Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

GDA^

Gabon problema ere bada niretzat. Egin ezazu barre eta bota ezazu pentsatzen duzuna: Gabon, mutil zaharrentzat ez baina, etxeko ardura dutenentzat dela benetako problema. Ez diozu gezurrik. Zure ekonomiarentzat oraintxe dator hondamena. Inongo errukirik gabe erasoko dizu kontsumo deitu munstroak. Mila haritatik tiratuko dio zure diruari eta akabo zu. Bentajaren bat behar genuen ezkonge eta hain beti inoren menpekook ere. Baina Gabon niretzat ere problema da eta zuretzat doble. Sinestu ez sinestu, hor dago Gabon-jaien azpirengo oinarri den Jesusen jaiotza delakoa. Eta hor dago gakoa: aintzat hartu ala ez hartu, problema dela Jainkoa, halaber Gabon-misterioa, zeren Jainkorik baldin bada eta delako Jainkoa gizon egin baldin bada, Jainkoarekin tratutan gara, adiskide. Tratutan edo harremanetan. Eta Jainkoa, definizioz da gu ez halakoa edo erabat bestelakoa bai izatean, bai irautean, bai jokabide eta helburuetan. Muestrarako botoi batekin nahikoa dutenetakoa baldin bazara, horra jaiotzan bertan zein bide, zein alderdi hartu duen Jainko gizon eginak: behartsuen klasea aukeratu du bete-betean eta behartsuen sentsibilitate eta ikuspegietatik arituko da ezinbestezkoa den klasearteko borrokan, baina, nahitaezko borroka horretan nola jokatu behar dugun, bere jokabidea jarriz eredutzat. Eta, gizona!, bengantza-gogoa, handinahi-irritsa eta tortilari buelta eman nahia besterik ez dugunontzat, haren justizia geure kontra dugun zerbait latza dugula! Haren iharduera beste era batekoa dela eta geure izate eta jokamoduari ehun eta laurogei gradutako bira eman beharrean gaudela.
Eta gure grinen arioari buelterdi hori eman behar baldin badiogu, horixe bai dela problema eta zaila gainera.

Gaia 1: Gabonak
Gaia 2: Bizitza
Azpi-gaia: Bizitza: Esperientzia perts.
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa