Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

DGA-1^

Orain nagoen lekura, girora, arazoetara heldu behar nuela jakin izan banu, orain honetarako hobeto gertatuko nintzatekeenik ez zait iruditzen. Banekien bai nolabait norantz eta zertarantz nindoan. Badakit zein beso-motz aurkitzen naizen orain eta hemen, eta pena dut, ahal izan eta trebeagotu eza. Bidez bai ibili naiz, baina firinfaran, firinfaranegi. Helburua baino bide-ertzetako xehetasunak izan ditut bideko entretenigarri. Alferra izan naizen kezkarik ez dut, baina bai alferrik aritu izan naizen damurik. Gaur moztasuna dut sentitzen, aukeran ditudan eginkizunetara ezin iritsia. Orain hobeto ikusten dut nola behar nuen jokatu, zertan behar nuen saiatu, eta iragana erremediatu ezina alferriko damu dudala ikusten dut. Une honetan, motxila astuna, astunegia, zabaldu dudanean, zenbat alferriko gauza, zenbat alferriko pisu, zenbat zirtzileria; baina orain eta hemen behar dudanik zer gutxi eta zer gauzaezak. Inoiz esan ere egin dut, beharbada, egun dudan aukera aurretiaz ezagutu izan banu, honetarako prestatzen gehiago ahaleginduko nintzatekeelakoa, baina aieru hutsa besterik ez denez, ez zait atsegin horretan ihardutea.
Egia besterik da duda gabe. Nolakoa naizen jakitea dut horretarako nahikoa. Eta nolakoa naizen egin dudanak dit agertzen. Eta ikusten dudana zera da: Eskolara zihoan mutikoa, noizbehinka eskolara joaten bait zen, bide-ertzeko marrubi, sugandila, masusta, sasi-txori, pinu-beldar eta horrelakoz gehiago distraitzen zela, eskola-gaiez eta eskola-arazoz baino gehiago. Eskolara joan zihoan helburu zuelako, baina eskola gero-geroko besterik ez zuen. Errekaduak egitera bidaltzen zutenean ere, errekadua zuen eginkizun, baina zergatik ez zuen gogoratzen dendan zer zen eskatu behar zuena? Dendarako bideak berak distraitzen zuelako. Dendara bai iristen zen noizbait, baina errekaduz ez, beste guztiz burua beterik zuela. Eta beti jokatu du horretara, beti helburu eta eginkizun fijo batera, baina beti, aldatzekoak aldatuz, bideko gauza eta ikuskizunez sobera distraitua, umetan halatsu.
Eta eskolara ailegatu naizenean, liburuak ikusi gabe dauzkat, ariketak egiteke eta arraro aurkitzen naiz hurkoen eta neure buruaren aurrean. Eta damutu ere egiten naiz neure jokabideaz, eta eskola aintzatago hartzeko asmoa ere hartzen dut, baina hurrengoan ere berdintsu agertzen naiz eta hurrengoagoan ere. Eta errekadu-kontuan ere holatsu eta denean eta denetan berdintsu. Eta hola nago eta hola nabil, egonean ez beste guztitan, bideak berak baino bideko gauzek berek gehiago erakartzen nautela. Mila aldiz konturatu naiz akats honetaz, mila aldiz damutu, eta mila aldiz distrakzioetara berriro etorri. Eta hemen nago eta hemen nabil, beharren ditudanak ez beste guztiak ditudalarik, nagoen lekuan alferrik, inguruko giroan txertatzeke, aurreko arazoei heltzeko beso-motz, kilkir edo txori, haize edo izan behar zuen hau. Baina behin honez gero, naizen bezalakoa izaten jarraitzera etsita, naizen bezalakoa izaten jarraitu nahi ez nukeelarik, naizen bezalakoa agertu nahi natzaizu, lotsazko lotsagabean. Hortik aurrera zeuk ikus zertan enplega nazakezun, jadanik bide-behatzaile huts bezala onartu ez banauzu behintzat.

Gaia 1: Bizitza
Azpi-gaia: Bizitza: Norbere Izaera
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa