ABG-1^
"Argi Oneko Poema"n, Zornotzako Olerti lehiaketara bidali nuenez [I], nire ezaugarri izan zitezkeen zertzelada guztiak ezkutatu behar izan nituen, baina bizikizun sendoz idatzitako lantxoa da. Poematxook eta hurrengo sailekoak idatzi nituen ortografian utzi ditut.
"Emon nindun lurrak", Azkartza [II] aipatzen du. Garai hartan ipini berri nituen arbola landareak Azkartzan. Eta han, nola esan? "Zeutzan", etzanik zeuden, edo aparkaturik, Oteitzaren Apostoluak euren goradurazko egon etzanezkoan. Azkartzako bihurgunetik ikuspegi ederra dago Bizkairantz.
"Orma ondoan larrosa-aiena", Orbelaunen akorduz baino larrosa aihen berei begira idatzia da. Arreba Terek eta Juanitak lore ondo sastuz, ongi simaurtuz zeukaten sukalde aurreko leihopea.
"Ikusi ditut mendi-bidean", San Inazio egunez idatzia dudala diot, baina horrekin gutxi adierazi dut garai hartako San Inazio zer zen Urbian. Jendeak bazekien eragozpenak izango zituela igotzerakoan edo jaisterakoan, Guardia Zibilekin arazoak izango zituela, zeren jakina zen egun horretan ikurrinetik hasi eta benetako Aberri eguna ospatzen zuela jendeak Urbian. Batez ere gazteria igotzen zen Urbiako zelaietara.
"Egun bezala eguzkiz". Zer egingo diogu, ba. Nire haurtzaroan garitzak baziren, baita segalariak ere, eta poematxo honetan agiri diren beste elementu guztiak ere bai. Eta halaxe ikusten nituen eta halaxe irudikatzen eta maitatzen.
"Zerua oztin eta itxasoa". Udako opor-egunak igarotzera Bermeoko Anaidira joaten nintzen eta paseora irteten ginenean, poeman diodanaren antzeko ikuskizunak ere begiesten nituen.
"Aldapa ezean". Itsas ontzi handi baten branka erraldoia ematen du Ogoņok eta han daramatza Antzorak eta Kanala.
"Aldi onari arri bat". Santo Kristo [III] ermitatik hurran dago hemen aipatzen dudan pagadia, garai hartatik dexente murriztua. Ederra izateaz gainera hurbil dagoelako, sarri bisitatzen nuen, eta aldi on asko gozatu ahal izan ditut bertan.
"Mendira ditu eraman". Uda hartan sandaliaren uhalak gaitz egin zidan eskuineko behatz lodian. Azkazala gaiztotu zidan. Frai Felix, ikastetxeko erizainak atera egin zidan. Hartu tenazak, heldu ondo azkazalari eta tirakazo on batekin fuera. Aste batzuetarako ibili ezinik utzi ninduen. Inbidia handiaz begiratzen nien Urbiara bidean gora eta/ behera ikusten nituen gazte taldeei.
"Ilargi, zeruaren zeru". Ilargi betea ilargi bete izango da nonahi, baina Arantzazun bete ez ezik gainezkako ere badela esango nuke. Ilargiaren koloreko harkaitzon erdian, benetan da ikusgarria ilargiaren argiaren joko liluragarria.
"Barri eguna ta argi". Zenbat egun eder Arantzazun eta zenbat une atsegin eta zorabio zoragarri.