DGA-1^
Denbora, ongi etorria zu!
Gaur bazaitut. Astitsu eskaintzen zatzaizkit. Horregatik deitzen zaitut denbora eta ez aldi zaldi lauhankari; denbora zaitut deitzen, azken hizki atono horren bidez geldiagoa, patxadazkoagoa, etzanagoa bait dirudidazu, luzeagoa.
Neure gorputzaren pisuaz oharterazten nauzu, berezko jagia galdu duen gomazko pelota mazizo sentierazten nauzu, mazizo eta astun, lekuari itsatsiagoa, uneari lotuagoa, harri, lur, ur geldi halako; sakoneko begiaz, geldi-geldi oharteraziz bizi den putzu baketsu eta ireki. Gelditasuna eta irekitasuna ditut nabari zure baitan. Inondiko eta inolako haizek ez, bere baitatiko eragin berezko edo sapa otzanak deragion arbola halako zerbait bizi sentierazi naramazu, berezko gora eta behera eta aldamenetarako irekidura bare eta nare ohartu daramatzan esponja, belaki bizi edo argi-ur halakoz ase eta zabal sentitzen den kontzientzia iratzarria. Oin-zolak nabari ditut lurraren kontra, airearen kontra azala, orduaren magalean gorputz osoa. Izatea nabari dut egonezko egonean burua beredin* izakiren artean, ingurua bere baitan isladatuz sosegu geldian. Belarriok kanpotik barrurako bide ditut, begiok barrutik kanporako eta kanpotik barrurako beiradura kolorez bete, birikok airearekin harreman otzanean, bihotza zirkin geldoz odola punpatuz poliki eta leunkiro, eskuok paper gainean bata, eta bestea boligrafoari deragiola noizik behin eta batere presarik gabe.
Egonari nagokio adi, zeru hain urrunaren eta lur hain hurbilaren erdian bataren eta bestearen nolabaiteko ukituaren sentsazio motela bertan behera nabari dudalarik zentzuz behera eta behera, kontzientziaren barru-hondoan inolako kezkari ez deragiola zeruaren ez lurraren ukitu geldiak. Arnasaren bidez airearekin dut komunikatzen, bizidunen barruek era guztitako, giro guztitako labetan erre, egosi, gozatu, gezatu ala garraztu duten jariakin maitagarria hartuz begirunez eta debozioz. Oroimenean, zingiran ihiak halatsu, ihar eta itsusi batzu, eze eta gordin bestetzu, gertakariak higidura-gabeko geldian. Adimena astiro begiratuz, pentsamendu, irudi eta bizikizunon esperientzia oparoa. Antsikabeko atseden-zorian geldi, ireki eta zabal, egon handiari emana etzanik eta luze borondatea, astia maitatuz, laztanduz, estimatuz.
Naizen naizenean natza gorputz guztiaren pisua lurrari damadiola [sic, (1)] eta ikusmenarena zeru goiari.