Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

ABG-1^

Zenbait ohar

"Lilluraz eta nekez". Nola ez? Hain gara hauskor, hain hondatu errazak.
"Ta aurrean udazken". Elgea mendikatearen hegoaldean, txilarrak udazkenez izaten duen nagusitza lorezko morearen eragin sendoa dago konposizio honetan.
"Orbelok nazan oni". Neguan sartzeko biluzi den makalaren silueta goragilea ere iradogarria da, ba. Norbere goietara igo gogoekin nola datorren bat!
"Baltza zan udalengo". Ni ere txoriak kaiolan edukitakoa naiz, bai kardantxilo eta bai zozo. Zozoak jana eta edana ipintzerakoan bakarrik ikusten ninduen. Haren kantu nostaljikoak Orbelaun aldeko paraje maiteenen akordua sortzen zidan. [I]
"Ta alako berbarots". Pinuek ere, euren gainjantzi berde-ilun eta guzti, airera igotzea maite duten aldetik, iradokitzaile zaizkit. Gainera, nonahitik zela ere Orbelaunerako bidelagun nituen. Zein gogoan ditudan beste inolako zaratarik gabeko paraje haietan pinuek haizearekin zituzten esanbeharrak.
"Ni ez naz ezer", baina badakit ezer ez naizena dakidan norbait naizena.
"Nire naiaren jo-muga". Hau ere bada, ba! Itzelezko ibilaldiak egiten ditugu buruz, eta mugarik urrutienetakoetan kokatzen ditugu geure gurari, egitasmo eta ametsak, eta gero ohartzen gara geure bekokia bera baino ere honantzago ibili garela geure asmo horiekin guztiekin. Baina zein gustura ibiltzen garen berriz ere urruti zoragarri horretara proiektatuz norbere izpirituaren joranik* minenak.
"Etorri ta joan doa". Non geratzen da isiltzen den soinua? Zein modu hotsik gabean den irartzen oroimenean!
"Illunkara garbira". Ondo ordu iradokigarria da, ba, ilunkara! Nola nauen eramaten beregana bere erakargarritasunaren indarrrez, bere edertasunaren atrakzioz. Umetan, Nabarrizko osabarenean, aulkia eramaten nuen iluntzero sukaldeko leihora eta haren gainean zutik negar egiten nuen azkenengo argi hondarrei begira.
"Geldi ta itsu". Beilotzako Andres hilik ikusi eta geroko erretolika da. Jainkoaren ezadiskidetasunean hiltzea zen nire heriotzarenganako beldur guztia. Egun Jainkoaren errukiarenganako uste hobean bizi naiz.
"Bakartade aiń zurtz ontan". Urbia, Urbia, esaten da, baina Artzanburu eta Arbelaitz arteko gain zabala ere ez da, ba, gutxiesteko. Artzanburuko trikuharritik Aizkorritxoko trikuharrira, dolina* [sic] eta leize ugariz luzatzen da larre sail gozoa iparraldeko karehaitz lerro malkartsuari segika. Isiltasunak maite du eremu hau.
"Zeiń laster betetzen". Ez dugu asko behar izaten animo egoera batetik beste batera aldatzeko. Zorionez, osasun ona ere bai eta, pozak askogatik ere leku gehiago izan du nire bizitzan, baina ezagun ditut horratio nahigabearen dolina eta leizeak.
"Amak "zatoz", esan eustan". Batzuetan nekaturik aurkitzen gara. Barru eta larru nekaturik. Egun horiek pisuak izaten dira eta batek hats hartu egin nahi luke, lo egin, ahaztura sakonean murgil egin.
"Iru torreak, luze ta garbi". Gorago ere hitz egin dut ilargi beteak Arantzazun sortzen duen fantasiazko giroaz. Zer ikuskizuna, garesti ordaindu beharrekoa balitz.
"Eta, goian, zerua". Jorana edo zerbaiten gogomina edo nahi litzatekeen zerbaiten falta edo arimako goseren baten aseezina edo zerbait gogokoren hutsune tristezia ganduzkoa edo nik dakit, ba, zer behar ezkuturen irrika bustia. Ez da erraza definitzen, eta ez da erraza isiltzen. Batek borondatez utzi ditu lurreko ondasunak obedientzian, norbererik gabe eta kastitatean biziko dela aginduz, eta artean badu inondik uko egin ez dion zerbaiten ez mingarria. Bego.
"Zuriak, zurizko zuritan". Pentsatzen hasiz gero etxe pobrea zen, ba, Orbelaun, hemen Launbeor diodana. Baina zer gauza! Zer akordu argi eta ederrak Orbelaungoak. Etxe aurreko hariztia ikusten dut lehen eguzkiak argitua eta zeharkatua. Atarteko atea oroitzen dut kanpotik barrura eguzkiak urrezko tronpetaz janzten zuenean, eta amarekin gomutatzen naiz altzoan arto garauak zeramatzala oiloei deika, purraka.
"Beti dago egun bat". Iritziz eta asmoz ez baina sentimenduz arin argitzen eta isiotzen gara, eta arin iluntzen eta amatatzen.

Gaia 1: Autorea/Obra
Gaia 2: Idazlea
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa