DGA-1^
Eraiki, horra hor hitza.
Ez, ez da hori.
Hitza sortu da.
Baina sortu ere ez da esan nahi dudan kontzeptua adierazteko gauza.
Hitza da eraikuntza-gai, eta, sorkuntza-gai ere hitza bera da.
Hitza bera da beraz pleonasmoak aparte nik behar nuen elea edo alea.
Alea da behar nuen hitza.
Izan ere ale bait da hitza, bizitza bere baitan duen hazia.
Ale eta hazi da hitza. Parean eman dut oraingoan. Errealitatea hitzak du eraikitzen ahal, eta errealitate daitekeena hitzak sortu ahal.
Hitza zerbait dioen ahots ere bada. Zerbait hori ozenki adierazten duen eta entzun erazten duen arnas-kolpe beroa.
Adierazpide eta entzunerazpide ozen eta beroa da beraz hitza. Ozen edo dardara ibiltari, bero edo bizitasun-sortzaile. Dardara ibiltari denez, eragin deragigu. Bizitasun-sortzaile denez, suspertu egiten gaitu.
Hitza kreazio gai da, eta birkreakuntza-gai.
Literatura sostengatzen duen material bizia da hitza. Poesia osatzen duen bizi materiala.
Hitzak beti darama mintzo duenaren teju* berezia. Bakoitzak demaio bere giro berea.
Hitzak hola behar luke: pertsonala izan eta beste inorena ez-holakoa, baina ulerkorra.
Ahoz edo lumaz jalkitzen dugun silaba-multzo oro ez da hitz, horiek zarata eta zirriborro ere bai bait lirateke (1).