Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

ABG-1^

Zenbait ohar

Seminario al descubierto deritzo Arantzazuko Seminarioan, erdia euskaraz eta erdia erdaraz, ateratzen genuen aldizkariari. Fraidegaiek idazten zituzten orrialderik gehienak, baina geuk ere jartzen genuen zerbait. Hemen Berpizkunde Pazkoetan eta kurtso bukaeretan idatzi nituenak daude.
"Argia piztu da". Gure fede bizitzako errealitate oinarrizkoa gurutzean hil zuten Nazareteko Jesusen Berpiztea da. Gaueko izarren azpian egin ohi dugu Larunbat Santuz su berriaren erritoa. Zirraragarria da zuzi berri piztua goratuz abeslariak oihukatzen duena: Kristoren argia! Han daude izarrak eta konstelazioak espazio mugagabean; bertigoa ematen du haietan guztietan pentsatzeak eta egiten ari garenaz konturatzeak. Zer ari gara gu izartegi guztiaren aurrean Kristoren argia oihukatuz? Zorabioa ematen du. Eta "eskerrak Jainkoari", erantzuten dugu eta indar guztiz erantzun ere gainera. Izan ere, Kristok argitu digun Jainkoak argitu egin du Kristo hilen artetik piztuz "hilen arteko lehen semea".
"Bakazioak". Nork ez du pisu aurkitzen kurtsoko jarduna? Hainbeste ikasgai eta programa aspergarriz, hainbeste eginbehar badaezpadakoz, eta hainbeste disziplina nazkagarriz? Baso itsuan galdutakoak bezalatsu irrikatzen du batek kurtsotik irtetea eta oker handiagorik gabe irtetea, ahal dela.
"Bizi". Bizi, bai, bizi. Amaigabe bizi. Desiragarria da betiko bizitza, itxura samarrekoa baldin bada behintzat. Hala ere, errealitate materialean dakusagun bizitza ez da betikoa. Hemen ez dago betikorik. Nola hitz egiten dugu bada betiko bizitzaz? Kristo gure buru berpiztua gure betiko bizitzaren segurantzia ziur dugulako.
"Kurtsoko nekearen ondoren". Behin kurtsoa probatu duenak, badaki zer den hartatik libratzea. Izan ere gogaikarria da hamar hilabeteko kortse estu eta gogorra. Hala eta guztiz ere beharrezkoa da kurtsoa, inora edo ezertara iristeko zorbidea denez.
"Urtarrila oraindik". Ezusteko pozgarria aurkezten zaigu batzuetan. Ze bisita atsegina! Nola gaituen argitzen! Ze oroipen gozoa uzten duen!
"Bizitza itxaropen delako". Euskara ez dela biziko beste hogeita bost urte, esaten zigun Domingo Gonzalez bilbotarrak, berrogeita hirugarren urtean. Gauza bera, baina jakintsu aire handiagoz, esaten zigun hirurogeita lauan Antonio Iruretagoiena donostiarrak. Gaur ere badabil zoritxar-igarlerik. Nik gauza bat dakit: euskaldunok gura dugun arte biziko dela euskara.
"Uda hurreratzen". Hilabete luzeetan gau eta egun lekutako Seminarioan bizi izan diren mutikoentzat, oporren zati gozoenetako bat, guraso eta anai-arrebekin elkartzeak izan behar. Eta gero, lagunekin nahiz gurasoekin egin ditzaketen txango eta bidaia labur edo luzeagoak ere oporren eskaintza atsegingarri dira, eta mendiz nahiz itsas inguru ederrez burutu ditzaketen joan-etorriak, kalez kale egin ditzaketen ibilaldiak, bateko eta besteko monumentu historiko, arkitektoniko, kulturalak eta ikusiz, ezagutuz eta gozatuz egin ditzaketen osterak, denbora egonean eta lasai, inongo presarik gabe, norbere buruarekin bakarrik edo lagunekin batean eman ahal izateko paradak eta beste, oporrek damaiekeen ahalbide eta aukera gustagarri dira; eta oraindik beste egokiera asko lirateke oporren erregaluak.
"Errementariak". Garizumatik Pazkorako prozesua adierazi nahi du konposizio honek.
"Udaberri zein uda atsegin". Ilusioz begiratzen dugu oporretara. Han proiektatzen ditugu eskuarki geure gurari zoragarrienak.
"Aste santura helduko naiz". Nazareteko Jesusengan sinesten dugu eta Hark sortu duen eraberritze erabatekoan. Harengan bataiatua sentitzen denak eta Harekin komunioan bizi denak Ebanjelioa du begi eta Ebanjelioa balio berrien taula, mapa eta eskala.
"Eguzkia ikusiko dut". Bizitza, besteak beste, ilusioak egiten du eder, zati handi batean.

Gaia 1: Autorea/Obra
Gaia 2: Idazlea
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa