Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

DGA-1^

Bururatu orduko ahazten zaizkit burutapenak. Burutapenak sortu, berriz, onddoak bezalatsu sortzen zaizkit. Ez diot, ugari izaten ditudalako, berez antzean sortzen zaizkidalako baino. Onddoak ez dira sortzen edozein garai eta girotan. Garai eta giro bakoitzak onddo-mota diferenteak sortu ohi ditu ostera. Baina hemengo kuestioa onddoak sortu egiten direla da, besterik ez. Usterik gutxien dugunean punp, garai eta giro determinatuen fruitu, horra burutapena. Gero ahaztu ere halatsu, zapla. Ibilaldi batean edo lorik egin ezin dudan bitartean bururatzen zaizkidanak eta buruan jira eta buelta erabili ere egiten ditudanak desagertu ere behingo batean desagertzen zaizkit eta gogoratzeko kristorenak egin arren, ez dago haien aztarnarik atzemango duenik nire oroimenean. Gogoratzea merezi duen edo gogoratu nahi nukeen zerbait izan dudan zera bakarrik, eta kitto. Oroimen gordetzailerik ez dudan arren, ez nuke esango ideia fijorik ez dudanik. Ideia hitz hori nire izkribuetan. eta neure buruari zuzendurik, nire lagunetako zenbaitek ikus baleza, barrerik egingo luke segurki. Sarri burlatu izan bait naiz hitz horretaz eta hitz hori hain sarri eta hain erraz erabili ohi dutenez. "Erdaraz bai, baina euskaraz ez zait sortzen idearik", euskara ideiak sortzeko agorra bailitza edo. Entzunaren entzunez ikasitako formula eginei deitu ohi die gainera ideia; talentuaren fruitu den ideia eta memoriaren harrapakin den formula elkarren artean berdinduz, nahastuz eta bata bestearen ordez erabiliz, sagarra eta sagar-ontzia gauza bat bera bailiran hartuz. Eta euskaraz ez zaie ideiarik etortzen, formularik ez datorkielako eta erdaraz ideiak omen datozkie formulak datozkielako. Hau da: ontziak datozkielako sagarrak omen datozkie. Bapo! Baina ni neure burutapenei eusteko gauzatasun-ezaz eta neure ideia fijoez ari nintzen, ideia fíjoak apeta nahiz seta bezala ulertuz, mania bezala, ideia fijoak ez bait dira norberaren jitearen apeta iraunkor ez beste ezer. Nire maniek berriz ez dute aparteko saiorik merezi, ari ditudan ihardun guztiak bait dira nire manion esponente edo erakusle. Apeta, seta, grina, irrika, nahikari, gusto pertsonal, berezko joera, talentu partikular eta horrelakoak ez dira ideiak, ez bait dira adimenduaren sorkari, ente eta kreatura; berezko zaletasunaren eta norberaren izanmoduaren indar, eragin eta halabeharrezko irtenbide, agerpen bizi eta bereizgarri baino besterik. Bakoitzaren burutapenen iturburu eta lur egoki ere badira halere, horien lepo gainean bizi bait dugu burua, eta buruak gure izaerari begira bizi ditu bere antenak, hari dagozkion ondak bilduz eta bidaliz (1). Antenarik badudan arren, grabagailurik ez dut, eta bururatu orduko ahaztu ohi zaizkit burura etorri, agertu, heldu eta sartu ohi zaizkidanak. Beno, hemen ditut ideia fijo edo apeta deitzen ditudan hauek, euren lorkizunak atzemateko etengabeko asmakuntza-lanean, bidenabar baino ez bada ere, ideiaren bat edo beste ere sortuz edo lortuz, agian.

Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa