Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

HAE^

I
1.- Zer diozu azkenengoz eman dizuten sariz? [I]

—Ostikada bat baino hobea dela. Hala ere ni neuk ez dut inongo sariren beharrik. Ostikadarenik ere ez, egia esan. Norbere lana ontzat ematen dutela ikusteak, uka ezinezko poza ematen du.

2.- Sariagatik ez bada, zergatik presentatu duzu lan hori: kolaborazio gehiago egon zedin edo eta ustekabean gauzak horrela etorri zaizkizulako?

—Lehenengo eta bakarrik, nire presentatzearen arrazoia, A. Villasante izan zen. Bazekien zenbait gauza idatzirik nituena eta berak eragin ninduen zerbait bialtzera, eta berak jakingo du zergatik. Ni neuk aspalditik neukan inungo sariketan parterik ez hartzeko asmoa.

3.- Zer sentidu dauka sari horrek zuretzat?

—Orain arteko guztiak bezalakoa. Sariak gutxi ikutu naute eta gutxiagotara eragin. Sentidu horren sentiduari beste sentidurik ez diot topatzen, eta parkatu.

II

4.- Guk uste dugu orain artean egin dituzun lanak oso aupagarriak direla eta goi-mailara iritsi arazi zaituela, baina goi-maila hori tope bat ahal da ala oraindik gorago iritxi nahi duzu?

—Ez nuke inoiz topera iritxi nahi. Hobeto eta gehiago idaztera bai heldu nahi nuke. Ardura gehiagoko gauzak esatera ere bai.

5.- Ze helburu daukazu zure idazkintzan?

—Esan dutanez gainera ezer ez.

6.- Idaztera mogitzen zaituen aspiraziotatik garrantzitsuena zein da?

—Idazteak dituen nekeak garaitzera indarrik handienez bultzazen nauan haura. Baina zehaztasunez zein den beste baterako pentsatuko dut.

III

7.- Euskal poesiak beti izan ditu idazle ospetsuak, lehen eta orain. Nor edo nortzuk dira zuretzat gailurrera erten direnak?

—Euskal poesiak idazle ospetsuak izan dituen hori ez da hainbesteko. Gurean poesiak ez du ospetsurik izan. Etxepare XVI. mendean, Laburdiko Joanes Etxeberri eta Oihenart XVII. mendean, zergatik dire ospetsu? Eman ziguten poesiaren garrantziagatik? Ala hoberik ez dugulako? XVIII. mendean berriz ia aipatzerik merezi duen poeta bat ere ez dugu. XIX. mendekoak, Felipe Arrese, E. M. Azkue, Bilintz, Topet Etxahun, Adema Zaldubi-eta poeta ziren bai, eta poeta on, baina hortik poeta ospetsu izatera bide luzea dago. Hori bera esan genezake XX. mendeko Orixe, Lizardi, Lauaxeta eta abarrez. Zenbatek ditu ezagutzen? Zenbatek ditu bere poesiak aipatzen? Zenbat dire horien poesiaz baliatzen? Eta euskal alorrez kanpo nork du gure poeta hoien berririk?

8.- Nola ikusten duzu euskal poesia: atzo, gaur eta bihar?

—Maitasunez. Beti maitasunez eta askotan harriduraz txunditutako begiz, gure hizkuntzaren egoera beti zoritxarrekoan, uste zitekeen baino gehiago, askoz gehiago, jaso, loratu eta heldu ere heldu delako. Gaur ere abantean ari da biharko bidetarantz itxaropenez betetzen gaituen hainbat gaztek, ez dakit nondikako animuz, bultzatuta.

9.- Gaurko euskal poetak ze gai ikusten dute gehien?

—Sozial gaia. Injustiziaren, gezurraren, ustelkeriaren aurka eginez; zapalduen alde abotsa altxatuz; egungo gizonaren kezkak, grińak eta larriak estalkirik gabe azalduz.

10.- Gaurko gaztediak duen sensibilidadearekin poesiak iraungo duela uste ahal duzu?

—Zer ba? Gaurko gaztediak poesiarenganako sensibilidadea galtzen ari duela uste ahal duzu? Gaurko gaztea inoizko gazterik gertatuena da eder den oro sentitzeko, bilatzeko eta sortzeko eta ezin lezake arbuia poesiarik. Baina, behar bada, materialismoaren bildur zera. Nik ez dut uste berriz gaztedia, bere osoan hartuta, materialista izateko inoiz ere gauza izango denik.

11.- Poesia idarra hartzen eta aurreratzen dijoa, ala kemenik gabe geldi-aro batetan aurkitzen da?

—Gure artean behintzat inoiz izan duen indarrik handienetakoa du poesiak gaur, eta inoizko esperientziarik ausartenak ere gaur nabari dira euskal poesian. Euskerak inoiz poeta ugari eta onik izan badu, gaur du.

12.- Hitz gutxitan esan ahal dezaigukezu zer den poesia?

—Hitzaren eta ispirazioaren batasunari darion jario atsegina.

IV

13.- Euskaltzaindiak ze toki ematen dio poesiari gaurko euskal elertian?

—Gainerako literatur-agerpenei haina.

14.-Euskaltzaindiak hizkuntzari eman nahi dion batasun hori, teoria bakarrik ahal da?

—Nola teoria? Euskaltzaindiak oinarri sendoko batasun bide egoki bat agertu du hizkuntza beraren hezurretan finkatua. Eta argi hitz egin du bere asmo, pauso eta helburuen berri emanez. Zorionez askok ikusi du batasun bide horren arrazoi-bidea eta abiatu da jendea bide horrez aurrera.

15.-Batasun hori idazlanetarako bakarrik dela dirudi. Ez du ematen inoiz elkar-hizketa batetan erabili dezakegunik. Zer derizkiozu?

—Idazlanetarako da bai aurrenik. Baina nork daki egunen batez elkarhizketarako ere ez ote dugun izango?

Gaia 1: Idazlea
Gaia 2: Euskara
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa