Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

DGA-1^

Behin batean bazen gizon bat, bat noiz den gizon ere ez zekiena. Urteak bazituen, gizaldi-erdi bat bai; beno mende-erdi* bazuela esan nahi nuen. Behin batean, beraz, bazen gizon bat. Hainbeste urte bazituen arren, ez zirudion gizon zenik. Urteek bakarrik gizatasunik ematen ez zuten zera zuen: urteek ez dutela bat gizon egiten, alegia. Halako gizon bat zen beraz, behin batean. Harritu egiten zena zen, norbaitek gizon kalifikatiboa eransten zionean (1), ez bait zirudion berrogeitamalau (2) urtez gora gizon zenik oraindik. Gizon izan ahal izateko, urteez gainera, beste zerbait ganora gehiagokoa behar zuela gizakiak, uste bait zuen. Halako gizon bat zen, beraz, behin batean. Halako gizon hark, itxura batean behintzat, gizakiaren (3) gizon izatera heltzeko prozesuari pausoz-pauso erantzun zion. Umearoa eta gaztaroa iraganik sentitzen zituen, baina helduarora arribatu ez zen ideia edo irudipen halakoa bizi zuen. Gaztaroaren eta helduaroaren bitartean geza-aroa (4) edo deitu aldi bat ezarri behar zuela zirudion. Umearoa bera non edo noiz bukatzen zen ere ez zuen garbi ikusten. Gaztaroa noiz amaitzen zen, ostera, garbi ikusten zuen, gaztaroaren muga urteek bait dute erabakitzen, urteek eta gorputzaren beraren taiuak. Baina helduaroa ez zuen ikusten inondik ere urteen fruitu bezala. Eta helduarora iritsi gabekorik ezin zuen inondik ere gizontzat jo. Eta zerak txunditzen zuen: gaztaroaren eta gizonaren arteko epeari (5) zegokion hitzik hizkuntza arruntean ez aurkitzeak. Eta horixe da behin bateko gizon haren ipuin guztia. Ez da besterik.

Gaia 1: Bizitza
Gaia 2: Denbora
Azpi-gaia: Bizitza: Esperientzia perts.
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa