Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

Hegats^

Izendatu didazuen gaia nere obraz mintza nakizuela da. [I] Markatu didazuen epea, 1977-1990a artekoa. Epe horretan, Uda batez Madrilen, Denbora galdu alde eta Gabon dut anuntzio argitara izan ditut. Horietaz bakarrik ihardutera mugatuko banintz, niretzako oso funtsezkoa den Elorri eta inportantea den Hiru gizon bakarka beharko nituzke utzi, nere obra ez balira bezala. Nere obra espresioak zerbait handia sujeri dezake, baina hemen nere obratxoa esan nahi du, murritza bait da gaixoa. Nerea da, ordea, eta oso urruti eta oso ezkutuan dituen sustraiak ditu.

Han, Bizkaiko Mendatan, idazten ez zekien gure ama Anastasiak berebiziko inportantzia ematen zion hizkuntzari. Pertsonak berbaldun eder eta ez-ederretan bereizten zituen, hain zen inportantea harentzat pertsonen berba egiteko modua! Eta beste bereizkuntza gutxi egiten zuen pertsonen artean. Pertsonen berba egiteko era zen harentzat aintzakotzat hartzekoena. Berbaldun ederra zen harentzat: Don Anjel, Arratzuko parrokoa, eta Forutik, Larreatik, Eubatik-eta etortzen zen fraide bat edo beste. Iluntzarbe-ko Ploontinori, Akertxu Arrolakoari, Tomasa Iberrekoari eta ere entzutea gustatzen zitzaion. Harengandik, Seminarioan —1940-45a bitartean— erabat baldartu genuen euskara berregokitzeko hartu nuen aholku erabakiorra.

Seminarioan nekez ohartu nintzen ulertzen ez nuen hizkuntza eta hitzaren ederraz. Humanidadesetako hirugarren kurtsoan sortu zitzaidan arginabarra. Gaztelerako literatura irakasten zigun Aita Elcid maisu fraideari zor diot hizkuntza arrotzaren edertasunarentzat, begiak zabaldu izana. Hark ikus erazi zidan, testuko irakurgaiak eztertu ahala, hizkuntzaren osagaien konbinaketak zuen graziaz jabetzen eta baliatzen.

Gaztelera lantzen aritu ginen gero, harik eta -filosofia ikastera joan eta- Oliten aurkitu genuen euskal girotxo erne berriaz topo egin genuen arte. Han hasi ginen euskarazko geure asteroko idazlantxoak ontzen geure kasa eta irakasleen laguntza eta onespen handirik gabe. 48-51 bitarteko urteak dira. Han ezagutu, genuen Lizardiren Bihotz-begietan, beti ere latin eta grekozko autoreak baino ulerterrazagoa Arratsberan, han Orixeren Barnemuinetan, han Jauregiren Biozkadak, han Arrese-Beitiaren Ama euskeriaren Liburu Kantaria, han Baserriren Bertso Sorta ederra, han Aita Salbatore Mitxelenaren Arantzazu-Euskal Poema. Ez zen gutxi. Han tartekatzen genituen oraindik gaur berton irakurtzen ditugun zenbait erdal idazleren eta euskaldunen obrak. Baina euskarazko despentsa urria zen. Denboraldi motxean ikusi behar izan genituen goian aipatu liburuak. Ale bakarrak ziren, asko ginen irakurri nahi genituenak eta ezin gozatu izan genituen komeni eta nahi bestean.

Erdarazko liburu, eder asko genuen. Gaztelerako eskolaldietan Santa Teresa Avilakoaren Las Moradas aztertzen genuen eta gazteleraz hamabostean behin idazlan serio bana aurkeztu behar izaten genion irakasleari. Eta urtean zehar akademia deitzen genion lan luze eta sakonago bat.

Arantzazura aldatu ginenean, aukera gehiago genuen euskara lantzeko. Inoiz ere ez askorik. Eta batera edo bestera, Teologiako ikasketek, "círculo de misiones", "círculo de franciscanismo" eta bestek irensten ziguten denborarik gehiena eta.

Lizardik, Orixek eta Lauaxetak biziki inpresionatu ninduten. Latinez eta gazteleraz irakurtzen genituen autoreen parekotsu aurkitu nituen gaiaren eta esaera ederraren erabilpenean eta, beti ere, haien dotoretasuna nuen begi-bistatik galdu behar ez nuena.

Teologia ikasten aritu ginen denboran, eta geroago ere, banituen literatura gustatzen zitzaien lagunak. Denen artean Jose Antonio Astigarraga dut aipatu beharrenekoa. Erdaraz idazten zen poesia asko inguratzen zuen, ez dakit nola eta nondik. Trapero samarra ere bazen hura. Garai hartako Blanco y Negro errebistak orrialde-pare bat behinzat eskaintzen zion poesiari. Bazen Acanto deitu poesiari osoki dedikatutako aldizkari bat ere. Carlos Bousoño-k hau zioela, Entrambasaguas-ek ez dakit zer. 27. belaunaldiko denak ezagutzen zituen gainera, eta hauen artean nire gustokoena Juan Ramon bazen ere, Antonio Machado hobesten irakatsi zidan.

Euskaraz idazten zen poesia ere inguratzen genuen nolabait: Euzko Gogoa zela, Euskaldunak, Egan, Milla Euskal olerki eder..., baina erdaraz idatzitako poesia gehiago erabili genuen. Idatzi, aukeran euskaraz idazten genuen. Hark nik baino askoz hobeto idazten zuen eta maisu zorrotz izan nuen.

Garai hau 1952-57 bitartekoa edo da. Ordukoak ditut gero Elorri-n agertu ziren poematxo asko. Gerora ere Jose Antoniorengana jotzen nuen, nere lantxoen orrazketa egiteko. Nire lantxoen xedea, esankizunak argi eta garbi adieratzea zen. Martxa honetan idatzi nituen gaur Elorri-n ageri diren poematxoak eta agertu ez zirenak.

1958-1960a urteak dira, eta hemen, beste izen bat aipatu, behar dut, Joxe Azurmendirena. Honen eskuetan utzi nituen Elorri izenpean idatzirik nituenak, eta honek bakandu, sailkatu eta sortatu zizkidan Elorri-n ageri diren eran. Elorri, bukatu, zen baino urte-pare bat beranduago agertu zen. Bilboko Gráficas Bilbao inprentan aurkitzen zen 61en. Han harrapatu, zuen poliziak liburu gaiztoren batekin nonbait, eta Arantzazura bueltatu zidaten, gazteleraz jar nezan aholkatuz, eta hala itzuli zen. Nik ohinezko [sic] lerrotan jarri nuen eta A. Pedro Anasagastik hegazkoetan. Elorri apaiz-karrerako azken urteetan eta apaizgoko lehenetan idatzia dut. Hasiera beretik da sinbolista. Elorria da gure giza biziera batean zarpil, bestean ederraren sinbolo, bere betiko arantza eta udaberrietako loratze dena betekoan. Kantatzen duen errealitatea fedearen argiak edo ilunak matizatua dago, baina ez da erlijioaren apologia, hizkera ederraren mamitze-saio bat baino. Bakoitzean aukeratzen dudan gaitxoa ahalik eta hitz zehatz eta juxtunez, inongo erretorika eta erretolika gabe adierazten ahalegindu naiz beti. Hitza errealitateari egokitze-lana izan dut eginkizunik eta behinena. Plastizitatea izan dut helburu. Egia da, inoiz edo behin, beste zenbait idazleren oparotasuna imitatzeari amore eman diodana hizkuntzako ariketa bezala, baina ni hitz gutxiren eta nahitaez beharrezko diren haien zale naiz izatez.

Gure formazio-garaia —1940-55— eta ondorengo urteak ere euskaraz idazteari eta literatura eder bat sortzeari ekiteko ez ziren bat ere lagungarri. Idatzi gutxi egiten bazen, irakurri ere ez zen asko egiten, eta euskararenak egina zuelakoan geunden. Honek beronek moteltzen eta adoregabetzen ditu literaturgintzan iharduteko gogo eta erabaki guztiak. Honek ez luke gerrak eta gerra ondoak inarrosi gintuenon aldeko aitzakia bat izan nahi. Giro txar hura gainditzeko ez ginela gauza izan adierazi nahi du bakarrik. Artean ere, bada kinka hartan biziki miresten dudanik. Lehenik gerrak erbesteratu zituenak: Orixe, Zaitegi, Montzon; gero, berton mazpildurik utzi zituenak: Manuel Lekuona, Xanti Onaindia, Luis Jauregi; eta azkenik Mitxelena, Yon Etxaide, eta mugaz handiko Iratzeder. Gure literatura eta bereziki gure poesia eraso txar guztien kontrako bizinahiaren ageri zigortua da. Harritea jaso duen lurraldeko landare murriztuen irribarrea.

Sinbolista izatez gainera, intimista naiz nerez; badirudi ni, neure garaiko arazo politiko eta sozialei aurpegirik eman gabe aritu nintzela lahar artean sasitxori, gizarteak orokorki eta euskal gizarteak bereziki bizi zituen estualdiz eta lorrez arduratu gabe. Badirudi, baina hori ez da horrela: politikarena gai ukiezina eta debekatua zen gure artean eta giza eskubideez aritzea politika egitea zen eta erosta jotzea politika zen eta horrela, eta orduko gauzak, orduko jokaerak, orduko giroan kokaturik ikusi eta aztertu behar dira. Gainera Elorri-ko ni-a, ni-neua baino zabalagoa da: gizateria izaterainokoa, baina ez abstraktuki hartua, neugan errotua eta pertsonatua baino. Eta, beraz, denbora guzti haren ni-a.

Hala ere, sobera bistan dago sasoi hartako eta ez hartako gizonaren pairamen-nekaldi zehatzik ez dela Elorri-n ageri. Elorri-n ez da ezbeharra, delakoa dela eta datorren lekutik datorrela, ez dela diot, kexatzeko arrazoi, kristau eramanpen eta isiltasunez, Jainkoarren eta bakearren jasan eta garraiatu beharreko gurutzea baino.

Baina guztiok ez genuen portaera eta eramodu berez jokatu. Orduan ere baziren batzu-batzu gauzei bere izenez deitzen zietenak, bereziki kultura urbanoan jaio, formatu eta zailduak, baina gu euskaldun erruralen haurrok konformidadean eta halabeharrean bizitzen irakatsiak ginen Jaungoikotik jaunetara ta jaunetatik jauntxoetara eta isilean eta apaltasunez behar genuen eraman mundu triste eta erbeste honetako neke, kalamidade, lotsari eta zapalkuntza oro.

Euskara bera salbatzearren ere idazten genuen guk, euskara salbatuz, euskara baino zerbait gehiago ere salbatuko genuelako ustetan. Euskara setiatua, erasoa, beldurtua eta lotsagarri jarria genuen geure begien aurrean. Gainera, guztian mendean harturik ginduzkaten, kateetan eta zigorpean, ezertariko ez ezertarako askatasunik gabe. Baina ez gintuzten zeharo arnas-hustu eta guk ahal genuen neurrian arnasari eutsi nahi izan genion, gutxi eta eskasik bazen ere, euskaldungoaren birika izateari ekinez.

Bestalde, gai politiko eta sozial. horiek poesian baino prosan tratatzekoagoak zirudidaten, eta, poesian izatekotan, poema epikoetan. Ez nintzen berehalakoan konturatu gai horiek lirismo handiz erabiliak zeudela, ondo aspaldian gainera Testamentu Zaharreko profetetan bereziki. Amos bat basoetatik lau egia aldarrikatzera jaitsi izan balitzaigu guri ere! Baina era bateko edo besteko poesia, gai horietaz bortizki jabetuz orduantxe zihoan Gabriel Celaya, Otero, Otsalar, Joxe Azurmendi, Gabriel Aresti eta besteren bidez.

Elorri 60a aurrekoa dela esan dut eta urte horretararte poesia sozial gutxi agertu zela, isilpeko paperen baten edo bestetan izan ezik. 60tik 70era kanporatu zen indarrez poesia sozial hori; baina nik ondo datik [sic, dakit], 68-69a zen, eta erbestean, Alemanian bizi zen Joxe Azurmendiren Hitz Berdeak antologia ondu eta gero argitaratzeko baimen eske hasi nintzenean, zenbat poema eder kendu arazi zizkidan Consulta Previa-k, "que ésa es otra", esan ohi denez. Nik censura hitza aipatu nuen Gobernu Zibilean eta Espainian ez zela censura-rik erantzun zidaten. Orduan, egiten eta galerazten zidaten guzti hari nola zeritzon galdetu nienean, hura consulta previa zela erantzun zidaten, eta beste. Egia esan, gurean, poesia soziala baino debekatuagoa zen beldurra galtzen edo balentria irabazten zetorrela jendea frente askotan: politikan, arazo sozialean, poesian.

Adierazten saiatu naizen giro horretan, izurrite horretan, gerra zibilaren takarreko izugarri haren ondoren, lehen hamar uteetako kordegabeziatik irteten oraindik hasi berri samarrak ginen hartan sortzen hasiak dira Elorri-ko poematxoak, ez noski gero osatuko zuten libururako pentsatuak, baina bai Elorri izenburupean. Zer nahi duzue? Ez dut ukatzen noizbait libururen bat osatzeko nolabaiteko gogorik ez nuenik, baina lekutan nengoen. Euskara eta idazten ikasteko besterik gabe eginak dira batzuk, estiloa lantzeko, eta abar. Autore famatu batzuen imitazio obligatu bezala eginak dira beste batzuk; izan ere, garai hartan hori guztiori egin beharrekoa, zen norberaren prestijiorako. "Gauza ederrok baiño" 104. orrikoa, Lauaxetaren Bide Barrijak liburuko "Maitale kutuna"ren imitapena da, eta 109. orriko "Jaungoiko billa nabillalako" ez dakit norena. Eguneko meditazio aurreko irakurraldietan ematen zizkiguten pentsagaiei forma ematea ere bazen "Guzurra eta engañua" 98. orrialdekoa; eta "Zure barririk ez neukanean", 98. orrialdekoa (beti 2. argitalpenaren arabera), hemen ideia San Agustinena da, forma nerea.

Batzuk gorapen handiak egin zizkioten poematxo honi, San Agustinen ateraldien neurrikoa zela ta, esanez. Nik esperientzia hau ez dut neurea. Nik zer ihes egin behar nion Jainkoari, gizajo honek, itxurazko bekatu bat ere egiteko gauza izan ez naizen honek! Garai hartako munduari buruzko ikuspegiei forma emate lana ere badago. Errealitatearen eta errealitatekoen esperientzia tinkik gabe, liburuek edo fraideek hala ziotena gaitzat harturik osatutakoak ere bai. Batzuk badaude etxegiroaz ari direnak, 173. orriko "Zoriontsu nazan" eta beste; eta fraide-bizitzaz beti nola modu melenge batez hitz egiten zuten erara gauzak egitea eta ni ere horretan saiatu egin nintzen. Baina inori jarraitu gabeko neurezko poemak ez ditut gutxi, ez eskasenak. Orduan Amabirjina trapu artean jantzita zegoen, burua bakarrik agerian eta koroetzar zilarrezko batekin hura ere. Asko goresten zen argi eta zilar artean eta mantu handi eta perlaz jantzitakoen barruan ikusten genuen Arantzazuko Andre Mariaren irudia. Batzuk zerbait bizia edo zeruzkoa edo ikusi bide zuten, beren hitzen bidez adierazten zutenez. Nik ostegunetan -bazterren garbiketa egin behar genuen egunetan- Amabirjinaren kamarinera osteratxoa egiten nuen, ahalik eta gertuenetik ikusteko. Hainbeste zapi artean ageri zen apurra, amaren eta semearen musu eta eskutxoak ziren, eta politak ziren arren, nik harrizko ikusten nituen eta hala kantatu, norbaitzuen aprobazio handiagorik gabe, jakina, Andre Mari hura harrizko zela behin eta berriz errepikatuz: "Emen..., Ama Birjinaren oin arrizkoetan" (137. orrialdean); "Arriz egindako Andra Mari zaarra" (138. or.); "...Zure arri landu lakarrari" (143. or.); "Arrizkoa zara, irribarrezko arri triste eta otzezkoa" (162. or.); "...farre dagizun arri otzezko tristura" (162. or.). Gaur gezurra badirudi ere, batzuentzat eskandalosoa zen hori orduan. Nolanahi ere, nahikoa berria.

Nik ez diot, hainbeste irakurri eta hainbeste imitatu ondoren, inoren eraginik gabeko poemen egile naizenik, baina mordo bat badut neure barruaren eta gustuaren ariora egina. Uste dut, halakoxe bat, irakurtzera noakizuen "T'euria" hau izan litekeela:

... T'EURIA

T'ozkirri ta argia
itogin-zarata
saltari ta alaia,
klaustroko patio
barru ta gordean,
arra t'erdi luze
edo krabeliña
zuri bat jagia.
... T'euria.

Argi ta saltari
zarata beti lez,
betiko beti lez,
ta, alaia,
kanpoan baiño be
ariman ba-litza,
arra t'erdi luze
edo krabeliña
zuri bat jagia. ...
T'euria.

Kanpoan baiño
be ariman ba-litza
euria, beti lez;
ta itogin-zarata,
beti lez, alaia,
beti lez, barruan,
arra t'erdi luze
edo krabeliña
zuri bat jagia.
T'euria.

(Elorri, 79. or.)

Badira gehiago ere neure erara eginak, adibidez: "Ementxe dago arkaitza" (27. orrialdekoa); "Berbak begipuntetan" (33. or.); "Usain erle" (37. or.); "Bazoaz eta bazatoz" (40. or.); "Neguan besarkatu" (41. or.); "Zarpil" (47. or.); "Xirimiri txanka meia" (69. or.); "Kantuak airean" (94. or.); Poematxuok ba-doaz" (95. or.); "Unrrundik naiatortsu" (120. or.); "Egon. Geldi t'edegi egon" (169. or.); "Lur busti au pozik (179. or.); "Banitzan elorri" (184. or.); "Lurrezkoak gara" (185. or.); "Ardien ule-malutak (188. or.); "Koruko gerizpe" (206. or.); "Egutera, keiari" (220. or.); "Landa orlegian" (236. or.); "Gurari itxasoko" (260. or.); "Begian jaio zan" (263. or.); eta beste asko.

Herri-kantuen estiloari jarraituz eginak ere baditut: "Egun-sentiak ekarri ninduñ", 195 orrialdekoa, esate baterako. Nik ez dut uste korrientea denik, ez orduan ez orain, honelako testu bat: "Otzez minduko ditu laiñoak", 196 orrialdekoa, esaterako.

Otzez minduko ditu laiñoak
orri ta bedar maiteak.
Etorriko da, zezen zakarren
lepo ta putzez, iparrik.
Ardiak arkaitz-zulora, musin,
aldeko dabe larretik.

Egun illunak izango dira,
busti ta tristez, luzeak.
Josiko jakez dabillanaren
oiñeri lokatz zatiak.
Sartuko dira, nire gorpua
datzan obian, ur loiak.

Ekaitzak gogor artuko ditu
zugaitzak eta leioak.
Ainbeste frutu jausiko dira,
gorrinduko da baratza
ta indiabak lez ustelduko da,
basatan, nire biotza.

Egon ta iraunez, beera bearrak,
bultza betiko aidurrez*,
zapalduko deust, nik ezin ala
eutsi, aldamen astuna.
Azurrak, banan, etsiko dabe
t'emon erraien utsuna.

Aurrerantzean autsa ta lurra
bat bera biziko gara.
Ez nauke ezagun sustraiak ta aren
janaldi-ondar naiteke...,
nigaz, belu* ta noizbait, oroitu
daiten artean Berpizte.

(Elorri, 196-197. or.)

Hau biziki esperimentatutako nekazal figuraz egina da dena.
Bada umetan sartu-sartu egin zitzaizkidan oroitzapenen eraginez ondutakorik ere: "Olak, ol barriak", 202. orrialdekoa, bat aipatzekotan. Bada haurtzaroko bizikizun materialik, hitzen transposizio hutsez arimako egoerak aiderazteko erabilirik. Irakurriko dudan poematxoan arima neu naiz, bakarrik eta ilunsentiko sukalde itzaltsuan. Pentsa dezakezuenez, Mendatako gure Orbelaun-en argi-indarrik ez zegoen. Ama etxeratzen zenean, amak pizten zuen karburoa. Umeok erdi-ilunpetan egoten ginen hura etorri arte:

Arima,
bakarrik,
soiñaren barnean.

Illunabarra da.

Ta ez dago argirik
nire biotzean.

(Elorri, 191. or.)

Honenbestez, badela aski deritzot, Elorri-ri buruzkorik. Hurrengoetan, baina, ez dut hainbeste xehetuko poesi modu konkretuei buruz.


Hiru gizon bakarka

Elorri, eutsi ezinezko idatz-gura baten, idazten ikasigura baten, bizikizunei, oroitzapenei, nahikeriei, irudipenei, liluramenei eta ezinari berari hitzezko adierazpen egoki eta eder bat emateko eragin etengabe eta sendo eta ia nahitaezkoen ondorio bada, sekula gehiago ez idazteko erabaki, Oteitzak hautsi baten emaitza dut Hiru gizon bakarka. Elorri zahar jaio zela aditzera eman zidanik bada. Bestalde, ikusten ari nintzen poesia berriak ez zuela nahi nolabaiteko goxapenean amaitzen edo burutzen zen hitz-joko eta hitz-jolas polit gehiago gabekorik. Guri eredutzat eman zizkiguten modelu haiek, guk ederresten ikasi genuen hura, guk poesia bezala generabilen hura, denbora galtzeko ez ezik, jostailu kaltegarria eta ebasio-bide hutsa zela botatzen hasi zitzaizkigun gizateriaren egoera injustiziazkoaz, sufrimenduzkoaz eta esperantza gabekoaz konturatu eta kanturatu ziren kontzientzia berriko poetek: Gabriel Celayak, Bladi Oterok, Otsalar-ek, Joxe Azurmendik eta Gabriel Arestik.

Nik publikorako gehiago ezer ez idaztea erabaki nuen, gizateriaren egoera zenbateraino injustiziazkoa zen ere ez nuen garbi ikusten eta neure begiekin. Guri geuk nozitzen genuena bera, geure itsutasunaren, sentikortasunaren eta errebeldiaren kastigu justu zela irakatsi eta irents erazi ziguten aginte zibilak eta aginte eklesialak, eta obeditzen ikasi genuen, sikeran bertuteren baten jabe izan gintezen. Bitartean, izarrei egiten nien idazten nuenaren erre-oparia edo zakarrontziari egiten nion neure poematxoen eskaintza. Denbora igaro ahala ikusten hasia nengoen, kontzientzia berriko poetok aldarrikatzen zutena lehendik ere aldarrikaturik zegoela, non eta egunero eskuartean nerabilen Biblian. Zer kostatzen zaigun batzuetan begi-bistan daukaguna ikustea! Jende arruntarekin harremanetan jartzeak ere mesede handia egin zidan: nekazariari entzuten nion, ofizinistari, obreruari, irakaskuntzan ari ziren maisu-maistra lan-kontratu ziurrago gabekoei, auzoetako apaizei, arrantzaleei, hango eta besteko gazte kezkatuei, H.O.A.C., J.O.C. eta besteri; eta jendea eta biok joan ginen gizarteari ukatzen zitzaizkion eskubide batzuez jabetzen: gizarteak pairatzen zuen egoera hartan zer sufritzen zuen lanetik eta menpetasun hartan bizi behar zuenak, eta egoera hura luze zihoala eta ez zitzaiola azken-modurik ikusten eta esperantzaren itogarri zela. Eta Biblia egunean baino egunean argiago ikusten nuen. San Lukasek Nazareteko Mariaren ahoan jartzen duen Magnificat hura bera ez da poesia sozial makala!

Hontan, Oteitza agertu zitzaigun Arantzazun profeta aztertzaile aspergarri, Teologiako irakasleei euskaldunen eta Jainkoaren arteko erlazioaz galdezka, Moraleko irakasleei euskaldunen giza jokabideei buruzko balorapenaz galdezka, musikariei euren musikarekiko berezitasunaz galdezka, eta hola, sekula inork planteatu ez zituen euskaldun jendeari buruzko beste xelebrekeria asko galdetuz. Entzulegoak ez zion luzaro iraun. Han alde zion batak bestearen ondoren, halako errebeskerien ihesi. Orduan aurkitu nuen nik, bakarrik eta haserre. Ordurako elkar ezagutzen genuen Arantzazun egin zuen lehenengo egonaldi hartatik, eta idazten jarraitzen el nuen galdetu zidan [II]. Ezetz. Beste eginkizun batzuk nituela, eguneko eskola-ordu asko, larunbat eta igande apaiz eginkizunetan ematen nituela, eta hola; eta ezetz, idatzi ez nuela idazten, inoiz edo behin paper-saskirako ez bazen. Hark ez zidan ez arrazoirik ez aitzakiarik entzun nahi: idatzi egin behar nuela! Nik ez nion konprenitzen zergatik eta zertarako idatzi behar nuen. Gainera, ni idazteari planto eginda nengoen, eta nik ezetz. Egunetakoa izan genuen tirabira. Gizona itzelean erakargarri zitzaidan, bestalde. Hura ez zen zoro hutsa eta astiunetan itzuli egiten nintzaion, ez nuen galdu nahi harekiko harremana, distira-iturri bat zen; ikuspegi liluragarriak zituen, hura bazen zerbait berria eta biziki interesgarria zekarkigun eskaiolaz mantxaturiko profeta bat ere.

Eta noizbait, amore eman nion: Baietz, idatziko nuela. Eta han hasi nintzaion paperak eramaten euskaraz eta gazteleraz. Agintzen zidanean, irakurri egiten nion, erdaraz behin, euskaraz sarritan, hala nahi zuelako. Oharrak entzun eta jaso egiten nizkion eta paperak han utzi, haren lantegiko bazter baten. Zer idatzia barruan aurkitzen nuen eta kanpoan usmatzen. Sarasketa gartzelaratu zuteneko, Eibarko lehen manifestazioen, Txabi Etxebarrietaren eta garaia zen. Errejimenaren aurkako pitzadura guztiez behar zen baliatu, eta pitzadura haietan ziriak behar ziren sartu, garraiatu ahal zirenak, bertsoak ere bai. Esan gabe doa, nik ez nuela artean liburu berririk idazteko asmorik. Zetorkidana paperean jarri eta Oteitzari. Idazkerak ez zemaidan inondiko lanik. Jabetuta nengoen ordurako, garai hartako poemetan esankizuna zela behinago esateko modua baino, eta aurrera, batean bertsolari gisara, bestean Bibliako profeten iharduerari jarraituz, gaiari zegokion jazkera taxutuz bestetan, paper asko pilatu zen Oteitzaren tailerrean.

Gero argitara behar omen zirela hark, eta orduan Zabaleta anaiengana [III] jo nuen laguntza eske. Oteitzak berak adierazi zidan pastoral txikien moduan era nintzakeela zenbait poema, eta antzezpen gisako bi osatu nituen Pello Zabaletaren laguntzaz. Mikel Lasa ere ezagun nuen eta hari utzi nizkion paperak, eta hark bahetu eta zatikatu zizkidan, baita hitzaurre androso batez apaindu ere.

Nik neure moduko poesia soziala egin nuen, neure sustraietara itzuliz, erditu ninduen jende-jenero apal, baztertu eta bere herrian bertan guztiz kikildu, lotsati eta arbuiatua aurkitzen zenaren izenean abotsa jasoz, ezagutu nuen estamentu euskaldun urritik urriagora zihoanaren itolarria aldarrikatuz. Euskal Herri bereko jende askok beste zenbait injustizia ikusten zuen, heste zenbait giza eskubide zapalduri zerion lantua entzuten zuen, baina ez zuen ikusten, baina ez zuen entzuten Euskal Herri bereko zenbait bere hizkuntza beragatik gizarte-zerbitzurako zentru guztietan jasan behar zuen destaina eta desanparo isila, beti isila. Eta hau adibide bat besterik ez da. Beste askotariko pobretasun-modu askoren artean, badu beste pobretasun berezi bat euskaldunak; gutxi eta ahul izatearena, ezen asko eta sendo bagina, beste era bateko begiramenduz tratatuko gintuzkete bai euskaldunok eta bai euskara. Euskaldun sentitzen naizen aldetik egin nuen nik neure moduko poesia soziala beraz. Espresaeran edo formalki, poesia sozialaren modu libre eta apur bat traketsean idatzia dago.

Hitz gutxitan, poema horietan adierazi dudan Euskal Herriaren nire ideia azpimarratuko nuke. Nola sentitzen dudan nik zer den nire Euskal Herria. Eta arazoa beti ere luzeagoa dela kontutan izanik, hauxe aipatuko dut orain:

1. Baskongadas deritzan eremuaren barruan, gure aita zenak esaten zuen moduan, jende baju talde batek osatzen du Euskal Herria:

Euskalerria Herri da.
Herri nahi eta ezina.
Nahi eta ezin honek ematen dio bizitza Euskalerriari.
Herri asekabea, mikatza.
Izan nahi larri honi barik ez dago Euskalerririk.
Suzko arima ase ezin garratza du Euskalerriak.

Txakolina ardo da. (Euskalerria Herri da) (2)
Mikatza da.
Ardo nahi ta ezina.
Nahi ta ezin hau du bere tasun bereziena. Heldueza.
Ardo asmotako ardo ezina.

Euskalerriaren mikaztasunak arima erretzen du,
txakolinak bere mikaztasunaz ahoa erretzen duen
bezala. Ardo pobrea da, ardo nahi lukeena, baina
beste ardoen artean ardo ez dena, baina ardo dena
halaz ere. Euskalerria Herri da Baskongadas ba-
rruan, arima delako, kontzientzia delako, samin
delako. Euskalerriak ez du bozkariorik ematen:
kixkali egiten du. Izan nahiak ematen dio izatea.

(Hiru gizon bakarka, 18. or.) (2)

2. Euskal Herria ez dira ezta ere baju guztiak, baizik eta heldu-nahia minez sentitzen dutenak:

ez da pobreen
dolareko ardo
eta ez aberatsen;
baizik heltzera heldu
ez den herri baten
heldu-egarria
minez nabaitzen duten
herritar egarrien
doloreko

(Hiru gizon bakarka, 41. or.)

Hemen jokoa, dolare / dolore da.

Elorri ez zen izan liburu bat egitea: poematxoak elkarren ondoan segidan jarrita daude 8 ataletan, elkarren arteko korapillo nabariago gabe. Hiru gizon bakarka, nahiz eta ez liburu bezala kontzebitua egon, kondizioek berek batasun batekin sorrezari dute: kondizio horiek, Oteitzarekiko harreman hori ta momentu hartan Euskal Herria bizitzen ari zen bizitza-eztanda espresatu nahia da, besteak beste.


Uda batez Madrilen

Madrilera joan, ez nintzen Madrilegatik joan, an iragarrita zegoen 1974. udaldiko Teologi ikastaro bategatik baino. Baina Madrilen geratu, ez nintzen udaldiko Teologi ikastaroagatik geratu, Madrile beragatik baino. Ni Teologia berri baten bila joan nintzen Madrilera, ikuspegi berrien bila, adiera berrien bila. Baina programak huts egin zidan. Orduan, zereginik ez, eta ingurura begira jarri nintzen. Egotez, egonda nengoen Madrilen, bi aldiz ere, baina beti eginkizunen bati lotuta, eta, ikusi-ikusi, Madrile ikusi gabe nengoen. Madrili begira jarri nintzen, beraz; eta gauza oso serioa zela ikusi nuen Madrile. Erronka dialektiko bat bezala azaldu zitzaidan. Han zegoen, han zen eta han aurkitu ginen, ni neure mentalitate erruralaz eta bera bere taxutura urbanoz eta industrializatuz. Hiriaren hizkuntza lineal eta geometrikoa guztiz interesgarria zitzaidan, guztiz interesgarria gizonaren gaineko haren indarra eta presioa. David txiki aurkitu nintzen hiri erraldoiaren aurrean. Haren hizkuntza desafiozkoa eta erdainuzkoa nuen, haren tamaina eskerga, itzelezkoa. "Hauxe menderatu behar diat" esan nuen.

Berehala konturatu nintzen ordurarte erabilitako hizkerak ez zidala burrukarako balio, beste forma poetiko batzuk lantzera behartzen ninduen hark. Ez dago forma beretsuetan espresatzerik Arantzazuko lanbroa eta Madrileko trafikoa. Arras diferenteak dira eragin eta zentzu espazialak, arras diferenteak mintzagaiak. Espresabide berri baten beharrean aurkitu nintzen, hango errealitatea harrapatu eta menderatuko banuen. Ezin nion eraso espresionismo sozial batez, testigantza eta jarrera moral batez, protesta hautsi eta gogor batez, Goliat gerrari trebearen kontrako hartan Saul erregeak David artzainari jantzi nahi izan zizkion arma eta armadura sofistikatuez. Nik mundu arrunteko harrikoxkor biribilez eraso nion, egunero erabiltzen ditugun gauzaz: kaleetako anuntzioz, arkitekturaz, espaloiz, metroz, eskailera automatikoz, periodikoz, eskabadoraz, gruaz, palaz, gizon anonimoz, jendez, hiriko konplexutasunez.

Liburua espreski konstruitua da. Elementu asko dago, sentimendua utzi eta deskribapen hutsaren bidez eraikia. Sentimenduak ez dira ezkutatzen, baina Elorri-n deskribatzen diren natur fenomenoak sentimenduen zerbitzuan dauden bitartean, Madrileko deskribapenak ez daude ezeren zerbitzuan. Hiru gizon bakarka-ko forma popularretik forma landuetara buelta ageri da, hemen, forma artifiziosoetara.

Hau, poesia baino, erreportari pobre baten saioa da. Neure Madrilen argazkitxoa, esan bezala, beti hizkuntzarekin borrokan egina. Bi adibide aipatuko dut, edo nahi baduzue bat bi eratan. Da, [sic] nola esan mugimendua: 1) jende arteko mugimendu fluidoa, eta 2) kaleen eta hormen arteko zurruna. Lehenengo adibidea irakurriko dizuet:

Aurrez aurre dator
—koadru marroidun jaka—,
eskuinetik igaro natzaio,
—alkandora horia ta korbata nabarra—,
Eskuinetik igaro zait
—jertse krema argia, fraka grisaskak,
pauso azkarra—,
aurreko gizataldea barna
galdu du bizkarra.
Edotariko aurpegi, janzkera,
tamaina ta adinekoen erdiz igaroz noa;
zenbaitek pasatu egiten nau,
nik ere pasatzen ditut batzu,
beti ere pasatzen nau bat edo bestek,
nik ere pasatzen dut inor.
Trikitx egin* duguneko galdu zait,
aurrea hartu didana ere galdu zait
—jaseko* soin eta berna—;
askotariko aurpegi, janzkera,
tamaina ta adinekoen tartean galdu zait;
zenbaitek pasatu egiten nau,
nik ere pasatzen ditut batzu,
beti ere pasatzen nau bat edo batek.
Eskuinetik igaro natzaio
—butano koloreko nikia, gerriko beltza
eta fraka lilak—,
eskuinetik igaro zait
—bakeruak eta ile luzea solte—.
Edotariko aurpegi, janzkera,
tamaina ta adinekoen erdiz aurrera,
aurrez aurre datorren askotariko jende tartez;
zenbaitek pasatu egiten nau,
nik ere pasatzen ditut batzu,
beti ere pasatzen nau bat edo batek,
nik ere pasatzen dut inor
—pieza bateko gona beltza gorputz lodi baldarrean—;
beti ere aurrez aurre datorren
askotariko aurpegi, janzkera
tamaina ta adinekoen erdiz aurrera ta aurrera,
batabestea pasatuz,
askotariko jende tartez,
Lagranbiaz, Alkalaz, arratsaldeko lana
utzi osteko ordu lasai eta koloretsuz.

(Uda batez Madrilen, 82-83. or.)

Banoa kalez eta mugimendua bere erritmoan eta pertsonak nahi ditut, hitz soilaren medioz, pintzel edo zizel ordez, pintatu. Nere inpresioak pintatu, hau da, kaptazio-momentua inmediatuki espresatu, elaborazioa baino lehen, diseinu bat egin, murritz, behin-behineko borradore bat, xehetasunetan geratu gabe. Dibujoa soil-soil emango duten hitzak marraztu.

Orain, ez jende artean, kalez kale noa:

Begiak zabalik begiratzen dut kalea.
Etxe ertz zurrunak argia ebakiz bakoitzak
alboko ormari;
ormak aurpegi kolore askotarikoz
argiaren bila.
(Ez dute gizamosu bat ere leihoek ageri)
Begiak zabalik
begiratzen dut.
Ormen burruka ormaz orma doa,
zeinek zein azpitan hartu,
zeinek zeini ihesi
kale luzea zehar,
elkarren ondoren ezpata bertikalez
nahiz horizontalez.
Begiak zabalik begiratzen dut orain Iberia
dioen anuntzio tzarra
etxediz [sic] gorako dorre koadratu baten
goreneko puntan
dirdari.

(Uda batez Madrilen, 28 or.)

Denbora galdu alde eta Gabon dut anuntzio

Hau literatura bada, liburu hauek zein literatur jenerotan sartu asmatzea kostako zaio kritikoari. Literatura baino, beste militantzia batzuk ere badauzkagu. Horrela sortu dira Denbora galdu alde (1985) eta Gabon dut anuntzio (1986). Liburuok seguruenik ez dira literarioak, ez dira behintzat literatura egiteko asmotan eginak.

Denbora galdu alde psikiatraren agindu baten ondorioa da. Denbora galtzen ikasi behar nuela preskribatu zidan, eta niretzat: denbora galtzeko modurik atseginena idaztea denez, ba, horrelaxe egina dut. Ez idaztera jarriz, baina denbora galduz, introspekzioz, bestela sekula esango ez nituen barneko gauzatxo eta ipuintxoak aitortu ditut hor.

Eta orain Gabon dut anuntzio. Gabon niretzat eta askorentzat, konnotazio oso tradizionalez eta hunkigarriz beterikoa da. Kristoren jaiotza Gabonez gertatu ote zenez ala ez ote zenez gaindi, ospatu, Gabonez ospatzen dugu haren jaiotza eta ez elizkizunen bidez bakarrik, baita familian ezagutu izan ditugun ohiturez eta aparteko giro samur eta beremoduko gozoz. Nik Gabon baserrian ezagutu nuen, baso arteko Orbelaun alde guztietatik urrun hartan. Gurean oso goiz hasten ziren Gabon prestakuntzak, bazterrik-bazterriko karakolak bildu, Gabon-sutarako haritz-mukurrak eta inguratu, eta hola. Sinesmenez, Gabonez jaio zela eta jaiotzen dela Kristo sinesten genuen, eta gurasoen Gabonetarako prestakuntzak ikusiz, oso gertuko bezala hartzen genuen Gabon.
Zenbait zuhaitzek, bere osasunean ebakitzen bada, aldaskak, puja berriak botatzen ditu; liburu bi hauetan horrelako zerbait nabaritzen da. Berrindartze bat, edo nahiago bada, Elorri eta Uda batez Madrilen ondoren, itzulika bat haurtzaro linguistikora, mitikora, haurtzaroko kontzientziara, memoriara. Formalki ere, batean zein bestean, askorariko moduak entseiatzen dira, baina badago bietan zerbait berdina: forma sinple, espontaneoak bilatzea. Herri-literaturan murgildu eta hor egin igeri. Gabon dut Anuntzio-n, batzutan herri-poesia nolabait kultua landu da (inoiz ez kultuegia), musikatzeko zen testu bat, Gabona fraide eta estudiante artean bizitzeko. Badira ikasleekin komentatzeko sorturiko asmaketak ere, Gabona girotu alde. Beste batzuk auzoan etxez etxe kantatzeko eginak dira eta atmosfera horrixe erantzuten diote. Beti ere lagunarteari eta festari gehiago begiratu zaio, literaturari baino.

Denbora galdu alde-n autoanalisia den lan konplexu, artifiziosoa, ahalik eta modu xinpleenera ekarri nahi izan da. Formetan nahaste-borraste bat dago. Apropos. Libertate bila. Baina hitzetan, esaeretan, zentzu komunaren jakindurian, berriro Orbelaunekiko lotura estua dago: etxeko ipuingiroa, aitaren erako "parekoak" (gure aitarentzat parekoa, bertsotako puntu irregular samar bat zen), inguruko esamoldeen erabilpena eta abar.
Eta bukatu dut.

Gaia 1: Idazlea
Azpi-gaia: Idazlea: poesia
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa