Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

HAE^

Materia edozein forma-genero hartzeko gauza den sustantzia ta gorputza da. Materiak inguratzen eta osatzen gaitu. Gu eta gure inguruko ukigai den edozer materiazkoak gara. Materia aldakorra da. Berez nahiz gizonaren egitez bere itxura galdu, une bateko bere tankera, karakterra eta osakera galdu dezake, beste itxura, aide ta izatemodu berri bat hartzeko. Materiak ez du desegiterik maite eta ez da ezer ez izatera heltzen. Materia hain geurea denez, hain ingurukoa eta hain nahi ta nahi ez gurekin lotua, maitagarria da eta maitatu egin behar dugu eta maitatzen ikasi. Gure gorputza materiazkoa da eta materiazkoak eta lurreko gauzak, denak daude gertuagotik inguratzen gaituen aipatu ditugun gauzekiko harreman eta zerikusitan, dena da gizonari zerbaitetan zerbitzuzko zaion zergauza. Izadi guztia zaigu maitagarri.
Materiarengana maitasun bide bat materia hori ezagutzea da, gertutik ezagutzea, bost zentzuekin harenganatzea, seigarren zentzuz bizitzak duen eta darion jario bizi eta zehaztu ezinezkoz harekin harremanetan jartzea. Orduan gauzak eta gauzak osatzen dituen materia zerbait familiako, zerbait geure-geure bihurtzen zaigu eta San Frantziskoren posturatara iristen gara, kreazio guztiarekiko maite-mina sentitzera alegia. Materia ikusmiratzen duten zientzia asko lantzen ditugu. Bizi gabeko munduari dagozkionak: Fisika, Kimika, Geografia, Astronomia, Metereologia, Geologia, Mineralogia. Bizidunei dagozkienak: Botanika, Zoologia eta gizonari bereiziki dagozkionak: Anatomia, Fisiologia eta gizadiaren konportamentuari begiratzen dienak: gizarteko legeak eta lanbideak.
Ikaskizun guzti horren barruan, berez gauza ttikia eta apala den ataltxo batetaz jardungo dut gaur: Esku-lanez, alegia, eta haserako mailaz bakarrik.
Basikako seigarren urteko mutikoen eskulantegira ostera bat egitea nahikoa duzue, irakaspen honen nondik norakoa ez-bada ere, zertan ari garen ikusteko. Tokia handi eta ederra delarik, tokia betetzen duena oso apala eta balio gutxikoa da. Han eta hemen jendeak bertan-behera utzitakoz, botatakoz hornitua dago dena: kartoizko eta zurezko kaja zahar pila, noizbaiteko aldizkari lizundu pila, menditik ekarritako adar eta sustrai pila, ezertarako baliorik gabeko ol eta ol-zati pila, harri batzu, erreusako erraminta pila, pintura merke, brotxa merke eta abar, dena pobrea. Eta material eta medio pobrez egindako mila lantxo. Ez ditut epaituko.
Puntu hontan nabarmendu nahi dudana hau da: Umeak eten gabeko mirari baten aurrean baino erdian egondu direla: surtara edo zokoetan usteltzera zijoan materia bizitzen aritu direla. Gauza berriak sortu ditute heren pozerako. Baina material bezala erabili duten materiak esperientzia batez jantzi ditu: Materia aprobetxagarri dela beti, soluzio berrientzako gai eder dela, eta parean eta batera, bere gorputza eman dio: bere gogortasuna, bere berezko erresistentzia eta bere otxantasuna.

Bitartean irudimenez serbitzen ikasi dute, materia nola nahi [sic] erabiltzerik ez dagoela, ez dagoela golpeka tratatzerik, zakarki; eta kontrol batez aritzen erakutsi die, gauzak eten gabe aprobetxa ditezkela transformazioaren bidez, eta Ekonomiaren sekretuetako bat erakutsi die. Kontsumoko gizarte hontan dena datorkigu eginda: jostailuak berak ere eginda, haurraren jolasak berak ere ia kondizionatuz, baina batez ere haurraren imaginazioa alfertuz.
Gizarte hontan edozertarako material ederrak, erraminta onak eta makinak aurkitzen ditugu, eta gizona makinaren eta erremintaren bidez inguratzen zaio materiari. Eta aldiz materiarekiko esperientzia urbila galtzen du. Materiarekiko gertutasuna galtzen du, materia intimoki ezagutzea galtzen du eta azkenez harenganako begirapena. Orduan edozein desperfektogatik botatzen eta bazterzen dugu. Soinekoei botoi bat falta zaie, zerbaitetan menustu* dira, eta erruki gabe botatzen dira zokora. Kuadernuko orri baten mantxatxo bat? Orri guztia papelerara. Ogi eta gainetiko jan ondarrak ere lurrera bota, urdai-azpikotan transformatu ditezkela konturatu gabe. Lehioen eta ateen eta gainetiko etxearen zatientzako ere begiramen guztia galtzen da azkenean. Baina gauzenganako begirapenik eza diruz ere ordaindu beharra izaten da. Zer egin orduan materia maitatzera etortzeko? Materia gertutik, urbiletik tratatzen irakatsi. Edozein traste zahar aprobetxagarri dela irakatsi eta hortara jarri haurrak.

Laburtuz:
Eskulanen bidez materia ezagutu arazi nahi diegu mutikoei eta harekin adiskide izatera ekarri.
Materia bera da bere propietateen bidez irakasle handi eta harekin harremanetan jartzen ditugu, haren errekursoz baliatzen ikas dezaten.
Materia tratatzean eskuen trebetasuna lortzen dute haurrak eta imaginazio solte batez jokatzen.
Ekonomiarako gauzatzen dire: gauzei iraun arazten ikasiaz, gauzak transformatzen ikasiaz, gauzei balio berriak aurkitzen ikasiaz.
Ta azkenean gauzen hondatzaile izatetik produktore izatera heltzen ikasiko dute personaren, familiaren eta gizartearen onerako.
Hau da guk mutikoetan sortu nahi dugun izpiritu kreatzaile ta kontserbatzailea; guk geure jokabidez irakasten diegun bidea.
Zuek ere kolabora dezakezute hontan, kolabora egin behar duzute, gu baino maisuago zeurok zaretenez. Gauzekiko ze eskola ematen diezute zuen semeei zeuron etxetan?
Gauzaz inguraturik gaude: jantzi, oinetako, eskolako material, mueble, ontzi, edifizio, etxe inguru eta etxe inguruaren inguruz.
Zein da gauza guzti hoiekiko irakasten diegun eskola?

Gaia 1: Artea
Azpi-gaia: Arantzazu: Seminarioa
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa