut, jendaki jarraigarri eta imitagarrien. Badakit konplikazioz beteriko ikuspuntuak direna nire jende horrekiko eritziok, batez ere beste era batera gauzok ikusten dituenarentzako (4). Baina ez dio ardura. Ez bait naiz ari justifika ezin daitekeen ezer ontzat eman nahiz. Nere (5) kasketaldi, gurari eta nahikunde-airearen berri-antzeko bat jarri nahi izan dut aurreko guzti horren bidez. Eta behin honez gero, horra opa dudana, nahiz zoro nahiz zuhur dela: Ez dut eskolak eman beharrari lotuta bizi nahi, ez eta etxeko beste hainbat eginkizuni, jaten dudan ogia justifikatzeko, janzten ditudan soinekoak eta aterpea damaidan teilatupea nolabait irabazteko. Jan behar dudana (6) eta giro txarretik burua nonbait gorde behar dudana ere bai. Baina beste alde batetik dator nire haizea, haize kolore ederreko eta librea, ohizko bizimodu arriskugabetik dituzkeen jan onak, jantzi egokiak eta aterpe ganorazkoak baino zorion hobea eskaintzen didana eta neure zoroaz batago datorrenez, bizitzari buruzko segurantzia abenturariagoa, baina segur eta dudagabekoa demaikedana. Ermita bertanbeherako bat aski nuke lau liburu, ogikozkor, basoa bete ur eta opa dudan beste denboralditan ikuskizunen, sentikizunen, pentsakizunen bizitzaren bits paregabe gozotan denbora-gabeko bizitza zoriontsutan sartzeko eta galtzeko betiraunez harako zelai azkengabekoz betiko ibili gelditan. (7)
Bizimodu loturazko, obligaziozko, legez koadrikulatutako ogia, jantzia eta aterpea garestiegiak ditut nere kasketaldi, gurari eta nahikundeak eskaintzen didaten beste erabateko biziera horren truke onartzeko. Zergatik haizea katetan lotuz bizi? Zergatik ez eman neure burua, apaizgo, fraidetza eta guzti, bidez bide eta lotura gabe neure sentikizun, pentsakizun, asmakizun eta nahikizunen paperak banatuz, ogia, jantzia eta aterpea faltatuko zaizkidan beldurrez? Ez al naiz ba gauza, arazoz ilun dabilen jendeari marigorringoren kapa gorriak zazpi puntu beltz dituela esateko? Zuhaitzak soineko berria janzteko eranzten direla eta iturriak ura eman eta eman ari direla eta txoriek beren poza guri ere kantuz eskaintzen digutela ohar erazteko arduraz eta kezkaz bizi diren neurotikoei?

Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa