Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

DGA-1^

Gure portaera, gure funtzionamendua ez da itxura batean espero daitekeena. Itxura batean ontasuna maitatzeko, edertasuna miresteko, lagunartea atsegingarri egiteko, elkarri zoriontsu bizitzen laguntzeko eta, garela esan daiteke. Izan ere, ontasuna berez eta guztioi zaigu estimagarri; guztioi eta berez zaigu gustagarri edertasuna; atsegina guztiok eta berez gogo dugun grina dugu (1); zoriontsu izatea da berriz bakoitzaren helbururik opagarriena. Josteko makinak josteko funtzioa du eta ez desjostekoa. Makina bakoitza bere funtzionalitate edo zertarako denak definitzen du, eta definizio horri dio erantzuten, funtzionalitate edo zertarako den horri darraion bitartean. Gero ez da ezer, zertarako den hartan alferrik denez gero. Baina ez dakit adierazpen halako honek ezertarako balio didan esan gura nukeena ezer argitzeko. Gure portaera, makinek eta landareek eta animaliek bere ez duten erreakzio ezkutu, misteriotsu, kontradiktorio eta deskontzertagarrien araberakoa da. Nori ez zaio maitagarri zozoa, kaioa? Nori ez zaio eder arrosa eta gereziondo loretua? Nori ez zaio miresgarri edozein paisaia arbolatsu, zelaiz eta larrez jantzi, etxez, auzo-unez eta hiriz apaindua? Nori ez zaio lilurabide itsaso gorria nahiz era askotako untziz pintanatua? Neskatilatxoak, jolasean ala geldi, mutikotxoak zerbaitetan ihardun beharraren beharrez mila bihurrikeria okerbagekotan [sic], nori ez zaizkio zoragarri? Eta neskatilak eta mutilak nork ez ditu ikusten gustora eta kultu halako sentipen adoratzailez? Eta emakume egina eta sasoiko gizona nola ez aitortu adoragarri zaizkigula eta harrigarri? Eta zaharrak eta helduak eta umoak* bizitzaren esperientziak jakitez ala desengainuz hunkigarri bilakarazi dituen gizon eta emakumeok nori ez diote sortzen begiramenduzko sentimendu eta begirune adeitsurik?
Gure sentimendu berezko hauen arabera behar luke aritu gure funtzionamenduak. Zerk gaitu ostera erasokor bihurtzen, zerk hain basati, hain gaizto? Zein erreakzio dongek bihurtzen gaitu zital, errukigabeko eta anker? Zerk garamatza on eta eder eta maitagarri zaiguna hondatzera, suntsitzera, oinazetzera, gorrotatzera?
Gure portaera antzemanezina da, susmaezina, aldakorra eta ikaragarria.
Lo egin nahi nuke. Lo, ametsik gabe eta geldi, ontasun-sentsazioz, edertasuna laztanduz, zoriona hedatuz, ezaguna dudanaren eta ezagutzera heldu ez naizen guztiaren onean, maitasunean eta ederrespenean, itxura batean bizi behar nuen portaerak inkonprentsiotiko, inkonszientziatiko, inkontroletiko era eta kolore guztitako orbainez lohitu ez diodan izararik bere komodan oraindik kontserbatuko balu.

Gaia 1: Bizitza
Gaia 2: Jendea
Azpi-gaia: Bizitza: Esperientzia orok.
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa