Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

AOB^

Ez genuen asko utzi. Zer utzi behar genuen, txirotasunean bizitzeko botoa egin genuenean, geurerik ezer ez genuelarik? Asko jota, noizbaiten euki genezakeen ondasun apur hipotetikoari egin genion uko. Ez diot baliorik kendu nahi egin genuen egitadari. Bizitza guztirako apur hipotetiko horri berrori uko egitea ez dago ausardia handitik urrun. Baina uztez utzi genuena etzen balizko zerbait besterik izan.
Aurkitu genuena ostera, urteak zehar gero balio handiagokotzat daukagun ondasun-fondoa da. Aterpea badugu eta jenderik gehienak baino hobea. Jana eta edana ere badugu, gosea eta egarria kentzeko ez ezik gustoz eta tenplez ongi daudenak. Jantzia ere badugu, itxuraz ibiltzeko adina bederen. Eta anaiak aurkitu ditugu, elkarren zerbitzuan bizi diren anaiak, ikasten lagundu dizuten anaiak eta zeure eginkizunetan laguntzen dizuten anaiak.

Gaia 1: Bizitza
Azpi-gaia: Bizitza: Frantziskotarra
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa