ZAR^
Bizkaitar baten aurrean gaude. Ilea beltz kopeta haundi, begiratua zorrotz, aurpegia beltxaran, bihotza bero eta zabal ditu gure olerkariak. Bitoriano Gandiaga dugu olerkari hau.
Elorriaren antzera gogor eta zimel.
Mendatako herrian jaio zen 1928garrengo Urriaren 8an. Hortxe ikasi zuen bizitza, harkaitz arteko elorriaren antzekoa zela. Geroztik zenbat harkaitz, elorri eta arantza Arantzazuko mendi-hegaletan.
Bihotz beroan eta Asisko Franziskoren [sic] eskolan ikasi zuen.
"Arri, bedar, zugaitz, sasi...
denak garbi, denak eder,
T'elorri zaharrak apal eta argi
Loretan, esi ta bazter"
Oliten hasi zen euskaraz idazten, filosofi gai lehorretan murgildurik zebilen garaian, hain zuzen ere. [I]
Olerki asko du eginik eta argitaraturik han eta hemen. 1954garrenean hasi zen lehen sariak irabazten. Aurrena geratu zen urte horretan Zarautzen egin zen sariketan. Hemezortzi poesi lan azaldu ziren. Joxe Artetxe, Xalbatore Mitxelena, eta Manuel Lekuona ziren mahaiburuko. [II]
Baina, Elorri deituriko poemak eman dio sona. Lan honengatik irabazi zuen 1963garrenean «J. A. Agirre» saria ere. [III]
Beronen poemekin, Bitoriano Gandiagaren olerkiekin, alegia, emango dio Gerok hasera 1974garrengo urteari -1). [IV]
Balendin Enbeitaren omenaldi egunaz argitarako [sic] da elkarrizketa hau. Bertsolari-Olerkariz osaturik dago Enbeitarren [sic] familia. Elorri-ren aitak, Mendatako seme Bitorianok, besarkatzen du Muxikako «Urretxindorkumea», Zeruko Argiaren bidez, gorazarre egunean.
Aurtengo Urtarrilak «elorri zaharrak loretan» jarri ditu. Gipuzkoa mintzaleku dute, Bizkaiko senideek, Otsailaren 3an. Kanta bezate egun horretan isilik dauden Bizkaiko urretxindor guztiek.
— Olerkari zaitugunez gero emaiguzu, Bitoriano, zure olerkitasunaren agerpen bat. Zerk eragiten dizu olerkigintzara?
— Horrelatsuko galderaren bat inoiz egin behar zidatena, bildurrak-edo gaztigatu zidan noizbait. Hala ere, erantzunik bilatzeko azterketa sakonagorik ez dut egin, eta hori ere, erantzun beterik ezin aurkitu ahal izango ote dudan bildurrez. OlerkiTASUN hori hitz neurtuen eta errenkaden gorabeheren baino harutzagoko barrurantz dagoen zerbait bizia de lehenik. Baina, ondoren eta batera, hitzak eta hizkerak zerbait bizi hori jazten, azaltzen eta osatzen du. Badakit neure olerkiTASUNAREN agerpen bat eskatu didazuna, aipatutako nahasgarri hoien bateratzetik gertatzen dudan koktelaren bereizgarria, alegia; ba, azken batean, bereizgarri hori neu naiz eta ez beste ezer.
— Aldaketa nabarmena du zure olerkigintzak. Ez da berdina Elorri aurrekoa eta ondokoa. Nola bereziko zenituzke aldi hoiek?
— Inola ere ez bereizi, dena dut jarraipen. Beno, jarraipena baldin badut, egia esan, ibil-alditan banatu nezake. Eta orduan nire olergintza Elorri aurrekoetan, Elorri-koetan eta Elorri ondokoetan bereizten dela, bistan dago. Atzotik biharrerantz mundutxo hontan zehar bizi naizen edo bizitzen ahalegintzen naizen beste bat naiz, eta bitarteko gaur edo ordu bakoitzeko ahalegina izango dute, agian, heren tarteko bereizgarri.
— Nola esnatu zitzaizun olerkari sena?
— Ez dut oso gogoan, baina begiak zabaldu nituelarik, uste dut. A, eta belarriak eta gainetiko zentzumenak. Belarriak barka diezaidatela, batez ere, ahaztu ditudalako, edo belarrien barruko entzumenak. (1)
— Zein olerkarik lagundu dizu gehienbat?
— Zertan baina? Goian aipatu duzun tasun harentzako hitzak eta hizkera topatzen? Ba, euskaldunen artean Lizardi eta Lauaxetak. Lauaxetak ez Lizardik baino gutxiago. Gero Salbatore Mitxelenak.
— Olerki asko irakurri al duzu?
— Hain asko ere ez, behar bada, baina askotan bai. Bai euskaraz, bai gazteleraz eta bai latinez. Euskaraz, aipatutakoez gainera, Arrese biak eta Orixe. Gazteleraz Frai Luis de Leon eta Donibane Gurutze, Juan Ramon eta A. Machado, eta gaztelera itzulpenari esker eta Juan San Martin adiskideari, Celso Emilio Ferreiro galiziatar olerkaria. Latinez Horazio.
— Asko ikasi al duzu olerkiaz?
— Zer? Olerkiari buruzko teoriaz ala praktikaz ari zatzaizkit? Teoriaz gutxi arduratu naiz. Gustatuko litzaidake, horratik, zerbait gehiago jakitea. Baina gustatuko litzaizkidakeen gauza asko utzi behar izan dut, gustatzen zaizkidanak aurreragokoak ditudalako. Pratikaz asko ikasi dut berriz. Esate baterako, eta nolabait adierazteko, jantziak aldatu-zale dela, eta jantziak aldatu-ala, barrendiko era berriak hartzen dituela.
— Zer behar da olerkari izateko?
— Izatea, horra zer behar den. Eta giroa. Olerkaria errez gera daiteke isilik ingurua hotz nabaritzen baldin badu, inguruak idazteko pozaren berorik eskaintzen ez badio. Idaztea berez asegarri bat badelarik ere edo nork bere barrua azazkatzeko bide bat, ez da nahikoa ostera, olerkaria bera den osoan azaldu dadintzat. Barrukoi gisa-edo arituko da eta bere buruarentzako idatziko du soilik; baina hori ez da olerkariak maiteen duen helburua.
— Zer mailatan dago gaurko euskal poesia?
— Ez dakit zein mailatan egongo den orain. Ez ahal da eskaileretan apatx eginda egongo. Hamaseigarren mendean maila eta mailadi asko igonda zebilen. Milia Lasturrekoaren aizpak altutik egin zuen behintzat. Gero badakit gora eta behera ibili dena ere. Inoren ahoz erantzutekotan, Joxe Azurmendik aurtengo udaran esan zidana ez da eritzi txarra: Gaurko euskal poesia Europako onena ez baldin bada onenarekin berdintzekoa ba omen da behinepehin, bere ustez
— Herriaren zerbitzuan jardun bebar al du olerkariak?
— Bai. Baina zein herriren? Herri ikasiaren, herri ez ikasiaren, herri materialistaren, herri ameslariaren, herri ezkerraren, herri eskubiaren? Neuk ere badut herri errealik eta opa dudan, oraindik irreal den, herririk. Harentzat idazten dut, orain denetik, oraino ez denerako, zubi gisa.
"Talan, talan Aloñako maldan".
Ardi bat harkaitz arteko elorria-aren azpian, abaroan. Bitoriano Gandiagaren Elorri gogoratu zait.
"Ementxe dago arkaitza.
Ume nintzanean,
soin gabeko poema bat
usmatu neban, eziña,
arkaitz zurtz onen ganean".
"Ementxe dago arkaitza;
ementxe poema
susmo maite bat oraindik,
soin gabeko ta eziña,
arkaitz zurtz onen ganean".
ERRIALDE
-1) 1973garrenean berriz, "Eusebio Mª de Azkue" saria irabazi zuen